Errezilgo (Gipuzkoa) Domusa Teknik enpresa Ikerlanen bazkide erabiltzaile izango da aurrerantzean. Bi erakundeek ohar bidez adierazi dutenez, urteetan zehar izandako lankidetza egonkortuko dute, eta “epe luzera begirako lankidetza-esparru sendoago eta estrategikoago bat” sortu.
Domusa Teknikek berokuntza, klimatizazio eta energia berriztagarrien arloko soluzioak eskaintzen ditu. 1976an sortu zen, Azpeitian, eta egun Errezilen du egoitza nagusia. Lankidetza honi esker, enpresak Ikerlanen “ikerketa-ildoen orientazioan modu aktiboan" parte hartu ahal izango du, "etorkizuneko estrategiak kontrastatu eta haien lehiakortasunean eragin zuzena izango duten I+G proiektuak garatuz”.
Mondragon Korporazioko kide dira bi entitateak eta Domusa Teknik bazkide bilakatzeak “harreman instituzionala estutzea” dakarrela adierazi dute.
Gauzak horrela, eraikinen deskarbonizazioak, elektrifikazioak, bero-ponpen gorakadak eta gero eta zorrotzagoa den ingurumen-araudiak baldintzatutako testuinguru batean, konpainiak eta zentro teknilogikoak “klimatizazio berriztagarriko sistema eraginkorragoak, isilagoak eta aurreratuagoak” elkarrekin garatuko dituzte. Domusa Tekniken industria eta merkatu esperientzia eta Ikerlanen gaitasun zientifiko nahiz teknologikoa uztartu asmo dute.
"Domusa bazkide erabiltzaile gisa gure ekosistemara batzeak energia-trantsiziorako estrategikoak diren esparruetan fruituak ematen ari den lankidetza sendotzen du. Sinetsita gaude berrikuntzak industriari balioa emango dioten soluzio erreal bihurtu behar duela, eta energia-trantsizioa, baliabideen eraginkortasuna eta eraldaketa digitala bezalako erronka handiei erantzuteko tresna izan behar duela", nabarmendu du Adolfo Plaza Ikerlaneko presidenteak.
Jon Makibar, bestalde, Domusa Teknikeko presidentea, "ilusio handiarekin" da proiektu berriaren aurrean. “Etorkizunaren ikuspegi bera eta balio kooperatiboak partekatzen dituzten bi erakunderen arteko aliantza indartzeko urratsa” dela azpimarratu du. “Sinetsita gaude gure industria-gaitasunen eta Ikerlanen esperientziaren arteko baturak teknologia aurreratu eta eraginkorren garapena bizkortu eta indartuko duela, deskarbonizazioaren erronka handiei arrakastaz erantzuteko eta gure bezeroei benetako balio iraunkorra eskaintzeko".
Ikerlanen bazkide erabiltzaileen artean dira egun Onnera Group, Copreci, Erreka, Fagor Automation, Fagor Ederlan, Fagor Electronica, Laulagun, LKS Next, Orona, Ulma eta Ziv Automation.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta