12,9 milioi euro fakturatu zituen Idekok 2024an

Inoizko kopururik handiena lortu du taldeak, %17ko hazkundearekin

Idekoren Batzar Orokorra | Argazkia: Ideko
Idekoren Batzar Orokorra | Argazkia: Ideko
2025eko maiatzaren 12a
Eg. 2025eko maiatzaren 12a

Ideko zentro teknologikoaren jarduera %17 handitu zen 2024. urtean, 12,9 milioi euroko fakturazioa izan baitzuen, inoiz lortu duen kopururik handiena. Sarrera guztien erdia baino gehiago, 7,3 milioi euro (%56), transferentzia teknologikoko proiektuetatik datorrela azaldu du enpresak, hau da, sektore estrategikoetan (aeronautika, energia, makina-erreminta…) soluzio aurreratuak garatuta; zifra hori %25 handitu da urtebetean. Gainerako sarrerak (%44) ikerketaren ondorio direla gaineratu dute, hots, “ikerketa-programa publikoek finantzatutako ekimenetan egindako lanaren emaitza”.

 

Horrez gain, 2024. urtean Idekok 34 artikulu indexatu argitaratu zituen aldizkari akademikoetan, 2023an baino %13 gehiago; patente aktiboen kopurua ere %7 handitu zuen, orotara 42 izanik. Plantillari dagokionez, %6ko hazkundea izan du taldeak, 141 enplegaturekin, eta, gainera, 36 doktore eta doktoretza egiten ari diren beste 11 pertsona ere baditu.

Idekok azaldu du urtean zehar 800.000 euroko inbertsioa egin duela I+G azpiegituretan eta ekipamenduan: robotika laborategiak hedatzen, instalazioak hornitzen, Renishaw Solutions Centre abiarazten… Konpainiak ITP Aerorekin abenduan egindako hitzarmena ere nabarmendu du, zeinaren bitartez datozen urteetan aeronautikaren sektorean “I+G bultzatuko” duten.

 

Gauzak horrela, Xabier Alzaga Idekoko presidentea baikor agertu zen emaitzekiko, “arrakastazko aldi” gisa definitu baitzuen urtea.

Datozen urteetarako 2025-2028 Plan Estrategikoa ere prestatu du Idekok, helburu izanda “fabrikazio aurreratuan erreferente gisa sendotzea”; horretarako, merkatu berrietara irekiko dira, eta “bazkide estrategikoekin batera” eragin “handiko” proiektuak bultzatuko dituzte.