Gaur egun, Interneteko segurtasun digitalean gero eta garrantzia handiagoa dute gako kriptografikoek. Izan ere, orain dela gutxi arte ordenagailu konbentzionalek algoritmo matematiko “sinpleak” erabiltzen zituzten komunikazio digitalak babesteko. “Aplikazio gehienentzat aski seguruak diren arren, algoritmo horiek mugak dituzte segurtasuna kritikoa den inguruneetan”, azaldu dute Ikerlan zentrokoek.
Teknologia kuantikoen bidez, ordea, gako kriptografiko askoz ere seguruagoak lor daitezke, sistema kuantikoak gai direlako guztiz ausazkoak diren zenbaki erraldoiak sortzeko. Gako kriptografiko horiek erabiltzen dira, esaterako, banku-sistemetako telekomunikazio-sareetarako, industria-azpiegituretako segurtasunerako, eta oro har, datu kritikoak babesteko.
Testuinguru horretan, Bartzelonako Quside enpresa teknologikoa eta Ikerlan euskal zentro teknologikoa elkarlanean ari dira teknologia kuantikoa sistema kriptografiko aurreratuetan integratzeko. Hitzarmenari esker, Qusidek garatutako ausazkotasun kuantikoko moduluak sartu ahal izango dira. Modulu horiek benetan ausazkoak diren zenbakiak sortzeko gai dira fenomeno kuantikoen bidez, ohiko metodoekin lortutakoak baino gako kriptografiko sendoagoak sortzeko.
Teknologia hori Lamassun integratu da. Lamassu gako publikoko azpiegitura-plataforma bat da (PKI), LKS Next-ek garatua Ikerlanen laguntzarekin. Nortasun digitalak sortzen, kudeatzen eta egiaztatzen ditu, pertsonak, gailuak eta erakundeak modu seguruan komunikatu ahal izan daitezen. Ikerlanen arabera, helburua da laborategiko teknologia kuantikoa aplikazio errealetara eramatea eta gaur egungo zibersegurtasunaren funtsezko zutabeetako bat indartzea.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta