Jaurlaritzak Nuuk enpresaren zati bat erosi du

Hiru milioi euroko inbertsioa egin du Ezten arrisku kapitaleko funtsaren bidez

Nuuken motorretako batzuk | Argazkia: Nuuk Mobility Solutions Nuuken motorretako batzuk | Argazkia: Nuuk Mobility Solutions

Eusko Jaurlaritza Nuuk Mobility Solutions enpresaren kapitalean sartu da, hiru milioi euroko inbertsioa eginda. Motor elektrikoak ekoizten ditu Nuuk ingeniaritza enpresa bizkaitarrak eta Zornotzan du egoitza. Spri taldeak kudeatzen duen Ezten arrisku kapitaleko funtsaren bitartez egin du Jaurlaritzak erosketa.

Eragiketa hori 2021az geroztik egindako bigarren kapital handitzea da, orduan sartu baitzen industria- eta finantza-bazkide bat. Enpresak jakinarazi duenez, finantzaketa-erronda horri esker, balantzea indartu eta negozioa hedatzeko plana azkartuko du. Hala, Nuukek baliabide gehiago izango ditu aurrerantzean produktu berriak garatzeko eta negozioa nazioartera hedatzeko. Izan ere, motor elektrikoen negozioa indartu egin da azken urtean, eta kontratu garrantzitsuak lortu ditu: Correosek 600 motor elektriko erosi dizkio, eta iaz inoizko eskaerarik handiena egin zion Espainiako Burger Kingen adarrak, bi urtean 6.000 motor elektriko hornitzeko. Europan ere kontratu garrantzitsuak egin ditu Bizkaiko enpresak, eta egun, 11.000 ibilgailu baino gehiago kudeatzen ditu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK