Neoenergia, Iberdrola taldeak Brasilen duen energia banatzaileak, Ingeteam berriztagarrien euskal enpresari inbertitzaile fotovoltaikoen, transformazio zentroen eta babes eta kontrol ekipoen hornidura eskatu dizkio Hego Amerikako eguzki planta baterako. Ingetim berak ohar bidez iragarri duenez, Santa Luzia udalerriko eguzki-parkearen probak hasi ditu, Paraíba estatuan. 149 MW-ko potentziako planta fotovoltaikoa laster martxan jartzea aurreikusten du, eta orduan hasiko da 150.000 etxez osatutako hiri bat hornitzeko adina energia sortzen.
Inbertitzaile zentralen fabrikazioa eta transformazio-zentroen integrazioa Brasilen bertan egin ditu Ingeteamek, Campinas Sao Paulo estatuko hirian duela hogei urtetik duen ekoizpen-plantan.
Brasilgo Ingeteam fabrikak urtean 1,5 GWeko ekoizpen-ahalmena du bihurgailu eolikoentzat eta 700 MWekoa eguzki-inbertitzaileentzat, eta herrialdean egindako hainbat proiekturen pisu handi bat bere gain hartu du. Lantegiaren barruan, gainera, eguzki-parkeetako eta parke eolikoetako azpiestazioetarako babes- eta kontrol-ekipoak egiten ditu enpresak, eta energia berriztagarrien instalazioetarako eragiketa- eta mantentze-zerbitzuak egiten ditu. Rio de Janeiroko Liburutegi Publikoa edo Maracaná eta Mineirao de Belo Horizonte futbol-estadioek (Brasilgo 2014ko Munduko Txapelketako egoitzek) esaterako, Ingeteameko inbertitzaile fotovoltaikoak dituzte.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta