Industria Ministerioak bost euskal proiektu onartu ditu, Espainiako industria indartzeko

Bost proiektu horiek gauzatzeak 320,7 milioi euroko inbertsioa eta 871 lanpostu sortzea ekarriko du

Haizea Wind eolikoen enpresa bizkaitarra izan da aukeratuetako bat | Argazkia: Haizea Wind Group Haizea Wind eolikoen enpresa bizkaitarra izan da aukeratuetako bat | Argazkia: Haizea Wind Group

Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren Industria Inbertsio Produktiboa Laguntzeko Funtsak, Euskal Autonomia Erkidegoko bost proiektu maileguen bidez finantzatzea onartu du, guztira 164,9 milioi euroko balioarekin. Bost proiektu horiek gauzatzeko, 320,7 milioi euroko inbertsioa egingo da guztira, eta 871 lanpostu sortuko dira.

Ohar bidez, Reyes Maroto Industria, Merkataritza eta Turismo ministroak gogorarazi du industria-inbertsio produktiboa babesteko funts hori "Gobernuaren erabaki irmoaren beste froga bat" dela, "herrialdea industrializatzen laguntzeko, ekoizpen-gaitasun berriak eta kalitatezko enplegua sortuz".

Gainera, azpimarratu du onartu diren proiektuak "oso garrantzitsuak" direla, Euskal Autonomia Erkidegoa bezalako lurraldeetan egindako inbertsioak direlako, "industria-gaitasunak indartu behar direlako", eta horrekin "biztanleria finkatzen eta erronka demografikoari aurre egiten" laguntzen delako. 

Onartutako proiektuak

Nabarmendu den lehen proiektua Haizea Wind enpresa bizkaitarrarena izan da, haize-sorgailuen elementuak fabrikatzeko jardueraren barruan nabe berri bat eraikitzeko eta beste bat hobetzeko aukeratua izan baita. 150 milioi euroko inbertsioarekin, 624 enplegu berri sortuko ditu.

Beste proiektu azpimarragarri bat Sapa Operaciones gipuzkoarrarena da. Bere instalazioak modernizatuko ditu 69,7 milioi euroko inbertsioarekin eta 69 lanpostu sortuko ditu. Horrekin batera, Papresa, Mecanizados Lerun eta Elmubas Ibérica dira finantzatutako beste proiektuak.

Industria Inbertsio Produktiboa Laguntzeko Funtsak, abiarazi zenetik, 45 enpresa-proiektu onartu ditu Espainia osoan, 706 milioi euroko zenbatekoarekin eta 1.526 milioi euroko guztizko inbertsioarekin, zuzeneko 2.665 lanpostu sortzeko aukera emango dutenak.

Miniterioak azaldu duenez, funts inklusiboa da, eta enpresen industria-proiektuak hartzen eta finantzatzen ditu, haien tamaina eta lurralde-kapilaritate handia alde batera utzita.

1.800 milioi euroko zuzkidura du Funtsak, eta industria-jarduera produktiboa eta industria-zerbitzuetakoa garatzen edo garatuko duten merkataritza-sozietate pribatuak eta kooperatibak finantzatzen ditu, haien tamaina edozein dela ere. Horretarako, establezimenduak sortzen eta lekualdatzen laguntzen du, bai eta produkzio-lerroak eta prozesuak hobetzen edo aldatzen ere.

Finantzaketa mailegu arrunten, partaidetza-maileguen, aldi baterako kapitaleko eta kapital minoritarioko partaidetzaren edo aurrekoen arteko formula mistoen bidez egiten da, epe luzeko eragiketekin (10 urtera arte).

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK