
Kutxabankek Indar izeneko bitarteko berria sortu du, zeinak helburu duen enpresetan inbertsioa sustatzea. Zehazki, konpainiak apustua egin du epe luzerako inbertsioak egitearen alde, bai “ekonomiaren eragile” diren enpresetan (“enpresa sendoetan"), baita hazkunde prozesuan dauden enpresa-proiektuetan ere. Horretarako, 500 milioi euroko hasierako inbertsioa egiteko gaitasuna du Indarrek.
Bitartekoak zorro dibertsifikatua izango du, “eta inguruko enpresetan inbertituko du”. Inbertsio horiek egiteko irizpide profesionalak eta merkatu-irizpideak izango dira kontuan, eta, hala, “ikuspegi estrategikotik erakargarriak” diren proiektuetan inbertituko da.
Etorkizunera begira, Kutxabankek ez du baztertzen bestelako erakundeekin (fundazio akziodunak eta beste inbertitzaileak) inbertsio bateratuak egitea, ezta bitartekoak kotizatzeko aukera ere.
Egiturari dagokionez, kudeaketa propioa izango du Indarrek, profesional espezializatuekin osatutakoa. Kutxabanken baliabideak erabiliko dituzte adituek, baina “kudeaketa lanetarako autonomia” izango dute. Jose Iturriaga izango da bitartekoaren zuzendari nagusia, Indarreko Kontseiluak hala aukeratu baitu. Ubide eta Portuetako ingeniariak zenbait enpresetan egin du lan (Goldman Sachs, Tubos Reunidos eta SGEIC, besteak beste) eta Flysch Industrial enpresaren bazkide sortzailea ere bada. Konpainiak adierazi du Iturriagak eskarmentu handia duela finantzen eta inbertsioen sektorean.