Iruñerriko paisaia ekonomikoa nabarmen aldatu da azken urteetan. Joan den mendeko 60ko hamarkadan, industria-jarduera Landabengo industrialdean pilatzen zen nagusiki. Gaur egun, ordea, enpresa-eremuen sare zabala dago eskualde osoan barrena: Agustinos, Mutiloa, Cordovilla, Noain-Eskoritza eta Arazuri-Orkoiengo poligonoak dira horren adibide. Hedapen geografikoarekin batera, enpresen jarduera ere dibertsifikatu egin da, eta industria tradizionalak sektore berriei egin die lekua.
Karlos Txokarro San Martin Nasuvinsako Industria Lurzoruaren zuzendariordearen arabera, bilakaera horrek Iruñerria Nafarroako industria eta enpresa-gune nagusi bihurtu du. "Hastapenean automobilgintza, metalgintza eta manufaktura-industria ziren nagusi. Gaur egun, berriz, logistika, zerbitzu aurreratuak, teknologia, berrikuntza eta ekonomia berdeari lotutako enpresak ere baditugu", azaldu du.
Aldaketa horren ondorioz, industrialdeak ez dira ekoizpen-jarduerarako gune hutsak. Gero eta ohikoagoa da eremu berean fabrikak, biltegi logistikoak, bulegoak, ikerketa eta garapenerako instalazioak eta zerbitzu espezializatuak aurkitzea.
Industrializazioaren aldeko apustua
Iruñerriko industrialdeen hazkundea azaltzeko hainbat faktore aipatu dizkigu Txokarrok. Horien artean, erakunde publikoek 60ko hamarkadatik industrializazioaren alde egindako apustua nabarmendu du. Nafarroako Gobernuak eta Nasuvinsak industria-lurzorua garatzeko egindako lanak enpresa berriak ezartzeko aukera eman du.
Nasuvinsak sustatutako industrialde nagusien artean daude Arazuri-Orkoien, Galar Zelaigunea, Iruñeko Garraioaren Hiria eta Comarca 2 industrialdea, baita azken horren handitzea ere.
Hala ere, erakundeen jarduna ez da hazkundearen arrazoi bakarra izan. Enpresa handiek ere funtsezko zeregina bete dute, Volkswagen Nafarroak bereziki. Automobilgintzako lantegiaren inguruan hornitzaile, osagai-ekoizle eta industria osagarrien sare zabala sortu da, eta horrek eskualdeko jarduera ekonomikoa indartu du.
Txokarro: "Automobilgintza erreferentziazko sektorea da oraindik, baina hazkunderik dinamikoena teknologian, logistikan eta zerbitzu espezializatuetan gertatzen ari da"
Bertzalde, Iruñerriaren kokapen geografikoa ere abantaila garrantzitsua izan da, noski. Ebroko ardatzarekin, Kantauri eta Mediterraneo aldeko portuetarako sarbidearekin batera, enpresa aunitzen interesa piztu dute poligonoek.
Horri guztiari gehitu behar zaio inguruko udalerrietan lurzorua eskuragarri izatea eta errepide zein trenbide-azpiegituretan egindako hobekuntzak. Izan ere, faktore horiek guztiek industria-jarduera Iruñetik harago hedatzea ahalbidetu dute.
Automobilgintza nagusi, baina sektore berriak hazten
Automobilgintzak Iruñerriko industrialdeen erreferentzia nagusia izaten jarraitzen du. Volkswagenen inguruko industria-sareak pisu handia dauka oraindik, eta metalgintzak zein manufaktura-industriak ere presentzia nabarmena dute.
Dena den, azken urteetan bertzelako jarduerek gero eta garrantzi handiagoa hartu dute. Logistika eta garraioa, erraterako, bereziki garatu dira Noain-Eskoritza, Cordovilla eta Arazuri-Orkoien inguruan. Horren erakusgarri da Nasuvinsak sustatutako Iruñeko Garraioaren Hiria, garraio- eta logistika-enpresen beharrei erantzuteko sortutako gunea.

Era berean, ingeniaritzak eta zerbitzu aurreratuek presentzia handiagoa dute Mutiloa eta Cordovilla bezalako eremuetan. Informazioaren teknologiek, industria-digitalizazioak eta energia berriztagarriek ere hazteko aukera berriak zabaldu dituzte.
"Automobilgintza erreferentziazko sektorea da oraindik, baina hazkunderik dinamikoena teknologian, logistikan eta zerbitzu espezializatuetan gertatzen ari da", erran digu Txokarrok.
Bilakaera horrek erakusten du Iruñerriko industria-ehuna ez dagoela sektore bakar baten menpe, nahiz eta automobilgintzak eskualdeko ekonomian duen eragina handia izaten jarraitzen duen, noski.
Lurzorua ez da nahikoa: enpresek gero eta gehiago eskatzen dute
Industrialdeen eraldaketarekin batera, enpresek kokaleku berri bat aukeratzeko erabiltzen dituzten irizpideak ere aldatu dira.
Lehen, lurzoruaren erabilgarritasuna eta garraio-konexioak ziren faktore nagusietako batzuk. Gaur egun, ordea, enpresek baldintza gehiago hartzen dituzte kontuan: energia-hornidura nahikoa izatea, konektibitate digital ona edukitzea, jasangarritasun-irizpideak betetzea eta langileentzat ingurune erakargarria eskaintzea.
Txokarrok kontatu digunez, enpresek lurzoru malgua behar dute, etorkizunean handitzeko aukerarekin eta izapide administratibo arinekin. Era berean, energia berriztagarrien erabilerak eta industria-prozesuen elektrifikazioak gero eta garrantzi handiagoa dute.
Zuntz optikoa, 5G sareak, segurtasuna, garraio publikoa eta aparkalekuak ere lehiakortasunaren parte bihurtu dira. Helburua ez da soilik enpresa bat kokatzeko lur zatia eskaintzea, haren jarduera eta hazkundea errazten dituen ingurune osoa sortzea baizik. Horren adibide gisa, Txokarrok MOBIS enpresaren ezarpena aipatu du. Volkswagen Nafarroaren ibilgailu elektriko berrietarako bateriak hornitzen dituen enpresa Iruñeko Garraioaren Hirian kokatzeko, Nasuvinsak beharrezko hirigintza-aldaketa kudeatu zuen Nafarroako Gobernuaren bultzadarekin. Errate baterako, eragiketa horrek 147.000 metro koadroko lurzati bat egokitzea ahalbidetu zuen, industria-proiektu berriaren beharretara moldatzeko.
Etorkizuneko industrialdeak, adimendunak eta jasangarriak
Datozen urteetan, Iruñerriko industrialdeek hainbat erronkari egin beharko diete aitzin. Karlosek aipatu digunez, Nasuvinsaren lehentasunen artean dago industria-lurzoruaren eskaintza handitzea, tamaina desberdinetako lursailak eskainiz, enpresa mota eta behar aunitzetara egokitzeko.
Trantsizio energetikoa ere erronka nagusietako bat izanen da. Energia berriztagarrien erabilera sustatzeaz gain, industrialdeen ingurumen-inpaktua murriztea bilatuko dute. Horretarako, bertzeak bertze, drainatze jasangarriko hiri-sistemak ezartzea aurreikusten da, euri-uren kudeaketa hobetzeko.
Trantsizio energetikoa ere erronka nagusietako bat izanen da. Energia berriztagarrien erabilera sustatzeaz gain, industrialdeen ingurumen-inpaktua murriztea bilatuko dute
Bertzalde, industrialdeen gobernantza modernizatzea ere garrantzitsua izanen da. Txokarroren hitzetan, izapidetzen ari den Nafarroako Industria Foru Lege berriak Kudeaketa eta Modernizazio Erakundeak sustatzea proposatzen du eta, hortaz, industrialdeen mantentze-lana, zerbitzuak eta kudeaketa hobetuko dira.
Horrez gain, mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzea eta talentua erakartzeko zein bertan mantentzeko baldintzak sortzea ere izango dira datozen urteetako erronka mardulak.
Sei hamarkadatan, Iruñerriko industrialdeak Landabenen inguruan antolatutako industria tradizionaletik jarduera ekonomiko askotarikoak hartzen dituen sare zabalera pasatuko dira. Orain, bertze eraldaketa baten atakan daude.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta