José Pérez Berdud: "Industriak bere funtsezko protagonismoa indartuko du ekonomian Biurtekoarekin"

Testuinguruaren zailtasunez harago, "sektorearen berraktibaziorako urtea" izango da 2022 AFM makina-erremintaren klusterreko presidente berriaren ustez

José Pérez Berdud AFMko egoitzan, Donostian | Argazkia: AFM Klusterra José Pérez Berdud AFMko egoitzan, Donostian | Argazkia: AFM Klusterra

Maiatzaren 13an egin zuen AFM makina-erremintaren klusterrak urteroko Batzar Nagusia. Bertan iragarri zuten nork ordezkatuko zuen Cesar Garbalena lau urtez presidente izandakoa: José Pérez Berdud gipuzkoarra, Fagor Automationeko zuzendari orokorra. Bere aurrekoak egindako lanari eutsi, eta digitalizazio eta jasangarritasunaren bideari heltzeko asmoz, astelehenean ekin beharko dio bere lehen erronka nagusiari: BIEMH makina-erremintaren biurtekoaren itzulerari, BECek eta klusterrak berak elkarlanean antolatutako azoka garrantzitsuari, alegia.

AFM klusterreko presidentzia hartu berri duzu. Nolakoa izaten ari da hasiera?

AFM klusterrak ibilbide luzea du, beraz, buru-belarri hasi naiz lanean, lantzen diren jarduera, proiektu eta erronkak asko direlako, eta horiek, gainera, ugaritu egiten dira BIEMH baten bezperan. Hala ere, egiari zor, César Garbalena nire aurrekoak barne-kohesioko eta hazkunderako lan bikaina egin du presidente lanetan izan den lau urteetan, eta oso erraz jarri dit. Prozesu horren emaitza izan dira UPTEK eta STECH elkarteak, teknologia adimenduneko start-upak eta enpresak multzokatzeko, hurrenez hurren. Halaber, gainontzeko elkarteetan sartu diren enpresa kideen kopurua ere handitu da, hortaz, manufaktura aurreratuko 700 enpresa baino gehiago ordezkatzen ditugu une honetan. Orain, proiektu kolektibo erakargarri honen lekukoa hartzea egokitu zait, eta gogo handiarekin eta ilusio izugarriarekin helduko diot.

Krisialdiz beteriko testuinguru batean heldu diozu postuari —Ukrainako gerra, lehengai eskasia, pandemiaren egoera Txinan—. Une zaila dirudi.

Hala da. Une oso konplexu batean bizi gara, eta aipatu dituzun gertakari horiek guztiek ziurgabetasun izugarriko egoera batera garamatzate: tentsio handiak daude energia-horniduran, joera inflazionistak daude, eta material eta osagaiak eskasak eta garestiak dira eta atzerapenak dituzte. Nolanahi ere, egoerari aurre egitea besterik ez zaigu geratzen, eta uste dut dagoeneko ezagutzen dugun errezeta baliatu behar dugula horretarako: berrikuntza teknologikoa, nazioartekotzea eta ondo gaituta dauden pertsonak. Aurreikusitako guztia fabrikatzeko gai izan behar dugu, dagokien epeetan. Gainera, marjina zigortuak defendatu beharko ditugu, horiek behar baititugu berrikuntzan, digitalizazioan eta jasangarritasunean inbertitzen jarraitzeko, besteak beste.

"Egoerari aurre egitea besterik ez zaigu geratzen, eta uste dut dagoeneko ezagutzen dugun errezeta baliatu behar dugula horretarako: berrikuntza teknologikoa, nazioartekotzea eta ondo gaituta dauden pertsonak"

Zein helburu finkatu dituzu datozen bi urteetarako?

Azken hamar urteetan egin dugun hedapen indartsuaren ondoren, manufaktura arloko balio-kate osoa elkartzea lortu dugu, gure jardueraren hazia den makina-erremintatik hasi eta beste hauetaraino: fabrikazio gehigarria eta 3D inprimaketa, esku-tresnak, mekanizazio-enpresak, fabrikatzeko teknologia adimendunak, baita industriara bideratutako start-upak ere. Nire ustez, industria osoari baina bereziki, manufaktura aurreratuari eragiten dioten bi trantsizio handiei egin behar diegu aurre: digitalizazioa eta jasangarritasuna. 4.0 industriak ekipo aurreratu, moderno eta konektatuak behar ditu, eta prozesu jasangarri, digitalizatu eta efizienteak. Horrez gain, lehen aipatu bezala,ondo trebaturiko pertsonak behar ditugu, gure arrakastaren giltzarria baitira.

Sektorearen fakturazioa % 18 handitu zen iaz, eta oraindik pandemia aurreko datuetara itzuli ez bada ere, bidean dela dirudi. Garbalenak, datuok iragartzean, aurten 2019an lortutakoa hobetu daitekeela esan zuen. Nola ikusten duzu zuk?

Lehen aipatu duguna gorabehera, merkatu-egoera nahiko onean gaude. 2021eko fakturazioa handitzeari esker, pandemiaren ondorioz galdutako ia guztia berreskuratu ahal izan dugu, eta iaz jaso ditugun eskariak onak izan dira bai txirbil harroketan, bai deformazioan. Zorro horren zati bat 2021ean fabrikatu eta entregatu dugu, baina beste zati handi bat aurten egingo dugu, eta horri esker, 2022ko fakturazioa % 7-10 inguru haziko da. Horrenbestez, 2019ko fakturazio-zifra baino apur bat handiagoa izango dugu.

"Eskarien zati bat 2021ean fabrikatu eta entregatu dugu, baina beste zati handi bat aurten egingo dugu, eta horri esker, 2022ko fakturazioa % 7-10 inguru haziko da"

Zentzu horretan, Makina-erremintaren Biurtekoa gakoa izan daiteke? Zergatik?

Bai, gakoa da, jakina. Biurtekoa gure azoka eta hitzordu nagusia da manufaktura aurreraturako. Izan ere, industria-ingurune aurreratuan zeresana duten teknologia guztiak hartzen ditu. Baina edizio hau, zehazki, ekainaren 13tik 17ra BECen (Bilbon) egingo dena, oso berezia da. Hain zuzen ere, gure bezero, hornitzaile eta erabiltzaileekin elkartu ahal izango gara berriro, lau urteren ostean, 2020ko edizioa bertan behera utzi behar izan baikenuen pandemiagatik.

Nola bizi da sektorean Biurtekoaren itzulera?

Esku artean ditugun datuek edizio honetarako perspektiba onak baieztatzen dituzte. Industriak bere funtsezko protagonismoa indartuko du ekonomian. BIEMH industria-arloa dinamizatzeko maila goreneko topaketa estrategiko gisa itzuliko da, are gehiago, egungo testuinguru zailean. Merkataritza-harreman zuzeneko B2B tresna izango da, negozio-aukera ugarirekin. Pabiloi guztiak beteta izango dira. 1.400 enpresa erakusketari baino gehiago daude baieztatuta, 28 herrialdetakoak, eta 2018an arrakasta itzelarekin egin genuen azken edizioaren antzeko okupazioa izango dugu.

"Pabiloi guztiak beteta izango dira. 1.400 enpresa erakusketari baino gehiago daude baieztatuta, eta 2018an arrakasta itzelarekin egin genuen azken edizioaren antzeko okupazioa izango dugu"

Zer ekarri beharko lieke aurtengo edizioak bertan izango diren enpresei?

Uste dugu BIEMH dela beti fabrikazio aurreratuaren merkatua dinamizatzeko eragilerik onena, ekoizpen-gaitasunak eta lehiakortasuna hobetzeko inbertitu nahi duten enpresak-eta erakartzeko gaitasuna duelako. Hortaz, espero dugu erakustariek beren azken aurrerapenak merkatuari erakusteko egin duten ahaleginaren ordaina jasotzea, eta bisita, harreman eta proiektu interesgarri asko jasotzea, ondoren merkataritza-eragiketa bihurtu ahal izateko.

Azkeneko edizioko lorpenak hobetzea aurreikusi duzue?

BECekin batera antolatzaile izanik, gure helburua da geure burua gainditu eta aldiro apur bat gehiago haztea. Gaur-gaurkoz dakigunaren arabera, erakusketarien aldetik ia-ia azken edizioko (2018koa) mailan gaude, eta bisitariekiko perspektibak ere ildo beretik doazela ematen du. Gogoan izan behar da 2018an 42.445 bisitaritik gora izan zituela azokak, hamaika sektore garrantzitsuenetakoak, besteak beste automobilgintza, ekipo-ondasunak, edo eraikuntza metalikoak.

Hori dela eta, oso azoka indartsua espero dugu, gure enpresen merkataritza-jarduera berraktibatzen lagunduko duena eta akuilua izango dena gure industriak 4.0 industriaruntz eraldatzeko beharrari erantzuteko.

"Gaur-gaurkoz dakigunaren arabera, erakusketarien aldetik ia-ia azken edizioko (2018koa) mailan gaude, eta bisitariekiko perspektibak ere ildo beretik doazela ematen du"

Zein izango da aurtengo edizioaren fokua edo fokuak?

Bisitariek azken lau urteetan izan diren berrikuntza guztiak ezagutzeko abagunea izango dute fabrikazio aurreratuko teknologia guzietan: makina-erreminta, digitalizazioa, 3D inprimaketa, osagai eta erremintak, etab. Gainera, azpimarratu behar da estatu-mailan automatizaziorako eta robotikarako ekitaldi handiena eta osoena dela BIEMH. Bertan 13 herrialdetako 167 enpresek hartuko dute parte.

