Imanol Pradales lehendakariak “jarduera ekonomiko jasangarria” bultzatuko duen “urgentziazko lege bat” abiatzeko asmoa iragarri du. Eusko Legebitzarreko kontrol saioan eman du neurriaren berri, EAJren galdera bati erantzunez.
Lehendakariak azaldu duenez, EAJk eta PSE-EEk datorren asteetan aurkeztuko dute lege proposamena, zeinak helburu izan duen "ekonomia jasangarrirako jarduera azkartu eta sinplifikatzea”.
Pradalesen hitzetan, “autobide erregulatzaile bat” sortzea beharrezkoa da EAErentzat interesgarriak izan daitezkeen inbertsioek lege oztoporik izan ez dezaten. Jarduera ekonomiko jasangarriaz gain, industria proiektuak, deskarbonizazioa, trantsizio energetikoa edota lehen sektorea ardatz dituen inbertsioen sarrera erraztu nahi duela azaldu du.
"Helburua da bide azkar bat izatea, Euskadirentzat estrategikoak diren inbertsio-proiektuak arinduko dituen bide seguru bat; herrialdearen eraldaketa ekonomikorako, ongizaterako eta autonomia estrategikorako proiektuak nahi ditugu", esan du, eta era berean, nabarmendu du “desburokratizazioa eta administrazio sinplfikazioa” herrialdearen helburu direla, “munduak ez baitu itxoiten, ez eta inbertsioek ere”.