Idekok 10,3 milioi euro fakturatu zituen iaz, 2021ean baino milioi erdi gehiago

Diru-sarreren %49 sektore pribatuarekin egindako kontratuen ondorioa da, eta %51 ikerketa jarduera propioena

Idekoren batzar orokorra | Argazkia: Ideko Idekoren batzar orokorra | Argazkia: Ideko

Fabrikazio aurreratuko teknologietan espezializatutako Ideko zentro teknologikoak 10,3 milioi euro fakturatu zituen 2022an, aurreko ekitaldian baino milioi erdi gehiago, 9,8 milioi irabazi baitzituen orduan. Iazko diru-sarrera guztien %49 sektore pribatuarekin egindako kontratuetatik dator, eta gainerako %51 ikerketa propioko jardueretatik.

Zentro teknologikoak joan den ostiralean onartu zituen aurreko ekitaldiko kontuak urteko batzar nagusian. Idekok, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kideak, 5,01 milioi euro (guztizkoaren %49) bideratu zituen enpresekin egindako I+G proiektuen bidez 2022an, batez ere makina-erremintaren, aeronautikaren, trenbidearen, automobilgintzaren eta gasaren sektoretik.

Gainerako 5,3 milioi euroak (guztizkoaren %51) ikerketa propioko jardueren bidez lortuak izan direla azaldu du zentroak. Ikerketa propioko proiektu horiei lotuta, zentro teknologikoaren diru-sarrera globalen %27 Eusko Jaurlaritzak bultzatutako programen ondorio izan ziren, %19 Europako hainbat erakundek sustatutako ekimenen ondorio, %5 Espainiako Administrazio Orokorrak finantzatutako proiektuen ondorio eta, azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren %1.

Xabier Alzaga Ideko zentroko presidenteak balioa eman die 2022an zentro teknologikoak izandako emaitzei: "Baliabideen krisiak eragindako egoera konplexua izan arren, Kudeaketa Planean ezarritako gure helburuak lortzea eta 2021eko fakturazioa gainditzea lortu ditugu", eta hori ez zela posible izango ziurtatu du, "zentroa osatzen duten pertsona guztien ahaleginik, konpromisorik eta erresilientziarik gabe”.

Iaz zentro teknologikoak dibulgazio-jarduerari ere eutsi ziola azaldu du, guztira 33 argitalpen zientifiko indexatuta. Horietatik 19 Q1 izan ziren, argitalpenen bikaintasuna markatzen duen ziurtagiria. Patente kopuruari dagokionez, 2022an 39 patente aktibo izatera iritsi zen Ideko, eta horietatik 7 lortu ziren 2022an. Zehazki, horietako bi Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko (ZTBES) beste eragile batzuekin lankidetzan lortu ziren.

Giza kapitalari dagokionez, zentroak 131 profesionalez osatutako plantillarekin itxi zuen 2022a. Horietatik %29 doktoreak dira, eta, etorkizun hurbilean, zentroan doktore-tesia egiten ari diren zortzi langile gehituko zaizkio kopuru horri. Hala, erakundeko langileen kopuruak hazkunde txiki bat izan zuen 2021. urtearekin alderatuta, eta lau pertsona gehiago sartu ziren lantaldean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK