• ENPRESAK GAUR
  • ITP Aeroren erosketan "onenak izateko" lanean ari direla adierazi du Reyes Marotok

ITP Aeroren erosketan "onenak izateko" lanean ari direla adierazi du Reyes Marotok

Espainiako Industria ministroak ez du izenik aurreratu nahi izan, eta "zuhurtziaz" aritzeko eskaera egin du

ITP Aeroren egoitza, Zamudion. Argazkia: ITP Aero
ITP Aeroren egoitza, Zamudion. Argazkia: ITP Aero
2022eko maiatzaren 26a
Eg. 2022eko maiatzaren 26a

Munduko Ekonomia Foroak nazioarteko ordezkari politiko eta enpresari ugari bildu ditu egunotan Davosen (Suizan). Testuinguru horretan hitz egin du Reyes Maroto Industria, Merkataritza eta Turismoko Espainiako ministroak ITP Aeroren etorkizunari buruz. EFE agentziak eginiko elkarrizketa batean, Zamudioko enpresaren erosketari buruzko erabakiak hartzen ari dira "egun hauetan".

 

Egun Rolls Royce da ITPko jabe, eta jakin badakigu Bain Capitalekin adostu duela ITP Aeroren salmenta 1.700 milioi euroren truke. Nazioarteko inbertsio fondoak  kapitalaren % 70 jarriko du, eta falta dena erosteko, kontsorzioa osatuko dute SAPA eta JB Capitalek. Bi enpresen artean, ordea, ez dira parte hartzearen % 30era iristen; % 15 falta da, eta hori nork jarriko duen negoziatu eta baieztatu behar da. Hori dela eta, "zuhurtziaz" aritzea eskatu du Marotok aipatutako elkarrizketan, lanean ari baitira "onenak bertan izan daitezen". Era berean, Industria ministroak izenak ematea ekidin nahi izan du, baina kontsorzioan nor izango den jakiteko "aste gutxi" geratzen direla adierazi du.

Duela egun batzuk, Espainiako Industria Partaidetzarako Estatuko Sozietateak Indra enpresan duen parte hartzea handitzeko eskaera egin zuen. Hain zuzen, partaidetza handituta, Indra ITPren erosketan sar zedin bultzatu nahi du. Duela bi urte, Indra ITP Aero erostekotan izan zen, azkenean hori gauzatu ez bazen ere. Dena den, ikusteko dago zer gertatuko den. Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzak ere Zamudioko enpresako erosketan parte hartzeko intentzioa jakinarazi du, horretarako hainbat kondizio jarrita, besteak beste enpresaren sede soziala eta finantzarioa erkidegoan mantentzea.