Inbertsio finaren olatua

Hossegor Invest finantza-enpresa berritzailea da, urteko %15eko batez besteko errentagarritasuna lortu du operazio korporatiboetan inbertituz

Pablo Barriocanal eta Javier Conde, Hossegor Investen sortzaileak | Argazkia: utzita
Pablo Barriocanal eta Javier Conde, Hossegor Investen sortzaileak | Argazkia: utzita
2026eko urtarrilaren 5a - 05:30

Hossegor Investi Landetako Hossegor herritik datorkio izena, Pablo Barriocanal eta Javier Conde fundatzaileentzat esanahi pertsonal eta emozional handiko lekua da, han igaro baitituzte opor asko. Duela kasik bi urte hasi ziren lanean Bilbon, aurretiko eskarmentua eta harremanak abiapuntu gisa hartuta. Inbertitzeko modu “lasaia” eta nazioarteko ikuspegia uztartzen dituen finantza-enpresa da, hiru kontzeptu lantzen baitituzte: patxada, ikuspegi globala eta urrutira iristeko gaitasuna. Egun, Espainiako Estatuaz gain, Mexikon, Suitzan eta Estatu Batuetan dihardu lanean.

 

Inbertsio “alternatiboen” alorrak gorakada nabarmena izan du azken urteotan, 29,22 bilioi dolarretara iritsi baitaitezke 2029an, 2023an baino %79 gehiago, molde horretako inbertsio datuak kudeatzen dituen Prequin enpresa britaniarraren arabera. Hossegor Investek eragin handiko hiru negozio bertikal garatu ditu: Pre-IPO Nasdaq, Burtsara irten aurreko enpresa teknologietan inbertitzeko bidea; Marketing Invest, Amazon edo Red Bull marken kanpaina globaletan oinarritua eta F1 Invest, 1 Formulako enpresa-ekosisteman zuzenean sartuta. Hossegor Investek Espainian ohikoa ez den sistema bat finkatu du: enpresak aukeratzen ditu inbertitzaileak, ez alderantziz, boutique deritzon inbertitzeko modua. Prozesu hori bateragarritasunean, balio partekatuetan eta denbora-horizontean oinarritzen da.

“Inbertitzailearen eta haren diruaren arteko deskonexioa nabarmendu genuen. Nagusiki, inbertitutako diruaren helmugaren gaineko ezagutza eskasaz ohartzen ginen. Horrez gain, gure ustez aurreztaileak oro har ez du finantza ezagutzarik. Hortaz, boutique izeneko zerbitzuak eskaintzea erabaki genuen. Zerbitzu oso pertsonalizatuak dira, gardentasuna, komunikazioa eta hurbiltasuna eskaintzen diegu geure bezeroei”, nabarmendu du Barriocanal enpresako CEO eta fundatzaileak.

 

Pablo Barriocanal: “Nolabait esateko, ekonomia errealean inbertitzen dugu. Esaterako, Amerikako Estatu Batuetako enpresetan inbertitzen dugu haiek burtsara atera aurretik. Gu haien kapitalean sartzen gara eta gure inbertitzaileak lagun gaitzaten ahalbidetzen dugu, baina haiek arrisku-komertzialik hartu gabe”

Boutique eredu horrek bezeroak haren diruarekin egiten duena ulertzea du xede. Operazio guztiak oso aztertuta ditu Hossegor Investek eta bi sortzaileek eurek aurretik egindako inbertsioak erabili ditzakete abiapuntu gisa. “Nolabait esateko, ekonomia errealean inbertitzen dugu. Esaterako, Amerikako Estatu Batuetako enpresetan inbertitzen dugu haiek burtsara atera aurretik. Gu haien kapitalean sartzen gara eta gure inbertitzaileak lagun gaitzaten ahalbidetzen dugu, baina haiek arrisku-komertzialik hartu gabe”, Barriocanalen hitzetan. 

Hossegor Investek inbertitzaile-profil jakin batekin egiten du lan: 40 eta 65 urte bitarteko aurreztaileak, 25.000 eurotik gorako diru-sarrerak dituztenak eta ohiko banku-produktuetara ohituta daudenak, itzulkin mugatuekin. Bi talde nabarmentzen dira: erretirora hurbiltzen direnak eta aurrezkiak kontsumitu gabe bizi-mailari eutsi nahi diotenak, eta zaintzak murriztu eta egonkortasuna irabazi nahi duten osasun-sektoreko profesionalak. Bientzat, enpresak inbertsio alternatiboak egituratzen ditu, diru-sarrerak osatzeko eta banku tradizionalaz haragoko aukerak aurkitzeko.

Javier Conde Negozio Garapenaren Zuzendari eta fundatzailearen esanetan, oso garrantzitsua da bezeroak baldintza guztien gaineko informazio guztia edukitzea. “Hiru elkarrizketa izan ohi ditugu bezeroarekin haren profila ondo ezagutzeko eta bezeroa entzuteko eta haren errentagarritasun xedea jakiteko lehendabizi. Bigarrenean, gure ikuspuntua eta bezeroak lortu ditzakeen lorpenen berri eman ohi diogu. Hirugarrenean, administrazio kontuak zehazten ditugu %90 argi baitaukagu zertan eta nola inbertitu”, dio.

Javier Conde: “Hiru elkarrizketa izan ohi ditugu bezeroarekin haren profila ondo ezagutzeko eta bezeroa entzuteko eta haren errentagarritasun xedea jakiteko"

Finantza inbertsioen arriskuak saihesteko xedez, Hossegor Investek “oso mugatuak eta kontrolatuak ditu” inbertsio kopuruak bezeroen artean. “Ezin da eman masifikazioa gure inbertsoreen artean. Kupo bat jartzen dugu eta sistema oso esklusiboa da. Arriskuak gutxitzeko xedez egiten dugu. Ulertzeko errazak diren inbertsio-motak eskaintzen dizkiegu gure bezeroei”, ziurtatu du Barriocanalek.

Hossegor Investek enpresekin ere egiten du lan, eta “ohiko inbertsio” motetatik aldendu nahi du bere negozio-eredua. Egun 4,5 miloi diru-zorroa kudeatzen du 2025eko abenduko datuak kontuan izanda. “Enpresa guztien modura, hazi egin nahi dugu, baina ez bezeroei eskaintzen dizkiegun zerbitzuak kaltetzearen truke”, argitu du CEOak.

Bezeroen artean %96 fidelizazio ratioa lortu dute Bilboko bulegoa abian jarri zutenetik, hortaz, bezeroak gustura geratzen dira eta eskaintzen dizkieten produktuekin jarraitzeko joera agertzen dute. Bezeroak webgunearen bidez jarri daitezke harremanetan enpresarekin haien zerbitzuen gaineko informazio pertsonalizatua jasotzeko. Hala eta guztiz ere, oso argi dute beren bezeroen %80-90 beste bezero batzuen aipamenei esker datozkiela informazio eske. Horrez gain, lankidetza hitzarmenak lortu dituzte Bizkaiko zenbait enpresa elkarterekin.

Etorkizuneko erronkei buruz hitz egitean, Hossegor Investeko bazkide biek ala biek ez dute zoro modura hazi nahi eta mailakako hazkundea lehenesten dute. “Garrantzi handia ematen diogu lan pedagogikoari. Uste dugu konpondu gabeko arazoa dela oraindik orain bai Estatu zein mundu maila. Agian gazteen artean lehen ez zegoen finantza-ezagutza gehiago dago egun”, Barriocanalen esanetan.