Ilazki Euskaltegia zabaltzeko erabakia 1976ko ekaina bitartean Aieteko Landetxe haurtzaindegian kokatuta zegoen gau-eskolako hamar lagunek hartu zuten. Euskara-eskolak gau eta arratsaldez emango zituen euskaltegia zabaldu zen hala, eta urte hartako irailean Idiakez kaleko 8.ean Donostiako lehen euskaltegia ireki zuten. “Berreuskalduntzearen garairik sutsu eta aldi berean neketsuenean Donostiako Idiakez kalean sortutako ikastetxea dela esango genuke. Donostian izan den lehenengo euskaltegia”, kontatu du du Karmele Loinazek, Ilazki Euskaltegiko Kontseilu Errektoreko idazkariak.
Legez kanpo eta inolako nortasunik eman gabe sortu zen proiektua. Lehen urrats horietan ez zegoen ezer: euskara irakatsi eta transmititzeko ez zegoen baliabide ekonomikorik, instituzionalik ere ez, eta apenas didaktikorik. Hamar lagunen gogoa eta borondatea izan ziren bidea hasteko modua.
Kultur-elkarte lehenik, kooperatiba ondoren
Hala egin zituen lehen urteak, harik eta 1981-1982 ikasturtean, ordura arte inolako nortasun juridikorik gabeko lagun-arteak kultur-elkarte izaera eman zioten, proiektua legeztatuta, baita lehen estatutuak idatzi ere. “1983ko irailean kokatu ginen Konstituzio plazako egungo egoitzan", adierazi du Elena Calvillok, Ilazki Euskaltegiko Kontseilu Errektoreko lehendakariordeak.
Kokapen aldaketagatik ez ezik, 1982-1983 ikasturtea bereziki garrantzitsua izan zen beste arrazoi batzuengatik ere. Gobernuaren dirulaguntza jaso ahal izateko hainbat baldintza bete behar izan zituzten: irakasleen titulazioa baliokidetu, urtean bitan azterketak egin ikasleei, ikaslearen fitxak bete, datu zehatzak bildu, etab. Egiteko administratiboak sortu ziren eta horrek aldaketa handia ekarri zuen eurentzat.
Karmele Loinaz: "Berreuskalduntzearen garairik sutsu eta aldi berean neketsuenean Donostiako Idiakez kalean sortutako ikastetxea dela esango genuke"
1987ko uztailaren 24an Ilazki euskaltegiak kooperatiba izaera hartu zuen. "Halaxe izaten jarraitzen dugu. Orain, 28 langile gara eta 900 ikasletik gora ditugu”, adierazi du lehendakariordeak. Bidean, egoera berri gehiagotara egokitzen joan behar izan dute: irakasle eta ikasle kopurua haztea, metodologiak hobetu eta egokitzea, zerbitzu eskaintza zabaltzea, dirulaguntzak kudeatzea eta teknologiaren bilakaerak txertatzea.
Euskara irakasten jarraitzeko beharra
Alor pedagogikoan ere izan dira aldaketak: hasieran, bost maila ziren; ondoren, hamabi urrats; eta gaur egun, Europako Marko Bateratuak zehazten dituen lau maila dira. 50 urte geroago, baina, euskara irakasten jarraitzeko beharra dago, nahiz eta hizkuntzaren ezagutzak gora egin duen. Euskaraz dakien herritar askoz gehiago dago, batez ere, Gipuzkoan.
Calvillok dioenez, testuinguru soziala eta akademikoa, berriz, asko aldatu dira: administrazioko lanposturako agiria lortu behar duten ikasle asko dauzkate. Izan ere, aukeran, nahiko zutena baino gehiago dira azterketa gainditzea helburu nagusi duten ikasleak, baina badira titulazioaz aparteko interesa dutenak ere, erretiratuak, guraso-taldeak, beste toki batzuetatik etorritakoak, euskara maite dutenak. Horrekin batera, hizkuntzaren erabiltzaile aditu izateko interesa duten ikasle asko ere badaude, C2 mailari lotuak. Gainera, online bidezko eskaerak ere gora egin du teknologiaren erabileraren eraginez.
Bost faktore giltzarri
50 urte hauetan hainbat faktore izan dira giltzarri. Lehenik eta behin, metodologia: edukietatik ekintza komunikatiborako bidea egin dute irakasteko moduan. Bigarrenik, homologazio-sistema (dirulaguntzak): Eusko Jaurlaritzak euskaltegi guztiei sare publikoan sartzeko aukera eman izanak irakasleen profesionalizazioa eta matrikuletarako dirulaguntzak ekarri zituen, besteak beste. Hirugarrenik, administrazioa euskalduntzeko erabakia hartu izanak ikasle asko bideratu zituen euskaltegietara. Laugarrenik, administrazioen egiaztatze-prozesuaren ondorioz langile asko gerturatu dira euskaltegira lanpostuen eskakizunaren euskara-maila lortzeko. Eta, azkenik, Loinazeren arabera, lan baldintzak kaxkarrak izan arren, langileen prestutasuna, inplikazioa eta konpromisoa azpimarragarria da; horri esker, 35.000 pertsona inguru euskaldundu dituzte Ilazkin bere ibilbide guztia hartuta.
Agurtzane Goñi: “Inor baztertu gabe, inguratutako guztiak artatu ditugu, eta beste hainbat enpresa, erakunde eta eragile ere bai"
“Inor baztertu gabe, inguratutako guztiak artatu ditugu, eta beste hainbat enpresa, erakunde eta eragile ere bai: publikoak (Hezkuntza, Osakidetza, Foru Aldundia, Justizia, udalak, EHU…), baita pribatuak ere (Elkargi, Laboral Kutxa, ikastetxeak, Inem…)”, esan du Agurtzane Goñik, Ilazki Euskaltegiko Kontseilu Errektoreko lehendakariak. Gainera, mota guztietako herritarrei eskaini diete haien zerbitzua, langabeetatik hasi eta politikarietaraino, merkatariak, tabernariak, gidariak edo medikuak barne.
AA euskararen irakaskuntzan
Etorkizunera begira, adimen artifiziala euskararen irakaskuntzan txertatzea da erronka nagusia. “Hasiak gara lehen urratsak ematen, batez ere, formakuntzan eta praktikan”, adierazi du Goñik.
Horrekin batera, hiru emakumeek diotenez, amestutako erronka euskaltegia ixtea litzateke, herritarrak euskaldun erabiltzaile autonomoak izatea lortu dutelako.
Elena Calvillo: "Orain, 28 langile gara eta 900 ikasletik gora ditugu”
Halaber, gizartean gertatzen diren aldaketa demografikoei, politikoei, sozialei, ekonomikoei eta kulturalei erantzun nahi diete, lan-baldintzak hobetzen jarraitzea, eta euskarak behar duen aitortza eta euskaldunok berezko dugun hizkuntza-eskubidea lortzeko bidean laguntzea.