Idurre Albizu: "Garaia edozein enpresari zabalik dago, izan kooperatiba edo ez"

Partzelen okupazioari bultzada ematen jarraitu nahi du parke teknologikoko Negozio garapen eta komunikazio zuzendariak

Idurre Albizu | Argazkia: Raul Bogajo/Foku Idurre Albizu | Argazkia: Raul Bogajo/Foku

%91eko okupazioa dute egun Garaia Parke Teknologikoko bi eraikin nagusiek. Arrasaten (Gipuzkoan) kokatua, 70 enpresa dira bertan, eta 360 pertsonek egiten dute lan bertan. Den-denaren koordinazioan lau pertsonako lan-taldea dago, tartean Idurre Albizu Negozio garapen eta Komunikazio arduraduna. Aurten bukatuko da lau urteko plan estrategikoaren inplementazioa, eta dagoeneko hasi dira lehen pausoak ematen hurrengora begira.

Nola deskribatuko zenuke Garaia parke teknologikoaren egitekoa?

Komunitatearen hazkundearen eta enpresek egiten dutenaren lekuko gara. Horrek harrotasun puntua ematen digu. Haien isla ere bagara. Enpresak dinamiko badira, parkea ere dinamikoa izango da. Eta bidelagun ere bagara: edonor, edozein beharrekin badator, guk bideratuko dugu mankomunitatera, udaletxera, beste udalerri batera, Aldundira, Jaurlaritzara... 

Zein unetan dago?

Hazkundean. Berez 2000. urtean sortu bazuten ere, 2007an hasi zen berez parke teknologikoko eraikin nagusien —eraikin beltzen— funtzionamendua, eta 2007tik 2014ra bitartean lehenengo urratsak eman ziren. 2014tik hona garapen handia izan da hemen barruan. Eraikin beltz hau joan da betetzen, gaur egun %91ko okupazioa lortu arte. Lortu dugu gure helburua? Ez. Orain gure fokua partzeletan jarrita dago batik bat. Hor gure okupazioa %23koa da. Eta gainera, 2007-2014 urte horietan eraikin ziren parkeko gainontzeko sei eraikinak. Ordutik gaurdaino ez dira gehiago egin.

"Komunitatearen hazkundearen eta enpresek egiten dutenaren lekuko gara. Horrek harrotasun puntua ematen digu. Haien isla ere bagara. Enpresak dinamiko badira, parkea ere dinamikoa izango da. Eta bidelagun ere bagara"

Nola ari zarete ematen bultzada hori?

Batetik, Debagoienan dauden enpresekin ezarrita dugu hartu-eman sistematikoa. Euren helburu eta erronkak ezagutzen ditugu etorkizunera begira, eta harremanak egiten duena da guregana ere jotzea ikusteko zein baliabide dauden hazkunderako. Noizbehinka, etortzen dira enpresak guregana egoitza berria behar dutelako, negozio berria martxan jarri nahi dutelako, edo dena delakoagatik. Kasu horietan informazioa ematen diegu.

Bestetik, promozioa egiten dugu partzela horien eskaintzaren berri emateko, besteak beste gure bazkideen bitartez. Pentsa gure aukeretatik portzentaje handia dagoela garatzeko, baina ez dira espazio oso handiak. Gutxi batekin, espazio guztia beteko genuke. Oso ondo aukeratu behar dugu zein ekintza nahi ditugun hor kokatu izan daitezen ekintza egonkorrak, etorkizunera begira teknologiarekin bat egiten dutenak, eta lanpostu egonkor eta duinak eskaintzen dituztenak. Eta jasangarriak gainera.

idurre albizu 2
Albizu, Garaiaren planoa azaltzen | Argazkia: Raul Bogajo/Foku

Ondoren, Euskal Herria txikia izanik, espazio aukera oso gutxi daude. Ondo kudeatu behar dira espazio aukera horiek erakarri nahi ditugun sektore edo enpresen arabera. Eta azken esparrua da partzela horiekiko higiezinen agentziek, eraikuntza-enpresek eta inbertsiogileek asko mugitzen dutela enpresentzat eraikin eta espazio berriak sortu, eta horiek merkaturatzea.

Ekitaldien antolaketa ere gakoa da zuentzat.

Urtean 360 ekitaldi egiten dira eta 12.600 pertsona igarotzen dira bertatik. Ez dira soilik Garaian dauden enpresak, kanpokoak ere. Eta ez naiz ari soilik Euskal Herrikoez. Azken batean konferentzia gelak, auditorioa, eta abar ditugu.

Horiez gain ekitaldi propioak ere antolatzen ditugu: komunitateak elkar ezagutzeko, inbertsioak bilatzeko, zientzia eta teknologia bokazioak sustatzeko, talentuaren kudeaketa lantzeko....

Nahasketak sortu al ditu dagoen tokian kokatuta izateak?

2019an azterketa bat egin genuen ikusteko nola atzematen gintuzten. Ohartu ginen oso zabalduta zegoela parkea eta bertako eraikinak zerbait pribatua zirela, Mondragon taldearenak. Jendea ez zen ausartzen eraikinera gerturatzera ere. Ez da hala. Hau edozein enpresari zabalik dago, izan kooperatiba edo ez. Are gehiago, egun dauden enpresen %51 ez dira kooperatibak. Garrantzitsua da hori ezagutzera ematea, bestela gure eraginkortasuna eta lan eremua mugatu egiten delako.

idurre albizu 3
Garaian 360 ekitaldi inguru egiten dira urtean, Albizuk dioenez | Argazkia: Raul Bogajo/Foku

Parke teknologikoa bera, ordea, bada kooperatiba.

Bai. Garaiap PT S. Coop da, jabetza publiko-pribatukoa: Mondragon taldea da honen jabe, batetik, eta bestetik Eusko Jaurlaritza —Sprilurren bitartez—, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Arrasateko udala.

Era berean, irabazi-asmorik gabeko entitatea gara, eta interes publikokoa. Gure helburua da Euskal Herri osorako, eta bereziki Debagoiena eskualderako onura eskaintzea, eta enpresak hazten laguntzea, berriak sor daitezen eta etorkizuneko enplegu eta soldata duinak industriaz harago bermatu daitezen.

"Parke teknologikoa kooperatiba izateak koherentzia ematen dio, kontuan izanda Arrasaten dagoela, Mondragon dagoela, eta abar. Hala ere, gure balioa ere bada inguru kooperatiboa bera eta horren bihotzean egotea, kooperatibismoaren balio eta lan egiteko moduekin"

Nola egiten ditu bere parke teknologikoak kooperatibismoari loturiko ezaugarri guztiak?

Parke teknologikoa kooperatiba izateak koherentzia ematen dio, kontuan izanda Arrasaten dagoela, Mondragon dagoela, eta abar. Hala ere, gure balioa ere bada inguru kooperatiboa bera eta horren bihotzean egotea, kooperatibismoaren balio eta lan egiteko moduekin. Pandemian asko nabarmendu zen, eta agian gero intentsitate gutxiagorekin hitz egin dugu horri buruz, eredu kooperatiboak erakutsi zuela egoera gogorretan behar duen erresilientzia eman ahal diola enpresari eta gizarteari guztiok batera aurrera joateko, inor atzera utzi gabe. 

Zein harreman duzue Euskadiko Parke Teknologiko sarearekin?

Publikoak ez garenez, ezin gara sarearen parte izan. Entitate independenteak gara, beraz. Sinatuta dugu, ordea, elkarlanerako hitzarmena. Horrek ahalbidetzen du, adibidez, mobiledesk delakoa. Alegia, edozein parketan dagoen enpresa batek beharko balu lan egiteko tokia beste parkeren baten, aurrez jakinarazita eta tokia badago, erabili dezake.

Hala ere, Euskadiko Parke Teknologikoak bezala, Espainiako eta Europako sareen bazkide bagara.

idurre albizu 4
"Nahi genuke batez ere proiektu berritzaileak izatea. Baina hartzen ditugu garapen une askotarikoetan daudenak" | Argazkia: Raul Bogajo/Foku

Zergatik den gako Debagoienan bertan parke teknologikoa egotea?

Debagoiena delako Gipuzkoako industria gunerik indartsuena. Eta EAE mailan izango da hirugarren industria espazio kontzentratuena. Era berean, Debagoiena dago Euskal Herriko erdigunean. Eta mundu osoko tendentziei erreparatuz, ez badugu ezer egiten, gure hiriburuak eta kostaldeko herriak are gehiago egingo dute eztanda  —jada topera baitaude—, ez dutelako gaitasunik gehiago jasotzeko. Oso lurralde txikia da. Debagoienak egiten duena da ehundu, Euskal Herri guztiaren artean oreka izan dadin.

Zein rol jokatzen du Garaiak Euskal Herriko berrikuntzan?

Beste parte bat da. Lehen esan dudan bezala, hemen dinamismoa badago, ez da Garaiari esker, enpresengatik baizik. Berrikuntza ere sortzen da berrikuntza enpresetan, zentro teknologikoetan, unibertsitatean... Garaia horren bidelagun eta lekuko da. Hemen unibertsitatea dugu, baita sei zentro teknologiko Mondragoni esker, eta ikerketa eta garapeneko hainbat unitate. Haiek egiten dute dena.

"Debagoiena dago Euskal Herriko erdigunean. Eta mundu osoko tendentziei erreparatuz, ez badugu ezer egiten, gure hiriburuak eta kostaldeko herriak are gehiago egingo dute eztanda"

Zein motatako proiektuak hartzen ditu parke teknologikoak?

Nahi genuke batez ere proiektu berritzaileak izatea. Baina hartzen ditugu nortasun juridiko guztietakoak, garapen une askotarikoetan daudenak... Eraikin horietan errazagoa da zerbitzuetako enpresak hartzea, bulegoetako azpiegiturak ditugulako. Baina partzeletan beste era askotako enpresak sartu ahalko lirateke neurrira eginiko espazioak eraiki daitezkeelako.

idurre albizu 5
Komunikazioa ezinbestekotzat jotzen du Albizuk | Argazkia: Raul Bogajo/Foku

Zure ibilbide profesionala komunikazio eta marketin esparruaren oso eskutik joan da orain arte. Zein rol du komunikazioak Garaia parke teknologikoaren garapenean?

Garaian zein beste edozein enpresatan da komunikazioa garrantzitsua. Aldiz, ez dakit topiko bat den edo ez, baina nik askotan entzun izan dut ez garela oso adituak komunikazioan geure kultura honetan. Kosta egiten zaigu ezagutzera ematea nor garen, zer egiten dugun eta zein onura eskaini ditzakegun. Komunikatzen ez badugu, argi dago ez garela existitzen. Eta ez da soilik gure interesen kontra doan zerbait; gure inguruan dauden eta gure zerbitzuez baliatu daitezken horiei ere kontra egin dakieke. Orduan, pentsatzen dut ezarriko dela, nahiz eta toki batzuetan ez dagoen barneratuta.

Garaian, zehazki, uste dut komunikazioa estrategikoa dela. Ezer esaten ez baduzu, jendeak bere irudia egiten du, handik eta hemendik entzundakoarekin. Lehen ere aipatu dut gure pertzepzioari buruzko azterketarena. Horri buelta emateko, adibidez, ekitaldi ugari egin ditugu ateak zabalduta, jendeak ikus dezan guztiontzat eginiko zerbait dela.

Aldaketa hori egitea, beraz, positiboa izan da Garaiarentzat.

Bai. Argi dago guretzat oso garrantzitsua dela Arrasate eta oro har Debagoienako gizartean, enpresari buruz ari bazara hitz egiten, Garaia ateratzea euren iruditegi horretan.

idurre albizu 6
Adimen artifiziala nola txertatu lanean ari dira, Albizuk azaldutakoaren arabera | Argazkia: Raul Bogajo/Foku

Nola aplikatzen ari zarete adimen artifiziala parke teknologiko gisa?

Askogatik aurreratzen digute enpresek horretan. Gu parke teknologiko bezala iristen gara soilik adimen artifizial generatibora, eta komunikaziorako erabiltzen dugu. Gure pertsona egitura oso txikia da, lau lagun baikara. Eta askotan zaila da momentuan dagoenarekin batera kudeatzeko ildo berriak zabaltzea. Egia da une honetan taldekideak egiten ari garela ikastaroak norbere ikuspegitik —finantzariotik, administraziotik...— nola erabili eta aplikatu dezakegun ikasteko etorkizun labur batera begira kudeaketan, administrazioan eta finantzarioan txertatu dezagun.

Norantz doa Garaia?

Hasieran esan bezala, hazkundea bultzatu nahi dugu. Eta Garaia, Arrasate, eta Debagoiena orokorrean bihurtzea Euskal Herrian ekintzailetzan eta garapen teknologiko eta berrikuntzan beste nodo bat, hiriburuetatik at dagoena, gizartearen hobekuntzan laguntzeko.

Eta ezagutza partekatzeko foro erreferentea ere izatea bilatzen dugu. Seguruenik geure papera loturik dago industria 4.0 horretara. Hor nahi dugu gure marka utzi ahal izatea. Eta ez bakarrik Euskal Herrian, nazioartean ere.

idurre albizu 7
Taldearen inplikazioa nabarmendu du Albizuk | Argazkia: Raul Bogajo/Foku

Plan estrategikoaren garapenean, zein puntutan zaudete?

Aurten amaituko da lau-urteko plan estrategikoa, eta hasi gara harrezkero hurrengo lau-urterako planaren lanketarekin.

Bete dira aurreko plan estrategikoan ezarritako helburuak?

Bete dira, bai. Batetik, gure marka eta ezagutza zabaldu dugu. Bestetik, lortu dugu harremanak indartzea eta egonkortzea inguruan ditugun eragile publiko eta pribatuekin —enpresak barne—. Azkenik, garatzea eta haztea ere lortu dugu. Beraz, hiru helburu estrategikoak lortu dira.

Eta orain lanketa dator.

Orain dator horiek guztiak hurrengo mailan batera eramatea. Norabide onean goaz, baina hau ez da bukatzen. Enpresa bat bezalakoa da horretan parke teknologiko bat: puntu batera iristen zarenean, hurrengora joan behar gara. Eta enpresak bezala izan behar gara gai askotariko egoeratara egokitzeko, erresilienteak, eta egiten dena desegiten ikasi ere. Badirudi beti gorantz joan behar zarela. Jakin behar duzu gorantz eta beherantz, olatuetan igeri egiten, eusten beti, eta prest izaten. Horretarako gaude talde txiki bat, baina energia eta ideia askorekin, inplikazio izugarriarekin. Eta egunerokoan enpresen gora-behera guztiak bizi dituzu. Beraiekin martxa horretan izateak ahalbidetzen du egunerokoa ez izatea berdina.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK