Jabe, kide, sare

Arrasateko kooperatiben sorrerak 1940ko hamarkadan du jatorria. Forma juridikoa baino, langileen duintasuna erdigunean jarriko zuen enpresa sarea izan zuen oinarrian

Jose Maria Arizmendiarrieta (erdian) gakoa izan zen mugimenduaren sorrerarako | Argazkia: Lankiko artixbo historikoa Jose Maria Arizmendiarrieta (erdian) gakoa izan zen mugimenduaren sorrerarako | Argazkia: Lankiko artixbo historikoa

'Kooperatiba' hitza aipatzean, askori burura etorriko zaien lehen terminoa 'Mondragon' izango da segur aski. “Egia da kooperatiba formula unibertsala dela. Kooperatibismoa ez da Arrasaten (Gipuzkoa) sortzen; mundu mailako fenomenoa da. Baina beharrez jositako testuinguru batean lekua topatzen du”, azpimarratu du Arianne Kareaga Mondragon Unibertsitateko Lanki Kooperatibismoaren Ikertegiko irakasleak eta ikertzaileak. Aldiz, Debagoienako herrian bidea zabaldu zuen forma juridiko horrek. “Helburua ez zen forma juridikoa bera, edo kooperatiba bera; helburua zen pertsonaren duintasuna erdigunean jarriko zuen enpresa eredua sortzea”, dio Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien (HUHEZI) fakultateko irakasleak.

Lehenengo kooperatiba 1950eko hamarkada erdian jaio bazen ere, 1941. urtean hasi zen genesia. Urte hartan iritsi zen Jose Mari Arizmendiarrieta Arrasatera, parroko laguntzaile izateko. “Testuinguru oso ankerra topatzen du, gerra ostekoa, behar asko dituen herria, gizarte zatitua”, dio Kareagak. Herrian eskola bakarra zegoenez, eskola profesionala sortu zuen 1943. urtean, egun Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa dena, hezkuntza ezinbesteko tresnatzat jotzen zuelako. “Eskainitako formakuntzak bi dimentsio zituen: teknikoa, eta sozial eta espirituala, baita soziologikoa eta garai hartako debate sozialen araberakoa ere”, azaldu du HUHEZIko irakasleak. Formazio integrala, zentzu batean. “Hamahiru urtez arituko da gazteria etikoki eta humanoki formatzen, motibatzen, eta oro har mugimendua sortzen. Egun 'ahalduntze hitza erabiliko genuke: pertsonak euren etorkizunaren jabe izateko prestatzen eta kontzientziatzen”, nabarmendu du Lankiko ikertzaileak. “Ez da ulertzen kooperatibismoa aurretik dagoen formazio espiritualik eta sozialik gabe”, gehitu du Sarasuak. “Gaurko testuingurura ekarrita, urte horietan egin zena izan zen lurra prestatu erein aurretik, oinarria jarri eraikitzen hasteko”, zehaztu du Kareagak.

Jon Sarasua: “Ez da ulertzen kooperatibismoa aurretik dagoen formazio espiritualik eta sozialik gabe”

Hasierako lanketa horren ondoren, Ulgor sortu zuten 1956. urtean, ondoren Fagor Electrodomesticos izango zena. Hasierako izenaren jatorria bost fundatzaileen abizenetan dago, bakoitzaren lehen letrak elkartuta asmatu baitzuten: Luis Usatorre, Jesús Larrañaga, Alfonso Gorroñogoitia, Jose María Ormaetxea eta Javier Ortubay. Etxe tresnak saltzen zituzten. “Arizmendiarrietaren arabera, herrigintzan eragiteko tresna nagusietako bat enpresa zen, baina beraientzat, funtsezkoena ez ziren produktuak; nahi zuten haien hasierako formulazioetan enpresa humanista, enpresa kristaua egin”, nabarmendu du Sarasuak.

Kooperatiben sistema

Formulazio horren oinarrian, hiru kontzeptu daude Kareagaren hitzetan: lana, hezkuntza, eta elkartasuna. “Bizitza ardaztuko duen lanaren zentzua, pertsonak lanaren jabe eginez, eta gizarte eraldaketarako tresna gisa; hezkuntzaren garrantzia kontzientziak piztu eta gizarte justuago baten alde jarduteko; eta elkartasuna, denok elkarrekin egite hori”, azaldu du.

Sarasuak beste hiru hitzekin azaltzen du. Lehenengoa, jabe: “pertsona bera dela enpresaren jabe; hor dago aldaketa funtsezkoena kapital enpresatik, kapital enpresa batean kapitala jartzen duena delako jabe, eta kooperatiba batean lana egiten duena da jabe”. Bigarrena, kide: “Horrek esan nahi du ez bakarrik jabe zarela, baizik eta jabe zarela zure lantegiko beste langileekin batera, hau da, nolabait kidetasuna eta elkartasuna hartzen ditu”. Eta, hirugarrena, sare: “sare da esperientzia honetan nahiko berezia den gakoa, hasieratik ikusten zutelako kooperatibak saretu egin behar zutela. Hau da, batetik, kooperatibek mantendu behar dutela bere jabetza propioa bakoitzak, baina hori egin behar dutela elkar babestuz”. Laugarren kontzeptu bat ere gehitu du HUHEZIko irakasleak, beste hiruak laburbiltzen dituena: lantegia herri. “Nik uste dut badela modu bat nolabait Arizmendiarrietaren bulkada nagusia espresatzeko. Alegia, herrigintzaren baitan ulertu behar dugula enpresagintza. Eta nolabait enpresagintza herrigintzari zor zaiola, eta herrigintzaren akuilu izan daitekeela”, esan du.

Lehenengo kooperatibak bigarrena sortzen lagundu zuen. “Autarkia ekonomikoan zeudenez gero, irabaziak lortu zituztenean, egin zutena izan zen lagundu beste batzuei kooperatibak martxan jartzen. Izan ere, euren etika oinarrian jarriz, etekinak banatzeko modua izan zen enplegu gehiago sortzea kooperatiba gehiago sortuta”, azaldu du Lankiko ikertzaileak. Lehenengo tresna partekatua, berriz, 1959an jaio zen: Caja Laboral Popular, egun Laboral Kutxa dena. “Caja Laboralek egin zuen hauspo eta palanka lan hori, hainbat esparrutatik: batetik, arlo finantzarioa eskainita, irabaziekin fondoak sortuta; bestetik, arlo enpresariala koordinatuta, nondik teknikoki beste kooperatiba batzuk martxan jartzen laguntzen zen aipatutako metodologiarekin”, gehitu du Kareagak. 1970. urterako 45 kooperatiba zeuden sortuta eta bazkidetuta Laboral Kutxan.

Arianne Kareaga: “Caja Laboralek egin zuen hauspo eta palanka lan hori, hainbat esparrutatik: batetik, arlo finantzarioa eskainita; bestetik, arlo enpresariala koordinatuta"

Horrekin batera, bailaratik ateratzen joan ziren. “Eskualdekako taldeak sortzen joan ziren, batez ere elkartasuna lantzeko. Eta zenbait eskualdetan zeuden tailer txikiak kooperatibizatzen eta indartzen joan ziren logika horrekin”, dio Kareagak. Garai hartan sortu ziren gakoak izan diren beste zenbait tresna, gaurdaino iritsi direnak. Esaterako, bazkideen birkokapena. “Kooperatiba batek ez badu lanik, beste kooperatiba batera zoaz aldi baterako lanera. Lagun Arotik kudeatzen da sistema”, azaldu du Lankiko ikertzaileak. Bestetik, emaitzen birmoldaketa, hasiera batean eskualdeetako taldeetan egiten zenak, eta egokitzen joan dena. “Urte ekonomikoa itxi ostean, kooperatiba bakoitzak jartzen du mahai gainean lortutakoa —bakoitza bere taldetxoan; gobernantza sistema osoa dago, sistema konplexua—, eta formula desberdinak aplikatu ostean, azken emaitzak ateratzen dira. Galdu duenak jaso egingo du, eta irabazi duenak eman egingo du”, nabarmendu du Kareagak. Aipatutako gakoak, diotenez, garrantzitsuak izan dira “arrakastarako eta biziraupenerako, baita kooperatiba askok 60 urtetik gora bizirauteko ere”.

