• ENPRESAK GAUR
  • Iliva: Diseinu estrategikoa eta optimizazioa, enpresen lehiakortasuna hobetzeko giltza

Iliva: Diseinu estrategikoa eta optimizazioa, enpresen lehiakortasuna hobetzeko giltza

Agentzia bizkor finkatu da merkatuan, estrategia pertsonalizatuetan eta diseinuan oinarritutako eredu bati esker

Maider Gamero eta Andrea Galvez dira Ilivaren sortzaileak | Argazkia: utzita
Maider Gamero eta Andrea Galvez dira Ilivaren sortzaileak | Argazkia: utzita
June Agirre Ansa
Kazetari kolaboratzailea
2026ko maiatzaren 8a - 05:30

Gaur egungo merkatuan, zeinetan digitalizazioa ezinbesteko baldintza den, enpresa askok zailtasunak dituzte euren mezua modu eraginkorrean helarazteko. Testuinguru horretan jaio zen Iliva, Maider Gamero Blancok eta Andrea Gálvez Ojedak sustatutako proiektua. Elkarrekin lan egiten zuten enpresa batean ikusi zuten hazia: produktu konplexu bat saltzea egokitu zitzaien eta, sormena eta tresna teknologikoak uztartuz, prozesua asko erraztea lortu zuten.

 

“Ikusi genuen guk sortutako lan dinamika eta estrategia horiek lagungarriak izan zitezkeela beste enpresa askorentzat, euren zerbitzuak hobeto saltzeko", azaldu dute sortzaileek. Horrela definitzen dute Iliva: optimizazio digitaleko sormen-agentzia. Izenak berak proiektuaren asmoa laburbiltzen du, "elevar" kontzeptutik datorrelako. “Gure zerbitzuak enpresa goratzen laguntzen duela sentitzen dugu, bai konbertsioetan, gehiago irabaz dezaten, bai ematen diegun balio gehigarrian”. Logotipoan ageri den gora begirako geziak ere norabide hori markatzen du: hazkundea eta profesionalizazioa.

Irudia, salmenten motor isila

Ilivaren lanak edozein motatako enpresak hartzen ditu barne. Enpresa handietan zein ertain edo txikietan, askotan ahaztu egiten da irudi korporatiboa ez dela estetika hutsa, negozio-estrategiaren parte baizik. Gamerok eta Galvezek nabarmendu dutenez, enpresa handietan marketin sailak egon ohi diren arren, finantza sailei zailagoa egiten zaie irudian inbertitzea. “20 urte daramatzaten enpresei kosta egiten zaie ulertzea euren komunikazio estrategia zaharkitua geratu dela eta rebranding bat behar dutela”.

 

Iliva: "Markarekin, hau da, irudiarekin, konektatzen ez baduzu, publiko oso bat galtzen ari zara”

Hala ere, irudiak salmentetan duen inpaktua erabakigarria dela diote. “Lehen, Coca-Cola lata soilik ikusten zenuen; orain, ordea, Instagram, TikTok eta webgunea dituzu. Markarekin, hau da, irudiarekin, konektatzen ez baduzu, publiko oso bat galtzen ari zara”. Enpresa txikien kasuan, arazo nagusia aurrekontua izaten da, eta askok "etxean egindako" irudiekin hasten dute bidea. “Horrek kalte egiten die, ez dutelako islatzen proiektuaren benetako profesionaltasuna”, adierazi dute. Horregatik, Ilivak aurrekontu pertsonalizatuak eta "pakete" malguak eskaintzen ditu, inork ez dezan merkaturatze digital duin bat alde batera utzi baliabide faltagatik.

Haien produktu izarren artean landing page edo lurreratze-orriak daude. Webgune konplexu baten aldean, produktu edo zerbitzu zehatz bat saltzera bideratutako orri sinple eta zuzenak dira, bezeroa konbentzitzeko indar handia dutenak.

Hazkundearen erronkak: oreka lortzeko borroka

Urtebete inguru daramate martxan, eta bidea ez da erraza izaten ari, proiektu kopuruak gora egin baitu azkar. Sortzaileentzat, erronka nagusia barne-prozesuak kudeatzea eta "hiru hanken" arteko oreka mantentzea izan da: “Lana aurrera eramatea, bezeroak ondo zaintzea, zerbitzu oso pertsonalizatua ematen baitugu, eta harreman sareak zabaltzea”.

Hasiera denez, rol asko bete behar dituzte aldi berean: diseinatzaileak, komertzialak, bazkideak... “batzuetan ekitaldi asko sortzen zaizkigu eta batzuei ezezkoa ematen hasi behar gara, lanerako denbora ere behar dugulako. Oreka hori aurkitzea da gure lehentasuna, kalitatea galdu gabe hazten jarraitzeko”.

Foto material corporativo
Argazkia: utzita

Etorkizuna: kanpoko departamentu estrategikoa

Etorkizunera begira, Ilivaren helburua ez da soilik proiektu solteak egitea. Euren asmoa enpresa handien bazkide estrategiko bihurtzea da, kanpoko sail gisa arituz, batez ere UX (User Experience) alorrean. “Interneteko erabiltzailearen esperientzia da gaur egun gehien baloratzen dena; horri esker lortzen da dirurik ez galtzea publizitatean inbertitzean”, azpimarratu dute.

Iliva: "Guk produktu eta zerbitzu bakoitza bezeroaren egoerara, aurrekontura eta beharretara moldatzen dugu"

Taldea handitzea ere badute buruan, baina zigilu propioari eutsiz: By Iliva. “Ez dugu harreman pertsonala galdu nahi, ezta gure lan egiteko modua ere” azaldu dute. Agentzia gisa finkatu nahi dira, sormena eta emaitza teknikoak uztartzen dituen erreferente bihurtuz.

Malgutasuna, eredu zurrunen aurrean

Sortzaileek mezu zuzena bidali diete urte asko daramatzaten enpresei: “Animatu daitezela joera berrietara egokitzera, prozesuak eta komunikazioa modernizatzera”. Haien ustez, berritzea ez da aukerakoa gaur egungo mundu digitalean.

Ilivaren bereizgarri nagusia pertsonalizazioa da, eta hori euren esperientzia pertsonaletik dator. “Lehen egiten genuen lanean, aholkularitza bat genuen kanpotik, baina plantilla oso zurruna ematen ziguten. Gure produktuak ez ziren bat etortzen plantilla horrekin bat, eta ez ziguten ematen konponbiderik. Frustrazio horretatik jaio zen Ilivaren oinarria: guk produktu eta zerbitzu bakoitza bezeroaren egoerara, aurrekontura eta beharretara moldatzen dugu”.

Gamero eta Galvezen esanetan, Ilivara jotzen duen bezeroak ez du sekula sentituko "formatu itxi" batean harrapatuta dagoela; aitzitik, bere ideiak egituratzen eta proiektua hurrengo mailara eramaten lagunduko dion bidelagun bat aurkituko du.