Jon Zuazok Juan Mari Palenciaren lekukoa hartuko du Fagor Ederlaneko zuzendari gisa

Apirilaren 1ean hartuko du kargua eta taldearen 2025-2028 plangintza estrategikoaz arduratuko da

Jon Zuazok apirilaren 1ean hartuko du zuzendaritza | Argazkia: Fagor Ederlan Jon Zuazok apirilaren 1ean hartuko du zuzendaritza | Argazkia: Fagor Ederlan

Fagor Ederlan Groupeko errektore kontseiluak Jon Zuazo izendatu du zuzendari nagusi berri. Apirilaren 1etik aurrera hartuko du zuzendaritza eta Juan Mari Palencia ordezkatuko du. 51 urte ditu Zuazok eta 29 urte daramatza Fagor Ederlanen. Proiektu burua izan da taldeak Usurbilen duen lantegiaren komertzial gisa, eta Ederlanek Europan dituen lantegien arduradun komertzial bezala ere aritu da. Bere azken etapan, Bergarako eta Arrasateko lantegietako zuzendaria izan da.

“Apaltasunez, baina ilusioz eta motibazioz beteta" egingo dio aurre Zuazok kargu berriari. “Erronka handiak ditugu, bai gizarte mailan, bai enpresa mailan, baita aldatzeko eta hobetzeko aukera asko ere, eta, horretarako, nire bertsiorik onena eskaintzeko prest nago", adierazi du. Hala, zuzendari berriak taldearen 2025-2028 plangintza estrategikoari ekin beharko dio, eta horretarako, Palenciaren laguntza izango du. Era berean, orain arteko zuzendariak Mondragon Automocion Chassis & Powertraineko lehendakariorde izaten jarraituko du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK