Abenduaren 4an urtebete egin du EIC Energy Intelligence Center Fundazioak. Haren egitekoetan da EIC zentroaren kudeaketa, I+G+b elkarlanean garatzea bilatzen duena trantsizio energetikoari bultzada eman eta Bizkaia eta EAE nazioarteko erreferente bezala kudeatzeko. Urtebetean eginiko lanarekin pozik agertu da Joseba García EIC Fundazioko zuzendaria, baina argi du elkarlan publiko pribatuaren eta ematen ari diren sinergien emaitza dela.
Zer-nolakoa izan da lehen urte hau?
Oso balorazio positiboa egiten dut. Instalazioetan betetze maila %99an dago. Laborategi pribatuak, oso garrantzitsuak direnak, dagoeneko funtzionatzen ari dira, eta laborategi partekatuak martxan jartzeko prozesuan ari gara. Living Laba eta Full Scalea eraikitzen ari gara, bi azpiegitura guztiz beharrezkoak erregai berriztagarriekin eta osagaiekin probak egin ahal izateko eskala errealean, elementu bereizgarria dena. Eta, gainera, proiektu garrantzitsu batzuekin lanean hasi gara, tartean Hard to zero, erregai berriztagarrien garapenerako huba eta hidrolinera, mugikortasun deskarbonizaturako ekosistemarentzako gako. Oso ekosistema berezia dugula nabarmendu nahiko nuke. Erakunde publikoak eta pribatuak elkarlanean ari gara hemen. Oso kontziente gara esku artean dugun erronkaz, eta dugun aukeraz nazioarteko lider bezala posizionatzeko trantsizio energetikoaren esparruan.
Erakunde publikoen ikuspegitik, araudi eta gaitasun fiskal autonomoa izatea bereizgarria da talentua eta inbertsioa erakartzeko garaian. Gainera, patrono bezala ditugu Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, azken hori Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, biak ala biak oso konprometituak proiektuarekin. Bestalde, enpresa pribatu gisa ditugu Petronor, Nortegas, Hidrogenoaren Euskal Korridorea eta Energy Advanced Engineering Fundazioa —Tubacex, Tubos Reunidos, Ampo eta Vicinayk osatzen dutena—. Beraz oso pozik gaude lehenengo urteurren honetan.
"Full Scalea 2026ko martxorako abian izango da; bestetik, Living Laba, datorren urtean zehar jarriko da martxan"
Okupazioa %100etik gertu dagoela esan duzu. Lehen urte honetan hain altua izatera iritsiko zela espero zitekeen?
Patrono guztiak bertara etorri dira I+G instalazioekin, eta egia esan sekulako albistea izan da. Orain kontua da bigarren fase bat behar dugula. Dagoeneko horretan ari gara lanean, espazio gehiago izan dezagun enpresa eta erakundeentzat, eta helburuekin jarrai dezagun: I+G+bko proiektu guztiak garatzea enpresak, talentua eta inbertsioa erakarri ahal izateko.
Living Laba eta Full Scalea eraikitzeko datak beteko dira?
Lanak ondo doaz. Eta egungo aurreikuspenen arabera, biak 2026an zehar prest izatea aurreikusten dugu. Batetik, Full Scalea 2026ko martxorako abian izango da; bestetik, Living Laba, datorren urtean zehar jarriko da martxan. Azken horretan, ingeniaritzaren parte guztia ari dira garatzen.
"Erakunde publikoak eta pribatuak elkarlanean ari gara hemen. Oso kontziente gara esku artean dugun erronkaz, eta dugun aukeraz nazioarteko lider bezala posizionatzeko trantsizio energetikoaren esparruan"
Zer suposatuko dute?
Oso salto garrantzitsua, bai EICrentzat, baina baita oro har industriarentzat eta ekonomiarentzat ere. Eskala errealean probak egitea ahalbidetuko duten instalazioez ari gara, bai erregai berriztagarrienak, bai osagai eta sistemen erabilerari loturikoak. Garapenak tokian-tokian baliozkotzea ahalbidetuko du. Eta hori egitea ezinbestekoa da ikusteko zein aurrerapauso eman behar diren etorkizunari begira.
Europa mailan ba al dira halako probak egitea ahalbidetzen duten laborategiak edo aitzindariak dira?
Oso-oso gai berria da. Existitzen dira halakoak, baina den-dena toki bakar baten bateratzea, teknologia eta horren inguruan dauden azpiegitura guztien muntaia —hodiak, balbulak...—, hori oso berritzailea da. Are gehiago, lehen esan bezala, bigarren fasea garatzen ari gara bankada gehiago ekartzeko askotariko probak egiteko.
Hard to zero proiektuaz ere aritu zara. Zertan datza?
Hard to zero proiektuaren helburua da industriaren deskarbonizazio prozesuan laguntzea, zehazki, hard to abate deritzon sektoreei. Sektore horiek erregai fosilen kontsumoarekiko dependentzia handia dute, askotan gainera CO2 isuri nabarmenekin. Siderurgiaz ari gara, altzairu-fabrikez, zementu lantegiez, beiragintzaz... EAEn pisu nabaria duten sektoreak dira. Horregatik, deskarbonizazioa egin behar dute, baina lehiakortasuna mantenduta.
"Araudi eta gaitasun fiskal autonomoa izatea bereizgarria da talentua eta inbertsioa erakartzeko garaian"
Zein puntutan dago?
Prozesuaren lehen fasea amaitu dugu, eta horren baitan beharrezkoak diren inbertsio eta azpiegituren identifikazioa egin dugu. Orain 2026rako ditugun helburuak ixten ari gara, eta egin behar duguna da beharrezkoak diren babes finantzarioak bilatzen jarraitu.
Apustu horiek guztiak zein puntura arte izan daitezke gakoak EAEko enpresek euren dependentzia energetikoa murriztu dezaten?
Oso garrantzitsuak dira, erabat gakoak. Pentsa: hidrogenoaz ari gara, erregai berriztagarriez, bioerregaiez, erregai sintetikoez... Eta ahaztu gabe horren baitan daudela efizientzia energetikoko prozesuak.
Gakoak izanik ere, ildo beretik jarraitu behar dugu lanean independentzia energetiko ahalik eta handiena izateko, eta baldintzatu ahal gaitzaketen kanpoko elementuekiko dependentziarik ez izateko. Hori beti izan da garrantzitsua, baina are gehiago azken urteetan ikusitakoak ikusita. Zentzu horretan, uste dut anbiziotsuak izan gaitezkela eta izan behar garela. EAEn enpresa oso indartsuak ditugu energiaren esparrukoak. Bakantasun oso berezia dugu, energiaren balio kate osoko enpresak baititugu: ekoizpena, garraioa edota biltegiratzea, baina baita erabilera industrialak edota mugikortasunari loturikoak. Adibideak jartzearren: Sarralle bezalako enpresak ditugu, labe industrialak garatzen ari direnak; edota Irizar edo CAF, mugikortasunaren esparruan egiten ari diren lanketarekin. Apustu guztiak beharrezkoak dira independentzia murrizteko. Horregatik, dugun enpresa maila dugulako, anbiziotsuak izan behar gara.
"Ildo beretik jarraitu behar dugu lanean independentzia energetiko ahalik eta handiena izateko"
Zein puntura arte sortzen du horrek guztiak industria berri bat ere?
Hori ere gakoa da. Batetik egun dugun industriaren eraldaketa gertatzen da, deskarbonizazio prozesua tarteko. Baina, bestetik, industria guztiz berria ere bada: garapen berriak dira, baina baita horri atxikitako zerbitzu berritzaile guztiak ere. Hidrogeno berdearen edo erregai berriztagarrien ekoizpenaz ari gara, eta, berriz diot, azpiegiturez eta osagaiez ere bai, ezinbestekoak direnak deskarbonizazioa egi bihurtzeko. Deskarbonizazio adimentsuak zerikusi handia du deskarbonizazioa aprobetxatzearekin teknologia eta industria garatzeko. Eta, esan bezala: balio kate osoko enpresak ditugu hor. Gainera, beste elementu gako bat da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarea, oso indartsua dena. 19 zentro baino gehiago dira.
