Indraren BPO negozio unitatea erosi du Tekneik

96,6 milioi euroko eragiketa izan da, eta Indrako 5.000 langile barne hartuko ditu euskal konpainiak

Joseba Lekube Tekneiko zuzendari orokorra | Argazkia: Teknei
Joseba Lekube Tekneiko zuzendari orokorra | Argazkia: Teknei
2026ko maiatzaren 5a - 13:00

Indra multinazional espainiarraren BPO (Business Process Outsourcing) negozio unitatearen erosketa gauzatu du Tekneik. Pasa den apirilaren 30ean sinatu zuten akordioa bi aldeek, 96,6 milioi euroren truke, nahiz eta eragiketa orain bost hilabete adostu, eta aurrerantzean Indran ziren 5.000 langile hartuko ditu Tekneik.

 

Euskal taldeak azaldu duenez, “unitate estrategiko gako bat” bereganatu du, zeinaren bidez enpresaren kanpo zerbitzuak indartuko dituzten. Are gehiago, eragiketa mugarritzat jo du taldearen hazkunde estrategikoaren testuinguruan. Ohar bidez azaldu dutenez, Indraren BPO negozioa barne hartzeak “banku, seguru eta administrazio publikoan lehen mailako bezero zorroa” eskuratzeaz gain, "goi mailako lantaldea eta azpiegitura teknologikoa” bereganatzea ahalbidetuko dio taldeari.

Joseba Lekube Tekneiko zuzendari orokorrak azaldu du “etapa beri bati” ekin diotela eragiketa honi esker, aukera emango dielako negozio prozesuetako berrikuntzan gora egitea, besteak beste.

 

Lekuberen ustez, Indra Groupen BPO negozioa erosteak "pribilegiozko posizioan" jartzen du Teknei, kanpo zerbitzuen sektorean eraldaketa gidatzeko, betiere "teknologia disruptiboetan oinarrituta", hala nola Adimen Artifizialean, prozesuen automatizazio robotikoan (RPA) eta datuen analisi aurreratuan.