ITP Aerok bere ekoizpen gaitasuna handitu asmo du, eta horretarako, 35 milioi euroko inbertsioa egingo du Zamudioko egoitza nagusian, espazioa 4.000 metro koadrotan handituta.
Motorren diseinua, fabrikazioa eta muntaketaz harago, ITP Aerok salmenta osteko zerbitzua indartu nahi du, eta esparru horretan bi kontratu berri sinatu ditu Pratt & Whitney eta Rolls-Royce etxeekin. Halaber, aeronautika sektoreko konpainiak kualifikazio handiko 150 langile kontratatzeko asmoa ere iragarri du.
Eva Azoulay ITP Aero Taldearen kontseilari delegatuak nabarmendu du inbertsioak enpresaren "hazkunde sendoa islatzen" duela, eta gehitu du balio erantsi handiko enplegua sortuko dutela.
Bain Capital funts estatubatuarra da ITP Aeroren jabe nagusia, akzio guztien %77,5 duelarik. Eusko Jaurlaritzak, Finkatuz funtsaren bidez, %6a du jabetzan; Indrak, aldiz, %9,5 du eta JB Capitalek %7.
ITP Aerok orotara 400 milioi euroko inbertsioa egingo du nazioartean dituen lantegietan. Izan ere, pasabide bakarreko hegazkinen merkatuan bere posizioa indartu nahian dabil. Gauzak horrela, konpainiak 1.200 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du 2030era bitartean.
Azoulayren hitzetan, konpainia “une gozoan” aurkitzen da. Sektoreko aurreikuspenen arabera, hurrengo urteetan pasabide bakarreko 40.000 hegazkin berri merkaturatuko dira.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta