
Ampok teknologia maila altuko balbulak, sistemak nahiz galdaketa osagaiak eskaintzen dizkie energia sektoreko enpresei nagusiki. Idiazabalgo (Gipuzkoa) plantan abiatu zuen jarduna 1964an, eta egun beste hiru herrialdetan ditu ekoizpen-zentroak: Indian, Saudi Arabian eta Kazakhstan-en. Besteak beste, Repsol, BP, Chevron edota Shell bezalako enpresak eta euren energia instalakuntzak (plataformak, gas natural likidotze eta ber-gasifikazio plantak, gasa garraiatzeko barkuak...) diseinatu eta eraikitzen dituzten ingeniaritzak ditu bezero gisa. “Ingeniaritza edo EPC bezala ezagunak diren enpresa hauen adibide dira mundu mailan lan egiten duten Tecnicas Reunidas, Bechtel, Hyundai, Chiyoda, JGC... %95eko esportazio maila dugu, eta 60 herrialde baino gehiagotan presentzia”, azpimarratu du kooperatibaren Kontseilu Errektoreko presidente Iban Ferreirak.
Kooperatiba izaerak eta antolakuntza motak parte-hartzea, elkarlana eta erantzukizun partekatua sustatzen ditu. “Horrek egiten gaitu sendo, eta horri esker eta gure konpromisoan oinarrituta eraikitzen dugu nazioartean lehiakorra den enpresa proiektu kooperatibo bat. Pertsonengan oinarritutako ikuspegi horretan, euskarak ere toki estrategikoa du: gure hizkuntza ofiziala izateaz gain, komunitatea sortzeko eta kohesioa lantzeko tresna nagusietako bat baita”, dio Ane Bergaretxe komunikazio arduradun eta Euskara Motibazio taldeko kideak.
2018az geroztik, Spriren industrian euskara sustatzeko Indeus plataforman parte hartzen du Ampok. “Indeus egitasmoan parte hartzea aukera benetan interesgarria izan da Amporentzat. Euskara ez dugu ikusten soilik gure kulturaren adierazpide gisa, baizik eta berrikuntzarekin eta lehiakortasunarekin zuzenean lotutako balio gisa”, nabarmendu du Eider Dorronsoro giza baliabideen taldeko kide eta Euskara Motibazio taldeko kideak. Plataforma horri esker, sektore industrialeko eragileekin sarean lan egiteko aukera izan dute, eta elkarrekin hizkuntza-politika sendoagoak eraikitzen laguntzea dute helburu. Horretarako, hainbat lantalde sortu dituzte Indeus barruan, besteak beste, enpresetan erabiltzen diren tresna edo software digitalak identifikatu eta euskaraz egotea bultzatzen duen lantaldea edota, euskararen kudeaketa aztertzen duena.
Ane Bergaretxe: "Pertsonengan oinarritutako ikuspegi horretan, euskarak ere toki estrategikoa du: gure hizkuntza ofiziala izateaz gain, komunitatea sortzeko eta kohesioa lantzeko tresna nagusietako bat baita”
“Euskara gure egunerokoan erabat txertatuta dago, barne komunikazioko hizkuntza nagusi izanik, eta hori ez da oztopo izan hazkunde globalerako. Euskara gure kooperatibaren identitatearen adierazle da, eta horrek kohesioa, konfiantza eta komunitate-sentimendua sendotzen ditu. Gainera, euskararen aldeko apustuak erakusten du enpresa batek kultura propioari leial izanik ere, munduari begira jardun dezakeela”, azpimarratu du Dorronsorok. Euskara motibazio talde bat dute, hainbat sailetako kideekin osatua, eta alor exekutiboan ere txertatuta dago hizkuntza-gaiaren jarraipena, barne komunikazio taldearen bidez.
Euskara motibazio talde horrek xede zehatz batzuk ditu: euskarak Ampon duen presentziaz jabetzea, hobekuntza proposamenak landuz eta euskararen erabilera indartzeko helburuarekin. Horrez gain, ahozko zein idatzizko erabilera indartzen laguntzen du. Orobat, euskara alorreko ekitaldien antolakuntza eta dinamizazioa sustatzen du (Euskararen Eguna, Korrika, Euskaraldia...).
Egunerokoan, euskararen erabilera orokortua dago Amporen hainbat esparrutan, eta horren adierazgarri da barne komunikazioan, esaterako, euskara nagusi izatea. Idatzi ofizial guztiak beti egin ohi dituzte elebitan, euskara lehen posizioan egonik. Batzar orokorretan, eduki ia guztiak (finantza gaiak, barne) euskaraz aurkezten dituzte, eta aldibereko itzulpena jartzen dute euskaraz ez dakitenentzat erabilgarri. Esaterako, aurtengo maiatzeko batzarra euskara hutsean izan zen. Hileroko batzordeen bilera nagusiak (Zuzendaritza batzordea – Kontseilu Errektoreko bilerak – Kontseilu Sozialeko bilerak) euskaraz egiten ditu Goierriko konpainiak, baita bertako aktak ere. Asteroko bilerak ere (planifikazio bilerak, esaterako) euskaraz egiten dituzte. Intranetari dagokionez, eduki estatikoak euskara hutsean dituzte eta notiziak elebitan. Jakintzazu astekarian, bestalde, euskara nagusi izaten da, %85 inguruan. Azkenik, eduki estatikoak euskara hutsean izaten dituzte pantailetan (indikatzaileak,…) eta notiziak elebietan, euskara lehen posizioan jartzen dute beti.

Etorkizunari begira, Ampok hainbat proiektu ditu bai enpresa talde-kooperatibo gisa bai euskara gehiago sustatzeko kooperatibaren funtzionamenduan. “2025-2027 Plan Estrategikoaren baitan, gure helburu nagusiak dira: GNLa (Gas Natural Likidotua) eta fintzea bezalako sektoreetan lidergoa sendotzea, meatzaritza eta upstream sektoreetan hazkundea bultzatzea eta trantsizio energetikorako soluzio berrien garapenean aurrera egitea. Era berean, Ampo Service negozioaren indartzea ere badugu helburu, mundu zabalean ditugun bezeroen beharrei berehalako erantzuna ematea bermatuz, ad-hoc zerbitzuak eskainiz, hala nola; mantentze prediktiboa eta prebentiboa, martxan jartzeko zerbitzuak, aholkularitza teknikoa eta formakuntza, etab”, dio Ferreirak.
Euskara alorrari dagokionez, hiztegi teknikoa eguneratu nahi dute, egunerokoan erabilitako hitzak euskalduntzeko helburuarekin. Halaber, buletin berri bat argitaratzen hasi nahi dute, euskara arloko ekimen eta hausnarketak partekatzeko helburuarekin. “Ingudearen (Goierriko lantegien euskara batzordea) parte garen heinean, azaroan III. Topaketa antolatuko dugu. Bertan hitzaldi ezberdinen bidez, euskara alorreko praktika onak aurkeztu ohi dira. Gainera, Indeus sarean parte hartzen jarraituko dugu, euskararen erabilera indartzeko elkarlan estrategikoan”, gehitu du Dorronsorok.