• ENPRESAK GAUR
  • Lodosako Karey Solano enpresan 36 langile kaleratuko dituzte

Lodosako Karey Solano enpresan 36 langile kaleratuko dituzte

Zuzendaritzak ekainean abiatu zuen likidazioa egiteko konkurtso prozedura, baina langile ordezkariei irailean eman zitzaien erabakiaren berri

Langileek salatu dute enpresak "fede txarrez" jokatu duela | Argazkia: Europa Press
Langileek salatu dute enpresak "fede txarrez" jokatu duela | Argazkia: Europa Press
2025eko irailaren 22a - 12:44

Karey Solano enpresak likidazioa egiteko konkurtso-prozedura martxan jarri duela jakinarazi du CCOO sindikatuak. Oinetako zoletarako goma fabrikan, zeina Lodosan kokatuta dagoen, hogeita hamasei lagunek egiten dute lan gaur egun. “Oro har, antzinatasun handiko langileak dira eta batez besteko adina 50 urtetik gorakoa dute”, azaldu du sindikatuak.

 

Plantilla osoa kaleratzeaz haratago, enpresak gaizki jokatu izana salatu dute langileek, “fede txarrez, informazioa ezkutatuz eta langileak engainatuz” aritu baita. Izan ere, konkurtso prozedura ekainaren 25ean aurkeztu zen, eta delegatuei ez zitzaien inongo abisurik eman irailaren 9ra arte. Gainera, langileek uztaileko nomina berandu jaso zuten, eta oraindik ere ez dute abuztukoa kobratu; “prekaritate eta ziurgabetasun egoeran daude enplegatuak”, berretsi dute sindikatutik. Hori guztia gutxi balitz, ordezkariek salatu dute zuzendaritzak legezko gutxieneko kalte-ordainarekin kaleratu nahi dituela langileak, eta Fogasa Soldatak Bermatzeko Funtsera eraman nahi dituela.

2023-2024 kanpainan zehar asko saldu zuen enpresak, “etekin handiak izan zituztela” azaldu baitu CCOOk. Hala ere, stock asko saldu gabe geratu zen dendetan, eta, ondorioz, produkzioa makaldu egin zen. Arazoari aurre egiteko zuzendaritzarekin bilerak eskatu zituzten langile ordezkariek, baina enpresak “dena ondo” zihoala baieztatzen zuen etengabe. Hori esan bitartean, 2025eko apirilean zuzendaritzak konpainia bitan zatitu eta “berriro sortu” zuen Identifikazio Fiskaleko Zenbaki (IFZ) berriarekin: “Bereizketa horretatik jarduera dibertsifikatu egin da: Karey Solano SLU berriak zoletarako goma fabrikatzeko jarduerarekin jarraitu du, baina ondarea Ebro Activo izeneko enpresara pasatu da”, adierazi du sindikatuak.