ITP Aeroren akziodun izango da Jaurlaritza, %6ko parte-hartzearekin

Parte-hartze horrekin, ITPren Administrazio Kontseiluan ordezkaritza izango du Eusko Jaurlaritzak

ITP Aeroren egoitza | Argazkia: Europa Press ITP Aeroren egoitza | Argazkia: Europa Press

Eusko Jaurlaritza ITP Aeroren akziodun izango da % 6ko parte-hartzearekin. Euskal Finantzen Institutuak kudeatzen duen Finkatuz izeneko funtsaren babesean egin dute operazioa, eta Jaurlaritzak ohar bidez jakitera eman duenez, helburu nagusia konpainia aeronautikoak Euskal Autonomia Erkidegoan duen industria proiektuari eustea izan da.

Itxitako akordioaren arabera, Gasteizko Gobernuak bere partaidetza bermatu du ITP Aeroren Administrazio Kontseiluan. "Europa mailan aeronautikaren sektorean erreferentea den enpresetako baten akziodun izateko eta Administrazio Kontseiluan egoteko aukera aprobetxatu nahi izan dugu, enpresa bertan sendotzea lehenetsiko duen industria proiektu bat sustatuz eta enplegua sustatzea bultzatuz", azaldu dute. 

Era berean, ITP Aerok abian jarri duen hazkunde planaren aldeko apustua egin du, teknologia beriak eta ikerketa eta garapena erdigunean jarriko dituen ekimen handia dela ziurtatuz.

Halaber, operazio horrekin elkarlanari atea zabaldu nahi diotela ere gaineratu dute oharrean, "negozio eta proiektu berriei" bide emanez, bereziki, aeronautikaren sektorean aritzen diren enpresa txikiei.

Zamudion egoitza duen enpresaren akziodun nagusia Bain Capital inbertsio funts estatubatuarra da, Rolls Royce taldeari 1.800 milioi euroren truke erosi ondoren.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK