• ENPRESAK GAUR
  • Inoizko irabazi handienak izan ditu CIE Automotivek, 325 milioi euro

Inoizko irabazi handienak izan ditu CIE Automotivek, 325 milioi euro

Autoen osagaiak ekoizten dituen enpresak %5 handitu ditu mozkin garbiak. Kutxa sortzeko izan duen gaitasunak "minimo historikoetara" eraman du bere zorpetzea

CIE Automotiveko lantegi bat | Argazkia: Europa Press
CIE Automotiveko lantegi bat | Argazkia: Europa Press
2025eko otsailaren 27a
Eg. 2025eko otsailaren 27a

CIE Automotivek inoizko irabazi handienak izan ditu 2024an. 325 milioi euroko mozkin garbiak lortu ditu enpresak, 2023an baino %5 gehiago, eta guztira 3.960 milioi euroko salmentak izan ditu (%1,1 gehiago).

 

Autoen osagaiak ekoizten dituen konpainia ziurgabetasun handiko merkatuan dabil. Halere, EBITDA %2,1 handitu du, 727,9 milioi euroraino, eta ustiaketa emaitza garbia %2, 538,4 milioiraino.

CIE Automotivek azpimarratu du kutxa sortzeko maila altuak "minimo historikoetaraino" eraman duela zorpetzea. Finantza-zor garbia ia 1.135 milioi eurotik 1.000 milioi euro pasatxora murriztu du, eta kutxa operatiboaren fluxua, berriz, 463 milioi eurotik gorakoa izan da 2024aren itxieran.

 

Jesus Maria Herrera konpainiako kontseilari ordezkariak adierazi du “merkatuaren gainetik hazten” ari direla, eta hori dela eta, 2025era begira ezarritako plan estrategikoko helburuak betetzea aurreikusten dutela.