
Hamasei urteko ibilbidea egin du dagoeneko Basque Food Cluster Elikadura sektoreko EAEko klusterrak, eta laugarren plan estrategikoa du eskuartean. Dozena bat bazkide eta pertsona bakarrarekin hasi zen klusterrak, sei laguneko lantaldea du egun: Virginia Matesanz Berrikuntza zuzendaria, Irati Berajano Berrikuntza proiektuen kudeatzailea, Arantxa Marroquín Talentuari loturiko proiektuen arduraduna, Ainara Beato Komunikazio eta Marketin arduraduna, Nohemi Muñoz Administrazioko arduraduna. Horien guztien lidergoan dago Jon Ander Egaña klusterreko zuzendaria. Harekin bildu da EnpresaBIDEA, klusterraz eta sektoreaz hitz egin asmoz.
162 bazkide dituzue egun. Bazkide kopurua hazteko estrategia baten murgilduta al dago Basque Food Cluster une honetan?
Bai. Gure laugarren plan estrategikoan gaude dagoeneko, eta bertan jasotzen den helburuetako bat da. Klusterrak zenbat eta bazkide gehiago, eta balio kate guztiko ordezkariak izan, orduan eta indartsuagoak izango gara. Hala ere, hazkunde neurtua bilatzen ari gara.
"Aurreko plan estrategikoan bazkide izateko beste figura bat sortu genuen enpresa txiki eta start-upentzat"
Egun zein da Basque Food Clusterreko enpresa-bazkideen profila?
Aintzat hartu behar da zein den balio kate osoa. Lehen azpikatea osatzen dute lehen sektorea eta ekoizleak daude, elikadura eraldaketarekin lotura handia dutenak. Guretzat bloke osoa da, eta bien artean gure bazkideen %65 osatzen dute. Bigarren azpikatea osatzen dute banaketako eta HORECAko —hotelak, jatetxeak eta kafetegiak— enpresek. Hirugarren azpikatea da industria osagarriak eta zerbitzuak. Azken horiek ez dituzte elikagaiak ekoizten, baina euren zerbitzuak balio-kateari eskaintzen dizkiote, eta 35 enpresa bazkide ditugu. Eta ezagutzako entitateak ere badira bazkide: zentro teknologikoak, unibertsitatea, Hazi bera... Edozein kasutan, gure helburua da elikagaien industria izatea ardatz nagusienetakoa.
Eta hazkundea profil guztiei loturik ari zarete bilatzen?
Bai, orokorra. Ikusten dugu mota askotariko enpresak daudela, bigarren azpikateko enpresa gero eta gehiago daudela, eta guk kooperazioa indartzea bilatzen dugu. Bai aintzat hartu dugu plan estrategiko honetan upeltegi edota okindegi gehiago sartu behar genituela. Eta enpresa txikiagoak ere bai. Aurreko aldi estrategikoan bazkide izateko beste figura bat sortu genuen enpresa txiki eta start-upentzat. Horiek ere aberastasuna ematen diote.

Zertan bereizten da bazkidetza figura hori tradizionaletik?
Zerbitzu berak izateko aukera dute, baina kuotaren %75 ordainduta. Start-upa izanez gero, sarrerako kuota ez da ordaintzen bi urte pasa ostera arte. Kontrara, ezin dute administrazio batzordean parte hartu, eta ez dute bozik.
Zer moduzko harrera izan du?
Ondo. Malgutasuna edukitzea da gakoa, eta eurak ere kontuan izatea. Uste dut gainera txikiek balio nabaria atera dezaketeela. Gauzak arindu egiten dira, eta beti dago norbait laguntzeko prest.
Bazkideez harago, zein unetan dago klusterra?
Maiatzean gure batzordea egin genuen, eta 66 erakustazoka ipini genituen geure arteko harremana indartzeko. Hamasei urteko historian jende gehien etorri den eguna da. Sekulako giroa ikusi zen, eta izan zen modu bat ohartzeko zer edo zer egin dugula ondo.
Une honetan lau helburu estrategiko ditugu. Lehena, erreferente izatea. Horrek hainbat inplikazio ditu: bazkideen bidelagun izateko nahia, eta arazoren bat duenean guregana jotzea; kanpora begira EAE mailan elikadura esparruan egiten diren kontuetan parte hartzea; gobernu eta administrazioentzat kontrastea izatea enpresen erronken ikuspegia dugulako.
"Klusterraren balio nagusia hori da: kideen artean sortzen den harremana"
Bigarrena helburua da antolaketa-bikaintasuna, alegia, nola antolatzen garen gu zerbitzurik onena emateko.
Hirugarren xedea lehiakortasuna da. Horrek inplikatzen du kontsumitzailea kontuan izatea, eta enpresei laguntzea gehiago eta hobeto saltzen, euren erronkak identifikatu eta horiei aurrera egiten, eta talentua erakartzen.
Eta laugarren helburu estrategikoa da gure bazkideekiko eta bazkideen arteko konexioa indartzea. Gutxi ginenean —dozena bat hasi ginen— errazagoa zen harreman horiek indartu eta zaintzea.
Gutxi zinetenean, zer egiten zenuten harremanak indartu eta zaintzeko?
Sareak Indartzen izeneko proiektua egin genuen, eta askotariko arduradunak biltzen ziren hor: kalitatekoak, produkziokoak, gerenteak... Ikusten zuten hizkuntza berdina hitz egiten zutela, eta elkar ezagutzen zuten. 162rekin ez da hain erraza hori egitea, eta galtzen joan zen.
Nola egin duzue horri heltzeko?
Askotariko planak jarri ditugu martxan, gura dugulako bazkidea izatea erdian. Harrera plana dago bazkide berrientzat, klusterreko taldea eta enpresa lotzeko. Horien baitan talde osoa biltzen gara, entzuten dugu zergatik sartu den klusterrean, zeintzuk diren beharrizanak...
Entzute plana ere abiarazi dugu, ikusteko zer hobetu dezakegun. Mentorizazio plana ere badago, zeinetan enpresa batek beste bati laguntzen dion sartzen, edota arazo bat duenean eurak izatea mentoreak. Eta azkena da arestian aipaturiko Sareak Indartzen proiektua, berreskuratu eta berrasmatu egin nahi duguna. Azken horri loturik proiektu pilotua egingo dugu aurten 30 enpresetako komertzial-marketin arduradunekin. Horrekin ikusi nahi dugu zelan zabaldu enpresa guztietara.

Nola egiten duzue lehiakide diren horien arteko lankidetza sustatzeko?
Aintzat hartu behar da klusterraren barruan azpisektore ugari daudela. Hori esanda, arloaren arabera zailagoa edo errazagoa izango da lankidetza hori. Merkatuarekin zerikusia badu, zailagoa da; kalitatearekin edo talentuarekin zerikusia badu, agian errazagoa da. Urteak aurrera egin ahala, hori ez da arazoa. Heldutasun maila batera heldu garelako izan daiteke. Baina azken batean klusterraren balio nagusia hori da: kideen artean sortzen den harremana.
Sektore oso zabala hartzen duzuela adierazi duzu. Baina zein egoera bizi du?
Egunero gertatzen da zer edo zer. Kontsumitzaileari gertatzen zaion edozer gauzak eragina du gure sektorean. Pandemiak, gerrak... eraman ziguten lehiakortasuna eta marjinak galtzera, baina iaz bolumenak berreskuratu ziren, eta orain ikusten ari gara marketinaren eta arlo komertzialaren bitartez zelan ahal dugun egin lehiakortasuna berreskuratzeko. Sektore bezala ezin dugu lehiatu ez prezioan, ez bolumenean. Horregatik, balio gehigarri hori eman behar diegu gure produktuei marketinaren bitartez.
Esan behar da sekulako hazkundea dagoenean sektorearen igoera ez dela hainbestekoa, eta gauza bera gertatzen dela gauzak gaizki doazenean. Ez du halako alderik. Dena den, kontsumoa bai doala aldatzen, eta aldiro ikusi behar dugu kontsumitzaileak zer eskatzen duen.
"Tradizionalki berrikuntza egin da prozesuari eta produktuari begiratuta, eta ondoren merkaturatu. Egungo gizarteak eskatzen du kontsumitzaileak behar duen horri erreparatzea"
Kontsumitzailea erdian dago, beraz.
Tradizionalki berrikuntza egin da prozesuari eta produktuari begiratuta, eta ondoren merkaturatu. Egungo gizarteak eskatzen du kontsumitzaileak behar duen horri erreparatzea berrikuntza egiteko. Eta behar hori nola eramaten den zure produktura.
Pandemiaz geroztik kontsumo joerak aldatu egin dira. Eta oro har, lehenagotik ere, bosgarren gama garatu da. Jendeak ez du sukaldean aritzeko denborarik. Osasuntsuak diren produktuak geroz eta gehiago hartzen dira kontuan. Jasangarritasuna asko begiratzen da.
Zer-nola eragiten dizue sektore bezala jasangarritasunaren parte horrek?
Erregulazioa oso nabaria eta zorrotza da. Egunero arau berriak ateratzen dira. Kontua da horri, dena betetzeari, geroz eta denbora gehiago eskaini, orduan eta konplexuagoa izan daitekeela lehiakortasuna lortzea. Gura dugu denok arau berdinekin jokatzea merkatuan. Bestela kanpotik etorri daitezke bestelako arauekin jokatzen dutenak. Erronka da, aldi berean, gure produktua bereiztea. Baina horri loturik ere proiektuak lantzen ari gara klusterretik, beste kluster batzuekin lankidetzan.

Eta prezioak nola markatzen du?
Ikerketa egin genuen ikusteko kontsumitzailearentzat zer den elikagai jasangarria. Azpimarratzen zituzten elementuak ziren kilometro zero izatea, osasuntsua... Eta galdetu genienean zenbat gehiago ordainduko zuketeen hori kontsumitzeko, %46k adierazi zuen gehienez ere %5 gehiago ordainduko zuketela. Besteek hori ere ez. Esan gura dut: kontsumitzaileak nahi du dena, baina prezio berdinean. Hori ez da erraza.
Argi dago denok garela kontsumitzailea. Eta kontsumo momentuak ere bereiztu behar ditugu. Astean zehar modu batean kontsumitzen dugu, asteburuan beste baten. Ikusi behar duzu bakoitzaren kasuan zer eragin duen horrek.
Kluster bezala, zer ari zarete egiten enpresen lehiakortasuna bultzatzeko?
Lehiakortasunaz ari garenean esan nahi dugu produktu bera egitea, kalitatea konprometitu barik, baina kostu txikiagoarekin. Aztertzen ari gara nola egin daitekeen hori teknologia edota berrikuntza erabilita.
Horrekin batera, behatoki estrategikoa dugu. Horretan kontsumitzailearen tendentziak aztertzen ditugu, eta urtean behin egiten dugu halako txosten baten aurkezpena horri loturikoa. Era berean, agenda teknologikoa egiten dugu enpresekin, jakiteko zein den eurak landu nahi edo behar duten arlo teknologikoa. Agertu ohi dira osasuna, digitalizazioa, jasangarritasuna eta talentua. Hori aitzakia da enpresak dinamizatzeko, eta arlo bakoitzean zer landu ikusteko. Zerbait antolatzen dugunean beti du alde teknikoagoa, eta alde sozialagoa.
"Lehiakortasunaz ari garenean esan nahi dugu produktu bera egitea, kalitatea konprometitu barik, baina kostu txikiagoarekin. Aztertzen ari gara nola egin daitekeen hori teknologia edota berrikuntza erabilita"
Behategiko elementu bat izan ohi da talentuarena. Kezka sortzen du?
Gehien kezkatzen gaituena da, baita nola egin belaunaldi erreleboa ere, azken hori bereziki lehen sektorean. Horretan sekulako eragina du, eta beste sektore eta lan hitzarmen batzuekin lehian ari gara horretarako.
Zein puntura arte da zuena sektore erakargarria talentuarentzat?
Askotariko mailak bereizi behar ditugu. Ez gara ari soilik zuzendaritza arloko profilez. Begirada esparru batean edo bestean jarri, gauza desberdinak ikusten dituzu.
Jakina denez ostalaritzan sekulako erronka da. Jendeak lan egiterako orduan beste kontu batzuk aintzat hartzen ditu. Ikusi behar da, diruaz harago, zer beste gauza ahal diren eskaini erakargarri izateko. Baina lan guztietan hori eskaintzea ez da hain erraza.
Guk esan dezakeguna da gure sektorea nahiko egonkorra dela, eta ez duela gorabehera askorik. Batek esaten zuen enamoratu egiten duen sektorea dela. Oso polita da, dinamikoa. Arlo asko lantzea ahalbidetzen du.

Jon Ander Egaña Basque Food Clusterreko zuzendari nagusia | Argazkia: Endika Portillo/Foku
Proiektu jakinik lantzen ari zarete horren inguruan?
Aldundiekin adibidez lan egiten ari gara pertsonen lan berrorientaziorako eta bestelako lanak topatzeko. Eta aldi berean, ikusten ari gara zeintzuk diren enpresek behar dituzten profilak, eta langileek eskatzen dituzten kondizioak.
Eta horrekin batera PADEA izeneko programan bat jarri dugu martxan, Hazi, Bilboko Merkataritza Ganbera eta ESICen eskutik. Elikadura sektoreko enpresen zuzendaritzarako programa aurreratua da, Aurten hirugarren edizioa egiten ari da, eta 20 bat enpresetako pertsonek hartu dute urtero parte.
Eta etorkizunera begira jarrita, zein profil berri beharko ditu gertatzen ari diren aldaketei erantzuteko?
Teknologia berriak barneratuta dituen jendea izatea, merkatura begiratzeko gaitasuna duena eta ulertzeko kontsumitzaileak zer behar duen. Izan ere, teknologiaren bitartez harreman hori hurbiltzea lortu behar dugu, datuen erabilera zentzuzkoa eginda.
Baina ez da hori bakarrik. Lan egiteko gogoa duten pertsonak behar ditugu, eta arriskuren bat hartzeko grina dutenak.
"Lan egiteko gogoa duten pertsonak behar ditugu, eta arriskuren bat hartzeko grina dutenak"
Digitalizazioa ere aipatu duzu. Nola landu duzue esparru hori enpresekin?
Beste sektore batzuetatik etortzen diren halako kontzeptuetan, esaterako, enpresei laguntzen diegu lehenik ulertzen zer den digitalizazioa eta zein aplikazio dituen gure sektorean. AArekin, adibidez, hori egiten ari gara oraintxe: zer den plazaratzen, nola aplikatu daitekeen erakusten, praktika onak zabaltzen. Teknologiak tresnak dira, eta garrantzitsuena da jakitea bakoitzak zer behar duen. Gu geu ere ikusten ari gara nola erabili dezakegun kluster barruan efizienteago izateko.
Etorkizun horretan, zein esentzia mantendu behar du Basque Food Clusterrek?
Enpresen beharrizanak zeintzuk diren ulertu behar du, eta zeintzuk izan daitezkeen horri erantzuteko tresnak, baita arrakasta kasuak eskaini ere.