1984. urtean Grupo Cooperativo Mondragon izena hartu zuen. Mondragon Corporación, aldiz, 1991an iritsi zen, eta horrekin hasi zen hedapen fasea. “Nik uste dut korporazio hitza apur bat engainagarria dela, 1990eko hamarkadako neoliberalismoaren ondorio. Baina oso garbi esan behar da kooperatiba taldea ez dela korporazio bat, baizik eta kooperatiba sare bat”, zehaztu du Sarasuak. Zein zentzutan? “Korporazio batean erdiguneak boterea dauka kooperatiben gainean; Mondragonen ez da horrela, kooperatiba, nahi duenean, atera egiten delako. Badira utzi duten kooperatibak”, gehitu du. Badira itxi dutenak ere. Nabariena, Fagor Electrodomesticos, 2013an.

Oinarriak egun

Esan bezala, apurka-apurka sortutako sistemaren parte asko gaurdaino iritsi dira: “mantentzen da elkartasun sistema osoa eta konplexua, bere atal guztiekin. Izan daitezke laguntza mekanismoak, izan daitezke garapenerako laguntzak (inbertsioetarako fondo partekatuetatik). Eta, nire ustez, barrura begira enpresa demokratiko bat mantentzen da, eta kanpora begira eraldaketa soziala eta gizarte justuago baterako bokazioa”, nabarmendu du Kareagak. Sarasua bat dator. “Nik uste dut oinarriak berdinak direla. Eboluzionatu du handitu den neurrian, eta handitzeak ekartzen duen konplexutasunaren neurrian. Baina jarraitzen dute nolabait hiru ideia funtsezko horiek: jabe, kide, sare”, azpimarratu du HUHEZIko irakasleak.

Arianne Kareaga: "Nire ustez, barrura begira enpresa demokratiko bat mantentzen da, eta kanpora begira eraldaketa soziala eta gizarte justuago baterako bokazioa”

Hala ere, lantegia herri kontzeptua deskribatzean, egungo egoerari buruzko hausnarketa plazaratu du Sarasuak: “nahiz eta kooperatiba izan, eta nahiz eta jabe, kide, sare izan, herrigintzatik askatzen denean edo urruntzen denean bere gasolina galtzen du, eta bere izateko zentzuaren parte handi bat. Eta nik uste dut hori dela Arrasateko taldearen arriskuetako bat. Horrelako esperientzia beti dago arriskuz josita”. Batez ere, “lehiakortasunaren logika hutsak eta enpresaren muskulu enpresarialak agintzen duelako” dio, eta askotan sakoneko espirituak ahultzeko joera izaten duelako.

Era berean, Lankiko ikertzaileak hazkundearekin zenbait gauza galdu egin direla dio. “Nire iritziz, erronka enpresarialek eta globalizazioak arlo batzuk deskuidatzera eraman dute mugimendua”, Horregatik, hausnarketarako eta eraldaketarako garai aproposa izan daitekeela esan du. “Egun, gizarte erronka berriak ditugun honetan, bada garaia kooperatibismoan sakontzeko. Hori Lankitik egiten dugun irakurketa ere bada: beharra dagoela proiektu sozioenpresariala berritzeko, eta proiektu enpresarial moduan belaunaldi berriekin konektatzeko. Horretan asmatu beharko genuke”, bukatu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK