
Nahi baio gehiago atzeratzen ari da Talgoren erosketa operazioa. Eusko Jaurlaritzak beste 75 milioi euro jarriko ditu erosketa behin betiko egiteko. Sidenor buru duen partzuergoaren (Finkatuz funts publikoak eta BBK eta Vital kutxak ere bertan dira) bidez mobilizatuko dute diru hori, erosketa gauzatzeaz gain, tren ekoizlearen zorra berriz finantzatzeko baliatuko dena.
Gainerako 75 milioi euroak Espainiako Gobernuak jartzea espero du euskal partzuergoak, Industria Partaidetzarako Espainiako Sozietatearen (SEPI) bidez. Hasiera batean, 150 milioi euroko mailegua emango zuela iragarri zuen erakunde honek, baina azkenean kopuru erdia jarriko zuela esan zuen. Hori dela eta, pasa den asteartean, EAJk operazioa gauzatzeko oztopoak jartzea leporatu zion Espainiako Gobernuari.
Jaurlaritzak ekarpen publiko-pribatuaren bidez jarriko ditu 75 milioi euroak. Dena den, ikusteko dago ea kopuru hori nahikoa izango den, entitate publiko horien (Jaurlaritza eta SEPI) parte hartzea estatu laguntza gisa har dezakeelako Europako Batasunak eta, hortaz, erosketa bertan behera utzi.
Orain arte 155 milioi euro mugitu zituen Sidenor buru duen partzuergoak, eta orain beste 75 milioi gehituko dituzte. ikusi beharra dago ea Espainiako Gobernuak, SEPIren bitartez, eragiketan esku hartzen duen.