
Gaur egin du batzar orokorra Indeus Industriaren Euskal Plataformak, Euskadiko Parke Teknologikoaren Abantoko Campusean (Bizkaia). Bilera gidatu dute Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuak, Sonia Rodriguez Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak eta Mikel Amundarain Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak. Bertan, kide berriak aurkezteaz gain, iazko jardunaren balantzea egin dute, eta etorkizunera begira dituzten helburuak landu dituzte indeuskideek.
Azken hilabeteetan hiru enpresa berri gehitu dira plataformara. Batetik, Azkoitiko Alberdi Mekanizatuak, zeinak mekanizazioan eta dekoletajean lan egiten duen, orotariko materialez eginiko piezak mekanizatzen. Bestetik, Biolan enpresa, non biosentsore entzimatikoak eta sentsore potentziometrikoak fabrikatu eta merkaturatzen diren, besteak beste. Azkenik, Hernaniko Mitxelena mekanizazio enpresa. Hiru partaide berri horiekin 43 dira Indeusen egun parte hartzen ari diren enpresa, zentro eta elkarteak.
Horrez gain, batzar orokorrean izan dira Lorea Arakistain eta Haizea Solagurenbeaskoa. Lehenengoa, PuntuEus fundazioko kidea, eraldaketa digitalari eta Interneten euskara zein euskal kultura sustatzeari buruz aritu da, eta zibersegurtasunean jarri du arreta. Bigarrenak maiatzean hasiko den Euskaraldiaren gainean hitz egin du.
Indeus ekimenak helburu du laguntza eskaintzea euskaraz lan egitea erabaki duten enpresa industrialei, eta, horretarako, euskarazko produktu eta zerbitzuak lortzeko bideak lantzen dituzte.