Ekialdi Hurbileko gatazkak sortu ditzakeen arazoei aurre egiteko lehen neurri sortaren diseinuan lanean ari da Eusko Jaurlaritza. Halaxe jakinarazi du gaur Imanol Pradales lehendakariak Industriaren Defentsarako Taldearen bileraren testuinguruan. Izan ere, Iranen bonbardaketarekin hasitako gatazka eragina izaten ari da euskal industrian, EAEko enpresen esportazioen xede diren eremuen artean zazpigarrena baita, 1.130 milioi eurorekin. 42 euskal enpresek 63 ezarpen komertzial dituzte eskualdean. Kolpea dagoeneko nabari bada ere, elementu gakotzat jo du lehendakariak blokeoaren eta gatazkaren "iraupena". Ormuzeko itsasartearen blokeoa luzatuko balitz, "ondorio gogorrak" aurreikusi ditu Pradalesek "energia kostuetan, hornidura kateetan eta merkatu batzuetako eskarian", eta siderurgian, industria kimikoan, automobilgintzan edota makina-erremintan eragingo luke.
Gauzak hala, premiazko bilera gisa deitu da gaurkoa, Zamudioko Parke Teknologikoan egina, "aurrea hartu, ahaleginak koordinatu eta Euskadiren ezkutu industriala" aktibatu asmoz. 50 ordezkarik hartu dute parte, tartean euskal industriakoak, merkataritza ganberetakoak, klusterretakoak, foru aldundietakoak edota Confebaskekoak. “Industria-ehunari entzutera gatoz, informazioa partekatzera eta elkarrekin aztertzera zer egin behar dugun erantzunik onena eman ahal izateko", adierazi du Pradalesek. "Gure esku dagoena aktibatuko dugu", gaineratu du, eta Espainiako zein Europako erakundeei ere beharrezko eskakizunak luzatzeko prest agertu da.