Ikerlanek 28 milioi euroko diru sarrerak izan zituen iaz, inoizko handienak

Arrasateko zentro teknologikoaren arabera, enpresei egindako fakturazioa 11,2 puntu hazi zuen

Ion Etxeberria Ikerlaneko zuzendaria | Argazkia: EnpresaBIDEA Ion Etxeberria Ikerlaneko zuzendaria | Argazkia: EnpresaBIDEA

Arrasateko Ikerlan zentro teknologikoak inoizko emaitzik onenarekin amaitu zuen joan den ekitaldia, 28 milioi euroko diru sarrerak izan baitzituen, aurreko urtean baino %12 gehiago. Ezagutzak enpresara transferitzeko jardueraren bilakaera ona azpimarratu du zentroak, enpresei egindako fakturazioa 13,8 milioi eurokoa izan baitzen, 2021ean baino %11,2 handiagoa.

Gipuzkoako zentro teknologikoak Arrasaten egin du batzar nagusia, eta bertan aurkeztu ditu iazko ekitaldiko daturik esanguratsuenak. 2022an, 4 milioi euro bideratu zituen ekipamendu eta azpiegituretan inbertitzeko eta Arrasate, Hernani eta Bilboko langileen prestakuntzan inbertitzeko. “Iazkoa oso urte positiboa izan zen Ikerlanentzat, hazkunde handia izan baikenuen, batez ere enpresetarako transferentziaren ikuspegitik”, adierazi du Ion Etxeberria zuzendari nagusiak.

Funtsezko sektoreak

Enpresekiko lankidetzak euskal ikerketa zentroaren fakturazio osoaren %52 ekarri du, eta funtsezko sektoreetan zentratu da, hala nola, garraioan eta mugikortasunean, fabrikazio aurreratuan, eta energian. CAF, Orona, Jema, Ulma, Orkli, Fagor, General Electric, Accenture, Nestlé edo Amazon AWS bezalako bezeroekin zibersegurtasuna, adimen artifiziala, robotika, eta automatizazio industriala eta energia biltegiratzea izan ditu aztergai.

Proiektu publikoei lotuta, 12,9 milioi euroko diru sarrerak izan dituzte. %24,9 Eusko Jaurlaritzatik iritsi zaizkie; %20,4 Europako zenbait erakundetatik, eta %3 Espainiako erakundeetatik eta Gipuzkoako Foru Aldunditik.  

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK