• ENPRESAK GAUR
  • Irungo hiru garraio enpresa erosi ditu Everwood Capital funtsak

Irungo hiru garraio enpresa erosi ditu Everwood Capital funtsak

Arin Express, Trans Paneuropa eta HTG Express konpainiak batu eta talde berri bat sortu du. 100 milioi eurotik gorako diru-sarrerak izango ditu

Argazkia: Europa Press
Argazkia: Europa Press
2025eko azaroaren 20a - 15:31

Everwood Capital inbertsio funts espainiarrak Irungo (Gipuzkoa) Arin Express, Trans Paneuropa eta HTG Express enpresen gehiengoa eskuratu du. Funtsak adierazi du industria garraioaren sektoreko hiru konpainia erreferente erosi dituela, eta modu honetara, 100 milioi euroko diru-sarrerak dituen taldea osatuko duela, nazioarteko presentzia izango duena, 250 laguneko lantaldearekin eta 5.000 bezerorekin.

 

Madrilgo funtsa beste garraio enpresa batzuen jabe ere bada, eta egun 900 milioi eurotik gorako aktiboak kudeatzen ditu. "Produktibitatea hobetu nahi dugu digitalizazioan, komunikazio aurreratuan eta denbora errealeko geolokalizazioan inbertsio handia eginez”, adierazi du Juan Jose Andres Everwood Capitaleko bazkideak. Hala, funtsak presentzia areagotu nahi du hainbat herrialde estrategikotan: Espainian, Frantzian, Alemanian, Marokon, Turkian, Errumanian eta Serbian.

Arin Express duela 20 urte sortutako enpresa da; ehin langile eta 1.500 bezero baino gehiago ditu. Marokon, Italian, Turkian, Errumanian eta Serbian ordezkaritzak ditu, eta Afrikako iparraldean express garraio sektoreko liderra da.

 

Trans Paneuropa 1994an sortu zen, eta Irunen, Bartzelonan (Katalunia) eta Fellbachen (Alemania) ditu egoitzak. 350 gidari baino gehiagoko sarea du. HGT Expressek, aldiz, Frantzian eta Marokon garatzen du bere negozioaren zati handiena. 100 behargin baino gehiago ditu, eta 3.000 gidari baino gehiagoko sarea.

Talde berriaren buru Geoffrey Sterkendries izango da, HTG Expresseko egungo zuzendari nagusia. Halaber, enpresa saltzaileek proiektuaren parte izaten jarraituko dute, "etapa berri honetan lagunduz eta haren hazkundeari, berrikuntzari eta hedapenari modu aktiboan lagunduz", adierazi du Sterkendriesek.