ITP Aerok zentro berria ireki du Zamudion

Admire izeneko gune berrian, hainbat teknologiaren bitartez, fabrikazio aurreratua landuko da

Inaugurazio ekitaldian izan dira Imanol Pradales eta Pedro Sanchez, besteak beste | Argazkia: ITP Aero
Inaugurazio ekitaldian izan dira Imanol Pradales eta Pedro Sanchez, besteak beste | Argazkia: ITP Aero
2025eko otsailaren 27a
Eg. 2025eko otsailaren 27a

ITP Aerok zentro berria inauguratu du Zamudion (Bizkaia). Admire izeneko gunean aeronautika sektorearen jasangarritasuna landuko dute, eta, azaldu dutenez, bertan egingo dute lan “oso kualifikatuak diren 150 profesionalek”. Zentroa eraikitzeko 24 milioi euro inbertitu ditu aeronautika sektoreko motorren fabrikatzaileak. Bertan, material berriak ikertuko dituzte, “konplexutasun handiko pieza berriak garatzeko, eta, hala, soluzioak eskaintzeko gaitasuna hobetzeko”.

 

Inaugurazio ekitaldian izan dira, besteak beste, Eva Azoulay ITP Aeroko zuzendari exekutiboa, Imanol Pradales lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako presidentea.

Taldeak zehaztu du fabrika berrian lau teknologia “gako” landuko dituztela: fabrikazio gehigarria (3D inprimaketa); galdaketa aurreratua; soldadura eta konponketa aurreratua; eta, industria 4.0.

 

Azoulayk adierazi du taldeak jasangarritasunarekiko konpromisoa erakutsi duela gune berriaren irekierarekin, eta gaineratu du Admirek enplegua eta industria sustatuko dituela Euskal Herrian. ITP Aeroren negozioaren %70 abiazio komertzialaren sektoreari dagokio, eta taldeak 1.200 enplegatu ditu egun.