• ENPRESAK GAUR
  • IKERLAN zentro teknologikoa: berrikuntzan bikain, euskaran ere bai

IKERLAN zentro teknologikoa: berrikuntzan bikain, euskaran ere bai

Hogeita hamar urte baino gehiago daramatza Ikerlanek euskara eguneroko bizimoduan sustatzen, eta EAEko bigarren enpresa izan zen euskara plana egiten. Orain, urrezko Bikain ziurtagiria lortu du euskararekin duen konpromiso jarraituagatik

Ikerlaneko lantaldea, tartean Xabier Sagartzazu (ezkerretik hasita bigarrena), Urrezko Bikain ziurtagiria jasotzen | Argazkia: utzitakoa
Ikerlaneko lantaldea, tartean Xabier Sagartzazu (ezkerretik hasita bigarrena), Urrezko Bikain ziurtagiria jasotzen | Argazkia: utzitakoa
2026eko otsailaren 2a - 05:30

Ikerlan zentro teknologikoak urrezko Bikain ziurtagiria jaso du, Eusko Jaurlaritzak euskara modu aurreratuan integratzen duten erakundeei emandako bereizgarri nagusia. Jasotako ziurtagiria beste mugarri bat da kooperatibarentzat, 30 urte baino gehiago baitaramatza arlo profesionalean hizkuntzaren normalizazioa bultzatzen. Xabier Sagartzazu Ikerlaneko Energia eta Mekatronika Unitateko zuzendari eta Euskara Batzordeko kidearen esanetan, “30 urte baino gehiagoko ibilbide bati emandako aitortza da. Gure indarguneak kanpotik aitortzeko modua da, eta baita hurrengo euskara planari begira zein gauza hobetu behar ditugun jakiteko ere. Kanpora begira ere erreferentzia gisa jartzen gaitu”.

 

Sagartzazuk nabarmendu duenaren arabera, Ikerlanek agertutako konpromisoa izan da Urrezko Bikaina jasotzeko gako nagusia. 1994an lehen euskara plana abian jarri zutenetik —urrats hori ematen zuen EAEko bigarren enpresa izanik—, Ikerlanek lan egin du hizkuntza bere antolakuntza-kulturaren, ingurunearekiko harremanaren eta teknologia ulertzeko moduaren parte naturala izan dadin. Euskararen normalizazioa zentro teknologikoaren estrategiaren parte da, eta gaur egun 2022-2025 aldirako Euskararen Plan Estrategikoan ezarritako erronkak burutzen ari da.

Euskararen erabilera are gehiago indartzeko urratsak

Bikain ziurtagiri ofiziala, publikoa eta doakoa da, Eusko Jaurlaritzak ematen duena. Euskarak esparru sozioekonomikoan duen presentziaren, erabileraren eta kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatzen eta aitortzen du. 2012an aurkeztu zen lehen aldiz Ikerlan deialdira, eta orduan zilarrezko Bikain saria lortu zuen.

 

Xabier Sagartzazu: "Gure kontratazio berrien %40 Euskal Herritik kanpo datozen lagunak dira. Horrek baldintzatu egiten ditu zenbait erabilera-eremu. Guretzat erronka bat da"

Hala eta guztiz ere, Sagartzazuren aburuz, badago non hobetu, eta Urrezko Bikaina akuilu bat izan daiteke batez ere erabilera mailak indartzeko bidean. “Barne komunikazioa eta lan tresnak hobetu nahi ditugu: erabilera kontuak, nola ematen diren barne-komunikazioak, gure bezero eta hornitzaileekin ditugun harremanak, lan-tresnen hizkuntzak, etab. Gure indargune bat ezagutzarena da: langileon %75 euskaldunak dira eta, berriz, erabilera maila horren erdia da. Erabilera ohiturak aldatu beharrean gara". Gaur egun, 420 pertsonek osatzen dute taldea, eta Arrasaten, Donostialdean eta Bilbon ditu egoitzak Mondragon Korporazioko eta Basque Research and Technology Allianceko (BRTA) kooperatiba kide denak.

Ikerlan
Ikerlaneko euskara planak 30 urte bete ditu, eta hori ospatzeko hainbat ekitaldi egin zituen zentro teknologikoak, tartean argazkikoa| Argazkia: utzitakoa

Horrekin batera, talentu berriaren kontratazioak ere eragiten du. Sagartzazuk esandakoaren arabera, "gure kontratazio berrien %40 Euskal Herritik kanpo datozen lagunak dira. Horrek baldintzatu egiten ditu zenbait erabilera-eremu. Guretzat erronka bat da”. Aniztasun horrek, arduradunaren hitzetan, indartu egin du Ikerlanek erabilerarako eremu naturalak sortzeko, laneko ordutegian prestakuntza eskaintzeko eta egunerokotasunean euskararen presentzia bultzatzen duen IK Bizirik! bezalako barne-sareak aktibatzeko egin duen apustua. Gaur egun, zentro teknologikoko hogei bat profesional euskara ikasten ari dira A1 eta B1 mailetan.

Erregulazio berrien aktibazioa

Arrasaten kokatuta egotea eta Mondragon Korporazioko kide izatea lagungarri gertatu dakioke Ikerlani euskararen normalizazioan. Esaterako, egun Korporazioko 57 kooperatibek euskara plana dute eta 34k Bikain Ziurtagiria jaso dute. Sagartzazuren iritziz, testuinguru horretatik kanpoko enpresetan euskararen normalizazio-maila sendotu dadin urrats ausartagoak eman behar dira. “Maila pertsonalean esango nuke hurrengo estadio batean jarri nahi baldin gara, beste tresna batzuk aktibatu behar direla. Jasangarritasunarekin edo genero ikuspuntuarekin dauden erregulazioei esker, enpresek urratsak eman dituzte. Euskararekin ere horrelako tresnak aktibatu beharko genituzke”, adierazi du Sagartzazuk. Haren iritziz, euskararen aldeko zenbait neurri aktibatu nahi badira ezin da bakarrik borondatezko hautuen menpe egon. “Administrazio askok pauso handiak eman dituzte, baina oraindik koska batzuk geratzen dira. Bai enpresa pribatuan zein administrazioan urratsak dauzkagu emateko. Enpresa pribatuan koska hori handiagoa da”, zehaztu du.

Xabier Sagartzazu: “Administrazio askok pauso handiak eman dituzte, baina oraindik koskak batzuk geratzen dira. Bai enpresa pribatuan zein administrazioan urratsak dauzkagu emateko. Enpresa pribatuan koska hori handiagoa da”

Bitartean, Ikerlan hurrengo euskara plana definitzen ari da. Kooperatiba beti saiatzen da hobetzekoak identifikatzen, hortaz ez dute geratu nahi eskuratu berri duten ziurtagiriaren sari-eztiak dastatzen soilik. Aipatu barne-erabilpenaren hobekuntzaz gain, eredugarritasuna bultzatu nahi dute organoen konpromisoaren bitartez, maila pertsonalean, zein enpresa gisa. “Behar-beharrezkoa daukagu gaur egungo mundu digitalean norberak aukera duen guztietan teknologiaren tresneria euskaraz erabiltzen hasteko bere osotasunean: programak, ofimatika, mugikorrak... Horrez gain, euskara gehiago txertatzeko erronka dugu proiektuak idatzi, eratu eta gauzatzean. Hainbat administrazio gure bezero garrantzitsuak dira, bultzada bat eman beharko genioke horri”, azpimarratu du Sagartzazuk.