Eusko Jaurlaritzak 2027an sare elektrikoan egin beharreko Inbertsioen Urteko Plana onartu du gaur. Iberdrolaren I-DE enpresa banatzaileak aurkeztutako plana da, zeinaren arabera inbertsioen aurreikuspena 332 milioi eurokoa izango den 2027-2029 aldian, eta 110 milioi eurotik gorakoa 2027an.
Inbertsio horri esker, sarearen “ahalmena, modernizazioa eta digitalizazioa” indartu nahi dute Jaurlaritzak eta Iberdrolak, uste baitute funtsezkoa izango dela EAEko elektrifikazio eta deskarbonizazio eskariari aurre egiteko.
Hortaz, Inbertsioen Urteko Plan berri horrek industriaren eskari elektriko handiagoari, ibilgailu elektrikoaren hedapenari, errepideko garraioaren deskarbonizazioari eta etxebizitza berrien eskari handiagoari erantzuten die.
2027rako aurreikusitako inbertsio osoaren %75 banaketa-sare elektrikoa garatzera eta berrindartzera bideratuko da, eta haren ahalmena eta sendotasuna handitzeko jarduerak egingo dira. Gainerako %25a, berriz, egungo azpiegiturak modernizatzera eta digitalizatzera bideratuko da.
Banaketa-sarea zabaltzeak industria-proiektu berrien garapenerako elektrizitatea eskuratzeko aukera erraztuko du nabarmendu du Jaurlaritzak, eta uste du lagungarria izango dela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ekoizpen-ehunaren deskarbonizazio beharrei erantzun ahal izateko. Azken bi urteetan, enpresa txiki eta ertainen deskarbonizaziorako eskaria dela eta, hirukoiztu egin dira eskatutako energia potentzia-igoerak.
Jaurlaritzaren aburuz, ahalegin handia egin bada ere, sare elektrikoaren garapen-erritmoa oraindik ez da nahikoa, eta datozen urteetan handitzen jarraitu beharko du, aurreikusitakoaren araberako eskariak izango duen igoerara egokitzeko. Hartara, Jaurlaritzak inbertsioak egiten jarraitzea aurreikusten du.