"Hazkundea" ahalbidetu, baina "errotzea" bermatuta. Ideia horretan jarri dute fokua besteak beste Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusiak eta Ane Insausti Gipuzkoako Sustapen Ekonomikoko diputatuak, Adegik eta Kutxabank Enpresak elkarrekin antolaturiko Etorkizuneko Gipuzkoa eraikiz gosarian. Horretan inbertsio industriak jokatu behar duen rola aintzat hartu dute. Industria hori azken urteetan hazten dagoela ohartarazi du Mendozak, besteak beste egindako lanagatik. "KM0ko inbertsio industria oinarrizkoa da, gertukoa", adierazi du Insaustik, finantzarioa ez ezik, "aliantza sarea" izan behar duena. "Horrek ahalbidetzen du hazkundea, eta talentua erakartzea". Mendozaren hitzetan, baina, errotzea "ez da soilik enpresak hemen egotea. Errotzea ere bada gure lana ondo egiteko gaitasuna".
Horri lotuta familia enpresek "gure DNAn duten pisua" nabarmendu du Insaustik. "%80 baino gehiago dira familia enpresak", gehitu du Mendozak. Ea berean, enpresa, enpresaburu eta ekintzaileen rola balioan jartzearen garrantziaz aritu dira, Eduardo Junkera Adegiko presidentearen sarrerako hitzekin bat eginez. "Pertsona onek talde onak egiten dituzte, eta lehiakortasun faktore ere bilakatu daitezke", adierazi du diputatu nagusiak. Ez hori bakarrik. Industria aurreratua ere "palanka gako" gisa dela esan du.
Administrazio publiko "lehiakorra"
Lanketa horretan, administrazio publiko "ahal heinean bizkor" baten beharra plazaratu du Insaustik, baita enpresengatik "gertu" izango dena. "Ezinbestekoa da lehiakortasunerako", gaineratu du Mendozak. Bestela esanda, "departamentu guztietan efiziente" izatea eskatzen du horrek. Besteak beste, burokraziari lotuta "ahal dutenetan inpaktua izateko, eta gainontzekoetan laguntzeko" gai izan behar duela uste du. Hori hainbat modutan gauzatu daiteke. TicketBAI horren adibide izan daitekeela uste du Mendozak, hasiera batean "nekeza" izan dena, baina "behin betebehar fiskalak amaituta lagungarria" dena.
Fiskalitateari ere heldu diote solasaldian, "fiskalitate sistema" egokitzeko beharra ikusita, hura ahal den gehien "zukutzeko", errekurtsoak sortzeko eta etorkizunerako prestatzeko tresna gisa. Edozein kasutan, zer ez ezik, nola egiten den ere garrantzitsu dela ohartarazi du Mendozak, eta horretan bi dira gakoak: "gertutasuna" eta askotariko eragileen arteko "lankidetza".
Zahartzea eta energia
Trantsizio demografikoa eta energetikoa ez dira soilik Gipuzkoaren erronka. Aitzitik, biei lotuta lurraldeak dituen aukerak eta zailtasunak ere mahaigaineratu dituzte diputatuek. Zahartzeari dagokionez, Insaustik erronka bezala baino, "aukera gisa" ere ikusi du, zaintzaren ekonomia guztia martxan jartzea ahalbidetu baitezake. Energiaren kasuan, Gipuzkoan energia sortzeko izan daitekeen gaitasun mugatuaz aritu da Mendoza, baina "gaitasuna badagoela" eta "proiektu txiki, ertain eta handien beharra" dagoela.