• ENPRESAK GAUR
  • Idoia Mendia prest agertu da kooperatibek Lanbiden nola parte hartu aztertzeko

Idoia Mendia prest agertu da kooperatibek Lanbiden nola parte hartu aztertzeko

Konfekoop, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak Euskal Enplegu Zerbitzuaren Legerako aurreproiektuaren izapidea aprobetxatu nahi du Lanbideren kontseiluan sartzeko

Idoia Mendia gaur egindako elkarrizketan. Argazkia: Bizkaia Irratia
Idoia Mendia gaur egindako elkarrizketan. Argazkia: Bizkaia Irratia
2022ko maiatzaren 25a - 13:38
Eg. 2024ko otsailaren 21a - 11:41

 

 

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta lan eta enplegu sailburuak Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa (Konfekoop) Lanbideren kontseilu berrian sartzeko aukera eztabaidatzeko prest agertu da.  Konfekoopeko aspaldiko aldarrikapena bada ere, Mendiak lege ñabardurak argudiatu ditu. Sailburuak esan du "ez dela alde edo kontra egotea, baizik eta legea betetzea".

Bizkaia Irratian izan da gaur goizean Mendia eta bertan nabarmendu du kooperatibak "oso ardatz garrantzitsua" direla Eusko Jaurlaritzarentzat, eta "inoiz baino gehiago" hartzen dituztela kontuan kooperatiben proiektuak, kezkak eta proposamenak. Hala, Konfekoopek Lanbideren kontseiluan sartzeko duen helburuaren aurrean Euskal Enplegu Zerbitzuaren lege-aurreproiektuaren tramitazioaz baliatuta, adierazi du "beraiek badakitela Lanbideren kontseilua hirutariko sisteman oinarrituta dagoela eta printzipio hori bete behar dela".

"Eztabaidatuko dugu. Legea martxan dago, lehenik eta behin Gobernuaren barruan. Alegazioak egingo dira eta eragile sozial eta ekonomikoekin lan egingo dugu, eta gero Legebiltzarrera joango da, eta han ere eztabaidatuko dugu. Oraindik bide luzea dugu egiteko eta eztabaida izango dugu, baina dena legearen barruan izan beharko da" adierazi du. Une honetan Lanbideren administrazio kontseiluan enpresen bost ordezkarik hartzen dute parte eta bostak Confebasken esku daude. 

Gaur burutu du Konfekoopek bere Ohiko Batzar Nagusia Gasteizen eta Idoia Mendiak parte hartu izan du irekiera jardunaldian.

 

Dirusarreren Bermeko Errenta eta elkarrizketa soziala

Diru-sarreren Bermerako Errentaz (RGI) galdetuta lege berria adosteko adostasun zabala lortu nahi du Mendiak. "RGIaren legea ez da beste lege bat, oso lege berezia da Jaurlaritzarentzat" gaineratu. Zentzu horretan, Jaurlaritzak EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen aldetik Lege Proiektuari buruz negoziatzeko borondatea antzeman duela gaineratu du eta horri ekingo dio.

Elkarrizketa sozialagatik ere galdetu diote Idoia Mendiari. Bere sailak defendatzen duen elkarrizketa soziala eta negoziazio kolektiboa "tresnarik onena" direla nabarmendu du enpresetan "oreka" lortzeko, bai soldatei dagokienez, bai enpresaren lehiakortasunari dagokionez. ELA eta LAB sindikatuek Elkarrizketa Sozialerako Mahaian duten parte-hartzeaz galdetuta, Mendiak esan du "atea irekita" dutela, baina organoaren araudiak "ez duela Eusko Jaurlaritzak ezartzen, Lanaren Nazioarteko Erakundeak baizik". "Araudia errespetatu behar da, eta haiek ez daude ados. Guk haien jarrera errespetatzen dugu, baina uste dut LABek Osalanen eta Lanbideren kontseiluetara itzultzea erabakitzen badu aurrerapauso garrantzitsua dela, halakorik gertatzen bada behintzat ", azaldu du.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain