• ENPRESAK GAUR
  • Iñaki López Gandásegui Aernnovaren sortzailea hil da

Iñaki López Gandásegui Aernnovaren sortzailea hil da

Enpresa munduan ibilbide luzea egindako ingeniaria izan zen, eta azken urteetan konpainiaren kopresidentea zen

Argazkia: Raul Bogajo / Foku
Argazkia: Raul Bogajo / Foku
2026eko otsailaren 3a - 12:44

Iñaki López Gandásegui Aernnovaren sortzailea eta enpresako kopresidentea gaur goizaldean hil da, 74 urte zituela. Heriotzaren berri Cebek Bizkaiko patronaleko presidente Guillermo Bucesek eman du, zeinak nabarmendu duen López Gandásegui “enpresa arloan erreferentziazko pertsona” izan dela, eta patronalak babesa adierazi die haren senideei eta lagunei. 

 

López Bermeon jaio zen 1952an, eta ingeniaria zen ikasketaz. Bere lanbide ibilbidea Sener enpresan hasi zuen, ondoren Iberdueron aritu zen, eta geroago IBV Korporazioan Teknologia Berrien zuzendari izan zen. Garai berean, Gamesako kontseilari delegatu kargua ere izan zuen. 2006an, orduko Gamesa Aeronáutica enpresaren ardura hartu zuen, eta Aernnova bihurtu zuen, konpainiaren presidente izanik. 2025eko martxotik aurrera, presidentetza Grant Skinne zuzendari britainiarrarekin partekatzen zuen.

Pradales lehendakariak ere dolumina adierazi du sare sozialetan: “Ehun industrialak erreferente bat galdu du", gaineratu du. Hain zuzen ere, pasa den urrian izan zen lehendakaria Aernnova bisitatzen.