• ENPRESAK GAUR
  • 'Irratia gira', Lapurdiko Gure Irratiaren laguntza aldarria

'Irratia gira', Lapurdiko Gure Irratiaren laguntza aldarria

Gure Irratia irrati librea egoera ekonomiko lazgarrian dago: haren zenbait diru-iturri arriskuan dira, eta 40.000 euroko egiturazko defizita du, Frantziako digitalizazio arauetara egokitzeko egindako inbertsioen karietara

1981ean, Milafranga udalerrian sortutako irratia da Gure Irratia | Argazkia: Gure Irratia
1981ean, Milafranga udalerrian sortutako irratia da Gure Irratia | Argazkia: Gure Irratia
2026ko maiatzaren 9a - 05:30

Haritza Camblong Gure Irratiko presidentearen esanetan, "Gure Irratia mundu mailan euskara hutsez jardun zuen lehen irratia dugu". Datu hori guztiz egiaztatu behar dela aitortzen duen arren, Lapurdin 1981ean sortu zen Gure Irratia, eta euskara hutsean aritu zen Lapurdiko lehen irratia izan zen. Datorren urtean beteko ditu 45 urte haren sorreratik. Milafrangan abiatu eta Baionan jardun ondoren, egun Uztaritzen kokatzen da.

 

Alta bada, azken urteak ez dira samurrak izan ekonomikoki komunikazio proiektu komunitario euskaldunarentzat. “Egoera ekonomikoa nahiko txarra izan da azken urteotan. Duela lauzpabost urte berregituraketa bat izan zen Euskal Irratietan (Xiberoko Botza, Antxeta Irratia, Irulegiko Irratia eta Gure Irratiak eratzen duten Ipar Euskal Herriko irratien federazioa). Gure Irratian, adibidez, sei langile ziren, eta hiru Euskal Irratietara joan ziren. Aholkularitza enpresa batek azterketa bat burutu ondoren, erabaki zen emisioaren zati bat, informazioari zegokiona, federazioak kudeatzea”, adierazi du Camblongek.

Gaur egun, Gure Irratian jarduten zuten langile gehienak Euskal Irratien federazioan jarduten dute. Berregituraketa horren eraginez, Gure Irratiaren egitura, Lapurdiko irrati erreferente gisa —Antxeta Irratiarekin batera— ahulago geratu bazen ere, federazioaren babesa jaso zuen. Alta bada, egituraren trantsizio horretan Gure Irratiko arduradunak konturatu ziren zenbait gastu handitu egin zirela, egungo 40.000 euroko defizita izan arte. “Azken hamar urteotan diru-sarrerak ez dira igo, eta, aldiz, gastuak bai: elektrizitatea, materiala, soldatak... Horrez gain, digitalizazioa jarri behar izan genuen abian. Frantzian ezarritako DAB+ sistemaren alde egin behar izan dugu, eta frekuentzia hori izateko 8.000 euro ordaindu behar dira”, zehaztu du Camblongek.

 

Haritza Camblong: "Behar dugu erakutsi oso garrantzitsuak garela Lapurdirentzat eta euskal komunitatearentzat, eta komunitate hori inplikatzea lortu behar dugu"

Egun, Gure Irratiaren diru-iturri gehienak FSR Frantziako erakunde publiko batetik heltzen dira, %70 gutxi gorabehera. Dena den, irrati libreak finantzatzeko erakundearen funtsak arriskuan dira: Estatu frantziarrak duen zorra kitatzeko mehatxuak izan dira, dirulaguntzok murriztuko dituztelakoan, eta mehatxuoi aurre hartu nahi diete irratiko arduradunek. Horrez gain, EEP Euskal Elkargoak ere diruz laguntzen du irratiak euskararen alde egindako lana. Azken urteotako entzuleriaren gaineko zenbait inkesten arabera, 15.000 bat entzule izan ditzake Gure Irratiak. “Behar dugu erakutsi oso garrantzitsuak garela Lapurdirentzat eta euskal komunitatearentzat, eta komunitate hori inplikatzea lortu behar dugu. Alde batetik, dirulaguntzen bidez, baina izan daiteke, era berean, administrazio lanen bidez eta abar. Eta, bestetik, gazteei begira, irratia egokitu behar dugu sare sozialak indartzeko”, nabarmendu du irratiaren presidenteak.

Komunitatea

Iragan irailean abiatu zuten Irratia gira lelopeko kanpaina, eta lehendabizi udalak izan zituzten xede. “Zenbait udalek lehendik ematen zituzten dirulaguntzak, baina beste batzuek ez, eta kanpainarekin udal gehiago lortu izan ditugu”, Camblongen hitzetan. Horrez gain, enpresen mezenasgoa lortzeko ekimena jarri zuten abian; halaber, orain arte ez dute lortu askorik buru-belarri inplikatzea, denbora faltagatik. Uztailetik aurrera, berriro bide horri indar gehiagoz heltzeko asmoa agertu dute irratiko arduradunek. Norbanakoek ere diruz lagundu dezakete Irratia Gira komunitatea webgunean jarritako Euskarazko irrati bat arriskuan lemapean kide izateko aukeraren bidez. “Ekimen hauekin guztiekin askoz hobeto da gure egoera, baina oraindik lana geratzen zaigu. Azterketa bat burutu genuen abenduan, eta erdia betetzeke dago”, gehitu du.

“Zenbait udalek lehendik ematen zituzten dirulaguntzak, baina beste batzuek ez, eta kanpainarekin udal gehiago lortu izan ditugu”

Gure Irratia gaur egungo komunikabideen eskakizun berrietara egokitzeko ahaleginean ari da une honetan, batez ere sare sozialek eskatzen duten lan eskerga aurrera eraman ahal izateko eta gazte jendea bereganatzeko. Podcastak, bideoak eta abar sortu nahi dituzte, eta horrek lan gehiago eskatuko die. Orain arte langile biren lana partzialki federaziora eta Zebra Bidea Arrosako sareak sortutako programara bideratuta bazegoen ere, eta neurri batean Gure Irratiaren soldaten gastuak apaldurik, aurrerantzean langileak eginkizun berri horiek indartzen arituko dira.