Bestalde, erakusketa-eskaintza zabal eta espezializatuaz gain, hitzaldi programa aberasgarria prestatu dugu. Aurreko urteetatik martxan genituen bi hitzaldi sortek aurrera darraite: Additive Talks, Addit3D fabrikazio gehigarriaren nazioarteko azokarekin batera; eta Digital Talks, Be Digital eraldaketa digitalari buruzko feriarekin batera. Berrikuntza Automation & Robotic Talks hitzaldiaren eskutik dator, robotikako gai zehatzekin antolatutako programarekin. Eta WORKinn Industriako Enplegu Azoka ahaztu gabe, erakusketa-eremu propiarekin eta eduki berritu eta indartuekin.

Lehen aldiz izango da Women in Industry izeneko espazioa, hain zuzen sektorean genero berdintasuna bultzatzeko. Zein da, AFMtik dituzuen datuen arabera, emakumeen egoera sektorean?

Fabrikazio aurreratura talentua erakartzea, dela gizonena dela emakumeena, alderdi estrategikoa da, eta horretara bideratzen ditugu ahaleginak eta baliabideak duela hainbat urtetatik hona. Guretzat lan-ildo etengabea da. Gure gizartean gazte gutxiago izateaz gain, industriara erakarri behar ditugu, eta, gainera, industria bokazioen gabezia argia dago emakumeen artean. Bulegoetan edo administrazioko lanpostuetan ez bada, tailer edo makinetan bertan presentzia oso eskasa dute.

Hori esanda, lan-aukera galanta dago emakumeentzat, lan-arloan eskaintzeko asko duen sektore batean. Teknologiaren abangoardian dagoen punta-puntako industria batez ari gara, eta nazioarteko proiekzioa, ordainsari erakargarriak eta eskakizun tekniko handiko proiektuak izateaz gainera, eraldaketa digitaleko prozesu batean murgilduta dago.

"Urte honetan I+G+b proiektu ugari egingo dira, batetik, digitalizazioarekin lotuta, eta bestetik, jasangarritasunarekin eta ekonomia zirkularrarekin lotuta"

Biurtekoaz harago, zeintzuk dira AFMtik 2022ra begira jarri dituzuen helburuak?

Aurtengoa, sektorearen nazioarteko jarduera osorik berraktibatzeko urtea ere bada. Gogoan izan behar da oso nazioartekotutako enpresez ari garela, ekoizten dutenaren % 80tik gora esportatzera ohituta daudelako. BIEMH nazioarteko hitzordua da, eta urtearen lehen zatian zenbait azoka egin ziren. Horrez gainera, aurtengo nazioarteko planak Chicagoko IMTS ere gehitzen du. Makina-erremintari eta fabrikazio aurreratuari buruzko AEBetako azoka nagusia da, eta irailean egingo da. Halaber, Alemanian AMB (Stuttgart), EisenwarenMesse (Kolonia) eta EUROBLECH (Hannover) azokak egingo dira udazkenean, eta EXPOFERRETERA ere bai, urrian, Mexikon.

Bestalde, urte honetan I+G+b proiektu ugari egingo dira, batetik, digitalizazioarekin lotuta, eta bestetik, jasangarritasunarekin eta ekonomia zirkularrarekin lotuta.

Eta zeintzuk dira sektoreak dituen erronka nagusiak orainaldiari eta etorkizunari begira?

Lehen aipatu ditut. Gure arlo nagusiak hauek dira: berrikuntza, jasangarritasuna, digitalizazioa eta, batez ere, pertsona talentudunak. Ikertzen eta inbertitzen jarraitu behar dugu ekoizpen-ekipo berritzaileak garatzen, industriari lehiakortasun handiagoa emateko eta ingurumenean eragin txikiagoa izateko. Halaber, irmoki sartu nahi dugu digitalizazioa gure makinetan, eta hainbat zerbitzu eskaini, hala nola monitorizazioa, mantentze-lanak, simulazioa eta produktu eta prozesuen hobekuntza, gure bezeroentzako balio erantsi gisa eta gure enpresetarako diru-sarrera gisa.

Gure talentua industria-konpetentzia aurreratuetan gaitzen jarraitu behar dugu, eta konpetentzia digital orokorrekin eta manufaktura arloarekin lotutakoekin osatu. Gazteentzako erakargarriak izan behar dugu, dagoeneko daudenentzat eta gurera etortzea nahi dugunentzat, eta lehen esan dudan moduan, gure industrian gero eta emakume gehiago erakartzeko eta sartzeko lan egin.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK