Irizarrek kontratu berri bat lortu du Herbeheretan. 39 autobus elektriko egingo ditu Arriva Personenvervoer Netherlands konpainiarentzat, Irizar ie tram modelokoak. Azaldu dutenez, autobusak abendurako entregatu beharko ditu Irizarrek, eta Herbeheretako Oost-Brabant (Ekialdeko Brabante) eskualdean erabiliko dira, Tilburg eta s-Hertogenbosch udalerrietan, hain zuzen. Kontratuaren zenbatekoa ez dute zehaztu.
Lehen aldia izango da Irizarrek Herbeheretarako autobusak egiten dituela. Hori dela eta, José Antonio Sola nazioarteko salmenten arduradunak Arrivak izan duen konfiantza nabarmendu du. “Guretzako eskaera hau oso garrantzitsua da, gure portfolioan herrialde berri bat gehitzen dugulako eta gure soluzioak hedatzea ahalbidetzen digulako”, azaldu du.
Jan Pieter Been Arriva Netherlands konpainiako ordezkariak, halaber, aitortu du espektatiba “oso altuak” dituztela Irizarrek ekoitziko dituen autobusak direla eta.
39 autobusetatik 18k hamabi metroko luzera izango dute, eta beste 21ek 18 metro izango dituzte. 615 kW orduko ahalmena duten bateriez hornituta izango dira, eta Combo 2 karga sistemaren bidez kargatuko dira. Autobusak Adunako (Gipuzkoa) lantegian egingo dituzte.