
Indeus Industriaren Euskal Plataformako kide diren enpresa, elkarte eta erakundeak bildu egin dira gaur urteko hirugarren topaketa dela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza nagusian. Amaia Arregi Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendaria ere bertan izan da.
Bilerak bi atal izan ditu. Lehenik, Indeuseko kide berriak aurkeztu dira: Euskorpora eta Asle. Euskararen corpus digitala sortzen duen irabazi asmorik gabeko Euskorpora Leire Barañano erakundeko zuzendari nagusiak aurkeztu du; jarraian, Libe Bastida teknikariak aurkeztu du Alse, EAEko enpresa elkartea.
Enpatikonomia jardunaldiari buruzko azalpenak emateko tartea ere izan dute bileran: Oarsoaldea Garapen Agentziak antolatutako jardunaldiaren hurrengo edizioa 2026ko martxoan egingo da, zeina “eredu ekonomiko gizatiarrago, bidezkoago eta iraunkorragoaren” aldeko topaketa gisa aurkeztu duten.
Jardunaldiaren bigarren atalean, Indeuseko kideek bi gai nagusiren gainean egin dute hausnarketa. Batetik, Harrera Plan Komunitarioez hitz egin dute (langile berrientzako harrera-prozeduren ezaugarriez, hizkuntza gaitasunez, kultura aniztasunaz…); bestetik, hizkuntza-teknologiak izan dituzte mintzagai, hau da, “enpresek erabiltzen dituzten hizkuntza-teknologiak, emaitzak eta praktika onak”.