Iñaki Argote izango da aurrerantzean Ulma Agricolako gerentea. Ulma Taldearen barruan nekazaritza eta lorezaintza sektorerako berotegien eta estalpeko laboreen soluzioetan espezializatutako kooperatiba da Ulma Agricola, eta Argotek Alberto Galdosen lekukoa hartuko du.
Kooperatibak ohar bidez azaldu duenez, nazioarteko garapena bultzatzea izango da Argoteren egiteko nagusia. Era berean, konpainia “ekoizpen eraginkorrago, jasangarriago eta teknologikoki aurreratuago batera bideratutako nekazaritza babestuko soluzioen aldeko apustua” sendotzen ari da.
Argotek ibilbide luzea du kooperatiba munduan. Industria ingeniaria da Nafarroako Unibertsitatean. Ulma Agricolara joan aurretik, zuzendari komertzial izan zen Geminys Grupo CAF enpresan. Eta horren aurretik, Oreka Trainingeko sortzaileetako bat izan zen, eta kudeaketa ardura desberdinak izan zituen Ulma Forged Solutionsen eta Orbean.
"Ilusio eta erantzukizun handiarekin sartzen naiz Ulma Agricolan. Kualifikazio handiko taldea eta hazteko ahalmen handia duen erakundea da, ibilbide sendoa duena. Nire helburua izango da lehiakortasuna eta etorkizuneko garapena indartzen jarraitzea, Ulma Taldearen nortasuna definitzen duten balioak eta konpromisoak bultzatuz", nabarmendu du Argotek.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta