
4.588 milioi euroko gorako galerak izan ditu Siemens Energyk azken urtean, taldeak inoiz izan dituen galerarik handienak. Konpainiak, Euskal Herrian egoitza duen Siemens Gamesari egotzi dio emaitza. Izan ere, Gamesaren x.4 eta x.5 modeloko turbinen arazo teknikoek eta aurreikusi gabeko lehengaien garestitzeak eragin dute emaitza negatiboa.
Hala, Siemens Energy Alemaniako Gobernuarekin negoziatzen aritu da azken asteotan, eta 15.000 milioi euroko laguntza plana adostu dute. Bankuek hartuko dute arriskuaren zatia eta Alemaniako Gobernuak 7.500 milioi euroko bermeak emango dizkie.
Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak bart azaldu zuenez, beste 3.000 milioi euroko laguntza ere eskatuko dio Alemaniako multinazioanalak Espainiako Gobernuari. Edonola ere, 2026ra arte ez dute mozkinetara itzultzea espero, eta hortaz, epe laburrean galerak izaten jarraitzea aurreikusten dute.
Egungo egoera ezegonkorra dela eta, etxe alemaniarra bere jarduerako adar guztiak berrikusten ari da, eta datorren astean plan estrategiko berria aurkeztuko du. Euskal Herrian 2.800 langile ditu Siemens Gamesak, eta bertako langileak mesfidati dira, beren lanpostuak arriskuan ikusten baitituzte.
Testuinguru honetan, Siemens Energyk hainbat desinbertsio egingo dituela dirudi. Jada, Virginian, Estatu Batuetan, eraiki behar zuten lantegi berria ez dute egingo, eta Indian zuen negozioaren zati bat ere saldu du. Dena den, taldeak adierazi duenez, egoerari buelta emateko gai da, eta negozio eolikoa kenduz gero, urteko helburuak bete dituztela nabarmendu du.