
Donostiako Udalak jakinarazi du eraikin berria eraikiko duela Illunben enpresa bioteknologikoetarako, ikerketa eta ekoizpen laborategietarako, I+G-rako, bulegoak eta coworkingerako espazioak sortzeko, baita administrazio zerbitzuetarako ere; Zermatt Equity S.L. arduratuko da obra egiteaz, udalak berari eman baitio obra-baimena. Illunbeko b.20.1 partzelan kokatuko da Columbus Biotech Hub izeneko enpresa teknologikoaren gune berria.
Eneko Goia Donostiako alkateak azaldu du Euskadiko Parke Teknologikoa hedatzeko proiektuaren “lehen zatia” jarri dela martxan, zeinak erantzuna emango dion zientzia eta ezagutzarekin loturiko proiektu estrategikoak garatzeko gune berrien eskariari. “Berrikuntzaren alorreko lehen mailako enpresak” erakarriko ditu proiektuak Donostiara, Goiaren hitzetan.
Obra apirilaren amaierarako abiaraztea aurreikusi du udalak, gaur egungo eraikina eraistean, hain zuzen. Proiektua garatzeko ia 80 milioi euro inbertituko dira, eta Goiak gaineratu du joint venture gisa egingo dela Quercus Investments kudeatzailearekin elkarlanean. 2026 amaierarako lehen fasea amaitua izatea espero da, erabilgarri izanik proiektu osoaren %40; gainerakoa 2027 urte bukaerarako gauzatzea estimatu da.