
Iparragirre Eraikuntza Lanak eraikuntzaren sektorean diharduen 75 urteko enpresa da, Idiazabalen (Gipuzkoa) sortua. Hainbat lan mota egiten dituzte, besteak beste, obra publikoak, etxegintza, birgaitze lanak eta industria obrak. Familia proiektu gisa hasi zena, antolakuntza tekniko gisa finkatu da, sektoreko profesionalez osatua eta lan egiteko modu antzemangarri batekin.
“Gure historia 1950ean hasi zen, eta gaur egun bizirik jarraitzen du, esperientzia, exijentzia tekniko eta egokitzeko gaitasuna uztartzen jakin duten hainbat belaunaldiren inplikazioari esker”, adierazi du Pedro Iparragirre enpresako lehendakariak. Azken urte hauetan, industrializaziorako, digitalizaziorako eta jasangarritasunerako urrats sendoak eman dituzte, betiere helburu argi batekin: hobeto eraikitzea, modu seguruan, efizientean eta ingurunea errespetuz.
50. hamarkadako Goierri loratua
Iparragirreren aitak eta osabak, orduan Indarren lan egiten zutenak, sortu zuten enpresa. “Erabakia ausarta izan zen, testuinguru gogor batean hartutakoa, baina premiaz eta aukeraz betea”, dio Iparragirrek. Goierri (Gipuzkoa) eraldatzen hasi zen; industrializatu egin zen, familiak baserria uzten hasi ziren, eta etxebizitzak, tailerrak, kaleak eta oinarrizko azpiegituren beharra areagotu zen.
Baliabide oso gutxirekin, baina ezagutza praktiko, seriotasun eta lanerako gaitasun handiarekin, eraikuntza enpresa txiki bat jarri zuten martxan. Lehenengo obrak inguru hurbilean egin zituzten, bai partikularrentzat, bai Ampo, Estanda eta Indar enpresentzat. Enpresa horiek eskualdeko industria ehuna osatzen hasi ziren.
Ekimen hori negozio hutsa baino askoz gehiago izan zen: Goierriren garapenari zuzenean laguntzeko modu bat, zorroztasun tekniko, konstantzia eta konpromisoarekin. Behar asko eta baliabide gutxiko garaia zen ordukoa, dena egiteke zegoen; materialak eskuratzea ez zen erraza, mekanizazioa ia ez zegoen eta esfortzu fisikoa izugarria behar zen. Hala ere, era guztietako lanak burutu zituzten, ofizio eta borondate handiz.
Pedro Iparragirre: “Erabakia ausarta izan zen, testuinguru gogor batean hartutakoa, baina premiaz eta aukeraz betea”
Aurrerapen teknikoen garaia ere izan zen. Industriaren arloan garai hartarako asmo handiko proiektuak lantzen hasi ziren, egiturari dagokionez ondo konponduak. Arrazionalismo arkitektonikoaren aroa zen: eraikin soilak, funtzionalak, hormigoi armatukoak, ageriko adreiluzkoak, estalki lauak... baita estalki kurbatuak ere, arkitektura adierazkorrago eta eraginkorrago bati forma ematen hasiak.
Testuinguru horretan, eraikitzea ez zen soilik hormak altxatzea; Goierriko eraldaketan aktiboki parte hartzea zen. “Bizitzeko, lan egiteko eta lurraldea antolatzeko modu berri bati bitarteko mugatuekin erantzutea zen”, nabarmendu du Patxi Albisu konpainiako zuzendari kudeatzaileak.
Lan egiteko modu zuzena eta arduratsua
Hasierako urteak bultzada handiko urteak izan ziren. Fundatzaileek jakin bazekiten eraikuntza funtsezkoa izango zela aldaketa-une horretan, eta erabakitasunez abiatu zuten proiektua, baliabide handirik gabe, baina egin nahi zutenaren ideia argi batekin.
Hasieratik, eskualdean jaiotzen ari ziren enpresentzako industria lanak egin zituzten: udalerrietako lehen azpiegitura publikoetako batzuk ere egin zituzten; hala nola Idiazabalgo udaletxea, mediku kontsultategia edota Olaberrin Ihurreko gasolindegia. Horrez gain, Zigor, Goiko Kalbario edo Igarondo auzoetan etxebizitzak sustatu ziren, baserritik hiri etxebizitzarako trantsizio prozesuan.

Oinarrizko tresnekin lan egiten zen, askotan eskuz, eta baldintza gogorretan. “Baina jarrerak markatzen zuen desberdintasuna; lan egiteko modu zuzena eta arduratsua, apaingarririk eta bidezidorrik gabea. Lan bakoitza gu nor ginen erakusteko modu bat zen”, adierazi du Iparragirrek. Izaera tekniko eta konprometitu hori izan zen ondoren etorri zen guztiaren oinarria.
Lorpen nagusiak
Lan egiteko modua galdu gabe, une bakoitzera egokitzeko gaitasuna nabarmentzen dute enpresako bi ordezkariek. Hazkunde garaietatik igaro dira, baita krisi gogorretatik ere, eta guztietan jakin dute konpromisoari, eskakizunari eta koherentziari eusten. 70eko hamarkadan, krisiak berrantolatzera behartu zituen. Orduan sartu zen Iparragirre enpresan, testuinguru delikatuan, bai familian, bai sektorean. Edonola ere, jarduerari eustea eta etapa berrietarako bidea prestatzea lortu zuen.
Barandiaran Museoa, Lazkaoko saihesbidea edo Aramako Udaleko lanak egin zituen Iparragirre enpresak
Beste fase zail bat 2008aren ondorengoa izan zen. Enpresa asko ixten ziren bitartean, Iparragirre Eraikuntza Lanak-ek eutsi egin zion, esfortzuarekin eta lan egiteko modu zentratu batekin. Garai horretan, Barandiaran Museoa, Lazkaoko saihesbidea edo Aramako Udalaren obra garrantzitsuak egin zituzten.
Azkenaldian, aldiz, eraldaketa prozesu sakona bizi izan dute; plangintza handiagoa, osagai tekniko gehiago, tresna digitalen integrazioa eta prozesu industrializatuen sustapenaren ondorioz, besteak beste.
Eredu teknikoari eutsiz
75 urte igarota, enpresaren helburua eraikitzen jarraitzea da, zorroztasunez eta argitasunez. Industrializazioan aurrera egitea, teknologia erabilgarria aplikatzea eta iraunkortasunarekin duten konpromisoa indartzea, identifikatzen dituen egiteko modua galdu gabe. “Hori dago gure DNAan: lan egiteko modu zehatz bat. Nabaritzen da nola prestatzen den obra bat, nola jokatzen den arazo bat dagoenean, nola zaintzen diren xehetasunak edo nola hartzen diren erabakiak. Ez dago idatzita, baina barnean daramagu”, esan du Albisuk.
Etorkizunari begira, estilo hori sendotu nahi dute, eredu teknikoago eta prestatuago bati esker; belaunaldien arteko erreleboa zainduz, taldeak indartuz, profil berrietara irekiz eta esperientziaren, berrikuntzaren eta konpromisoaren arteko oreka mantenduz. Albisuk dioenez, kontua ez da hazteagatik haztea, baizik eta zentzuz aurrera egitea, izandakoari leial mantenduz.
Eraikuntza sektorearen gorabeherak
Sektorea erabat aldatu da. Gaur egun, obra batek duela 30 edo 40 urte baino askoz gauza gehiago eskatzen ditu: araudi, dokumentazio eta kontrol gehiago eta espezializazio maila askoz handiagoa. Albisuren arabera, eskakizun teknikoak, ingurumenekoak, administratiboak eta segurtasunekoak oso handiak dira.
Erritmoa ere aldatu da. Lehen dena zuzenagoa zen, baina, gaur egun, obra bat askoz lehenago hasten da, hilabeteetako plangintza teknikoarekin, dokumentuen koordinazioarekin eta aurretiko kudeaketarekin. Aurrea hartu, aurreikusi eta egitura oso profesionala izan behar da horri eusteko.
Patxi Albisu: “Guk gure estiloa galdu gabe moldatzen jakin dugu, eta hori ez da beti erraza, baina horrek ematen digu aurrera jarraitzeko grina”
Hala ere, funtsezkoena gauza bera da: gauzak ondo egitea, taldea zaintzea eta seriotasunez erantzutea. “Guk gure estiloa galdu gabe moldatzen jakin dugu, eta hori ez da beti erraza, baina horrek ematen digu aurrera jarraitzeko grina”, adierazi du Albisuk.
Berrikuntza zentro berri bat
Azken urteetan, plangintza indartzearen, BIM bezalako metodologiak integratzearen, jasangarritasun irizpide errealistak aplikatzearen eta haien obra guztietan eredu industrializatuago baten arabera lan egitearen alde egin du Idiazabalgo enpresak. Ahalegin iraunkor horri esker, kultura sendoa, 50 pertsona inguruko lantalde egonkorra eta 2024an 15 milioi eurotik gorako fakturazioa izan duen enpresa dira. “Ez da bat-bateko hazkundea izan, egonkortasunaren, prestakuntzaren eta konfiantzaren isla baizik”, aldarrikatu du Iparragirrek.
Eraikuntzari aplikatutako teknologien zentro berria martxan jarriko dute Idiazabalen. Aurtengo bigarren seihilekoan irekiko ditu ateak
Etapa honetako urrats garrantzitsuenetako bat eraikuntzari aplikatutako teknologien zentro berria martxan jartzea izan da. Zentro horrek 2025eko bigarren seihilekoan irekiko ditu ateak Idiazabalen. Digitalizazioa, plangintza aurreratua eta dronak, 3D eskanerrak edo simulazio digitalak bezalako tresnen erabilera sustatzeko gunea izango da; baina, batez ere, zehaztasun, iraunkortasun eta irizpide tekniko handiagoz eraikitzen jarraitzeko apustu garbia da.
Kezkak eta erronkak
Erronka nagusia gero eta konplexuagoa den inguruneari erantzutea dela diote Iparragirretik. Albisuk dioenez, ez da nahikoa dena ondo egikaritzea; hasieratik bukaerara aurreikusi, justifikatu eta koordinatu behar da.
Belaunaldien arteko erreleboa ere kezka iturri da. Zaila da gazteak sektorera erakartzea, batez ere, obretara, eta horrek talde askoren jarraipena arriskuan jar dezake. Horregatik, Iparragirreren arabera, funtsezkoa da zentzua eta etorkizuna izango duen lan egiteko modu bat prestatzea, zaintzea eta transmititzea.
Digitalizazioa eta industrializazioa ez dira aukera bat, behar bat baizik; efizientzia eta erantzuteko gaitasun handiagoarekin lan egiteko aukera ematen baitute. Jasangarritasuna ere beste erronka bat da, prozesuak hobetzea eskatzen duena, kalitate teknikoa eta errealismo eraikitzailea bultzatzen dituzten bitartean. “Erronka handiak dira, baina baita gauzak hobeto egiteko aukerak ere”, adierazi du Iparragirrek.
75 urte lanean irauteko formula
“Ez dago formula zehatz bat, baina bai etengabeak izan diren printzipio batzuk: arduraz jokatzea, zorroztasunez lan egitea eta erabakiak orekaz hartzea”, azaldu du Iparragirrek. Talde on batez inguratzea, pertsonak zaintzea eta gauzak ondo egitea, batzuetan gehiago kostatzen bada ere.
Pedro Iparragirre: “Ez dago formula zehatz bat, baina bai etengabeak izan diren printzipio batzuk: arduraz jokatzea, zorroztasunez lan egitea eta erabakiak orekaz hartzea”
Iparra galdu gabe egokitzea ere funtsezkoa izan da. Gauza asko aldatu dituzten arren, haien izaerari eutsi egin diote. Profesionalagoak izatea, teknologia txertatzea eta ikastea lortu dute, baina seriotasuna eta ondo egindako lanarekiko konpromisoa galdu gabe.
Iparragirreren arabera, aurrera egiteko gauza bera behar da: zentzua eta jarraitasuna duen egiteko modu baten argitasuna, exijentzia eta fideltasuna. Horri eusten dion enpresak, etorkizuna konfiantzaz eraiki dezake.