• ENPRESAK GAUR
  • Industriako sare elektrikoak digitalizatzeko euskal proiektu teknologikoa aurkeztu dute

Industriako sare elektrikoak digitalizatzeko euskal proiektu teknologikoa aurkeztu dute

Grid 4 Industry izenpean, Iberdrolak zuzenduko du eta hiru urteko epean 160 milioi eurotik gora inbertituko dira horretan

Grid 4 Industryren aurkezpena, gaur goizean, Bilbon | Argazkia: utzitakoa
Grid 4 Industryren aurkezpena, gaur goizean, Bilbon | Argazkia: utzitakoa
2026ko ekainaren 4a - 15:27
Eg. 2026ko ekainaren 4a - 17:06

"Industria deskarbonizatzen ari da elektrifikazioaren bidez, eta, horretarako, garapen teknologiko berriak behar dira sareetan". Hitz horiek erabili ditu Mikel Jauregi Industria Sailburuak Grid 4 Industry proiektuaren zergatiak azaltzeko, gaur goizean Iberdrolaren Jose Ignacio Berroeta Zentro Korporatiboan eginiko aurkezpenean. Egitasmoaren fokua sare elektrikoen EAEko balio-katea indartzea izango da, haien digitalizazioa bultzatuta eta soluzio teknologikoak garatuta elektrifikazioak industrian dituen erronkei erantzun asmoz. Izan ere, 30.000 milioi euroko fakturazioa lortu eta zuzeneko 60.000 lanpostu eskaini zituen sektorea da.

 

"Sareak elektrifikazioaren bizkarrezurra dira. Elektrifikaziorik gabe ez dago independentzia energetikorik. Sarerik gabe ez dago elektrifikaziorik”, defendatu du Asís Canales i-DE banaketa-enpresako presidente eta euskal konpainiako ordezkari instituzionalak. “Sare elektriko adimendunik gabe ez dago trantsizio energetikorik", gehitu du Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak.

Hiru urteko epean 160 milioi eurotik gorako inbertsioa egitea aurreikusi da I+G eta garapen teknologikoko jardueretan, aurten 41 milioi euro inbertituko direlarik. Horren lehen emaitzak datorren urtean ikusi ahalko dira, ekipamendu teknologiko berrien lehen proba pilotuekin.

 

Proiektuaren zuzendaritza Iberdrolak izango du, eta beste 62 enpresen trakzioa eramatea izango du ardura, Basque Energy Cluster energia-klusterraren laguntzaz. Horietatik 29 ETEak dira. Tecnaliak, Ikerlanek eta CIC energiGUNEk ere egiteko aipagarria izango dute, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal sareko hainbat eragile ere izango dira ekimenean. Beraz, lankidetza publiko-pribatua izango du oinarri. 

Aipatzekoa da I+Gko garapena ez ezik, enpleguan ere eragiteko asmoa duela proiektuak. Gauzak hala, 520 lanposturen sorrera ekar dezakeela aurreikusi da, horietatik 200 kualifikazio handiko zuzenekoak, eta zeharkako beste 320 lanpostu ere. Horrekin batera, sare adimendunen euskal industrian sortutako kualifikazio handiko enpleguak % 25 igoko dira datozen hiru urteetan. Global Smart Grids Innovation Hubek kudeatuko du hori. 

Euskadi 2030 Industria Planaren baitan kokatzen da Grid 4 Industry. Proiektu horietan 642 milioi euroko inbertsioa egingo da, eta 3.622 enplegu sortu. Hegazkingintzarako motor aeronautiko berrien sorrera, nonomedikuntza pertsonalizaturako hidrogel adimenduaren jaiotza, energia berriztagarrien hubaren sustatzea eta Roboost izan dira orain arte aurkeztutakoak.