Irizarrek Poloniako garraio publikoa kudeatzen duten hainbat operadorerekin kontratuak sinatu berri ditu. Horri esker, denera 80 autobus berri ekoitziko ditu herrialdeko hainbat hiritarako, den-denak Irizar ie modelokoak.
Zehazki, eta konpainiak azaldutakoaren arabera, duela aste batzuk MZA Varsovia operadorearekin akordioa sinatu zuen, 10 metroko luzera duten 10 autobus egiteko. Autobus horiek 2026 amaierarako entregatuko ditu euskal konpainiak, eta bertan txertatuko den berrikuntza nagusia da 1 kW panel fotovoltaikoak izango dituztela. Eskaeraren barruan sartu daiteke beste 10 autobus eskatzea.
MPK Krakoviak, bestalde, bigarren kontratua itxi du Irizar e-mobilityrekin, kasu horretan 22 autobus berri ekoitzi ditzan, 12 metrokoak. Unitateok datorren urte erdialderako izango dira martxan, eta herri erdialdetik zirkulatuko dute. Ibilgailu berri horiekin, denera Irizarren 26 autobus izango dira Krakoviako flotan, 2023tik lau unitate baitira horren parte.
Bielsko-Bialako Garraio Administrazioko Udal Agintaritzan ere Irizar e-mobilityko 12 autobus izango dira, 12 metrokoak. Entrega 2026ko lehen seihilekorako aurreikusi da.
GZM Katowice izan da bere flota modernizatzea aurreikusi duen beste operadore bat, hainbat hiritan operatuko dutenak, tartean Sosnowiec, Swierlaniec, Katowice eta Gliwice. Denera 31 autobus elektriko berri izango dira, horietatik 16 artikulatuak —18 metrokoak— eta 15 ohikoak, 12 metrokoak.
Azkenik, Nowy Sacz hiriko MPK operadoreak 10 metroko bost autobus gehituko ditu hiri-garraio sarera, 2026ko lehen seihilekoan entregatuko direnak.