ITP Aeroren fakturazioa %17 hazi da 2025ean

Orotara 1.882 milioi euroko fakturazioa izan zuen. Langile taldea %10ean hazi da

Argazkia: ITP Aero
Argazkia: ITP Aero
2026eko martxoaren 4a - 14:18

Hegazkingintza komertzialeko, defentsako eta mantenu zerbitzuetako eskaeretan izandako hazkunde handiak eraman du ITP Aero fakturazioan %17ko hazkundea izatera 2024tik 2025era. Zifra hori 1.882 milioi eurokoa izan da, ohar bidez jakinarazi duenez, eta EBITDA —esplotazioko emaitza gordina—, berriz, 295 milioi eurotik 379 milioi eurora igaro da urtebetean, %28 hazita. Ebitari dagokionez, %30 egin du gora, 321 milioi euroan kokatzeraino. Gauzak hala, "finantza-jardun sendoa"-ren emaitzatzat jo ditu enpresak lorturikoa. AIpatzekoa da RPK bidaiari-kilometroko diru-sarreretan %5,3 hazkundea izan zuela. 

 

Hazkundea ez da soilik zifra ekonomikoetan eman. Zamudion egoitza duen konpainiak 6.250 langilerekin itxi zuen 2025, aurreko urtean baino 450 gehiago Espainian —%10 gehiago—.  Alegia, finantza jarduna ez ezik, "pertsonetan, gaitasun industrialetan eta epe luzeko teknologian" eginiko "inbertsio jarraitua" ere izan da apustua. Besteak beste, I+Gan 117 milio euroko berrinbertsioa egin dutela adierazi dute. Era berean, inbertsioari eutsi nahi diote datozen urtean, horietatik  600 milioi I+Grako eta 600 milioi Capexerako 2030 bitarte. Capexen 101 milioi euroko inbertsioa egin zuen taldeak 2025ean. 

Bain Capitalek enpresaren parte hartze handiena eskuratu zuenetik hiru urte bete berritan, enpresak aurreikusi du hazkunde nabaria mantentzea 2026an ere. Horretarako inbertsioa izango dute oinarri, bai operazio eta entregetan inbertsioa, bai garapen teknologikoan eta zerbitzu-zorroaren zabalkundean. Horiexek dira bere epe luzeko estrategiaren eta 2030 Negozio Planaren oinarriak.