PuntuEUS fundazioak eta Izarkom Kooperatiba Elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu berri dute, “indarrak batzeko” eta “euskarazko eta komunitatean oinarritutako digitalizazioa sendotzeko”. Hala, bi eragileek euskararen presentzia digitala lantzen duten proiektuak garatuko dituzte.
Jakinarazi dutenez, hainbat lan ildotan jarriko dute fokua: .eus domeinuaren sustapenean, eduki eta komunikazioen garapenean, prestakuntza eta sentsibilizazio jardunaldietan eta etorkizuneko ekimenen azterketan, besteak beste.
Horrez gain, jakinarazi dute Lorea Arakistain (PuntuEUS) izango dela Izarkom eskolako 3. saioko gonbidatua, zeinak nortasun digitala eta zibersegurtasuna izango dituen hizpide; bestalde, Izarkomeko kideek .eus domeinuen erregistro berriak doan izango dituzte (otsailaren 28ra bitartean) eta PuntuEUSeko harpidedunek ere pizgarriak izango dituzte Izarkomen zerbitzuak kontratatzeko.
Bi erakundeek duten ikuspegi partekatuak erraztu egin du elkarlan akordioa egin izana, biek ala biek ingurune digital beraren aldeko apustua egiten baitute: euskarazkoa, burujabea eta etikoa.