"Deskarbonizazio adimentsuak zerikusi handia du deskarbonizazioa aprobetxatzearekin teknologia eta industria garatzeko"
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Saretik esan ohi dute erronketako bat izaten dela transferentzia teknologikoa. Zein puntura arte eskaintzen dio horri erantzun bat EICk?
Lehen aipatu dugun proiektuetako baten, zehazki, erregai berriztagarrien garapenerako hubean, lehenengo fasea da ezartzea zein den erregai berriztagarrien ibilbide teknologikoa. Ibilbide horretan, hiru fase bereizi ditugu. Lehena, etorkizuneko proiektu industrialak garatzeko beharrezkoak diren ildo teknologikoak identifikatu. Argi dugu behar industrialak halako iniziatibekin lerrokatu behar ditugula, baina betiere abiapuntua eskaria, enpresak behar duena, abiapuntu hartuta. Bigarrena, behin ildo horiek identifikatuta, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren euskal sarearekin lanean aritu proiektu horiek guztiak garatu ahal izateko. Eta hirugarrena, Living Lab eta Full Scalekin harreman handia duena, teknologia horiekin probak egitea ahalbidetuko duten azpiegituren garapena.
Ideia bat egiteko: 45 enpresa aritu dira proiektuan lanean, eta azkenean 28 ildo teknologiko antzeman dira ezinbestekoak direnak hainbat esparrutarako, tartean hidrogenoa, CO2 hartzea eta biltegiratzea eta bioerregai hidroelektrikoak.
28 ildo horietako bakoitzean askotariko proiektuak izango dira?
Hori da. Hidrogenoari loturikoan, esaterako, lau azpi-lerro antzeman dira, ekoizpenari, garraio eta banaketari, biltegiratzeari eta erabilerari dagozkionak.
EICtik trantsizio energetikoari loturiko ekintzailetza lerro jakinik ere lantzen ari al zarete?
Etengabe. Hori ezinbestekoa da. Ekintzailetza lerroak martxan jartzea, are start-upekin lankidetza sustatzea ezinbestea da trantsizio energetikoaren ildoan etorkizuneko proiektuak gara ditzaten. Hor oso gertu izan behar gara, eta garatzeko aukerak eskaini.
"Oso albiste ona da egungo instalazioetan okupazioa ia %100koa izatea, baina I+G+b hori garatzen jarraitzeko espazio handiagoak behar ditugu"
Elkarrizketa hasieran araudi eta fiskalitate autonomoa izatea abantaila dela esan duzu. Sakondu dezagun. Zeintzuk dira horren abantailak trantsizio energetikoko proiektuak bultzatzeari dagokionez?
Gaitasun autonomoa izateak araudiari eta fiskalitateari dagokionez ahalbidetzen digu testuingurua eman dadin proiektuak bertara etor daitezen. Zentzu horretan, ezinbestekoa da azpimarratzea erakunde publikoekin dugun gertutasuna eta jasotzen dugun babesa. Ekosistema industrial bereziarekin elkartuta, talde oso konpletoaz ari gara trantsizio energetikoaren prozesuaren lidergoa izateko etorkizunari begira, eta nazioarte mailan foku bezala har gaitzaten.
2026an martxan jarriko diren hainbat proiektu aipatu ditugu, baina zein beste helburu ditu EIC Fundazioak datorren urterako?
Living Lab eta Full Scalen obren amaieraz gain, proiektuen garapena ere badugu, alegia, Hard to zerorena, erregai berriztagarrien garapenerako hubarena eta hidrolinerarena, azken hori mugarri bat. Bestalde, gure proiektua eta ekosistema ezagutzera eman behar dugu, bai Espainian, bai nazioartean, eztabaidetan, foroetan, azoketan... parte hartuta. Proiektuen garapenean aurrera egitea ezinbestekoa da inbertsioa eta talentua erakartzeko. Esan bezala, ekosistema badugu horretarako. Eta beste puntua da bigarren fasearen oinarriak garatzen hastea. Oso albiste ona da egungo instalazioetan okupazioa ia %100koa izatea, baina I+G+b hori garatzen jarraitzeko espazio handiagoak behar ditugu. Horrekin berehala hasiko gara lanean.