• ENPRESAK GAUR
  • Kide Aholkularitza, Izarkom eta Ulmarentzat izan dira aurtengo Bai Euskarari Sariak

Kide Aholkularitza, Izarkom eta Ulmarentzat izan dira aurtengo Bai Euskarari Sariak

'Txinparta bizia euskararentzat' lelopean, Bai Euskarari ziurtagiria duten hainbat erakunde bildu dira gaur Donostiako Victoria Eugenia antzokian

Bai Euskarari sarien aurtengo irabazleak | Argazkia: Bai Euskarari Elkartea
Bai Euskarari sarien aurtengo irabazleak | Argazkia: Bai Euskarari Elkartea
2024eko ekainaren 20a
Eg. 2024eko ekainaren 20a

Donostiako Victoria Eugenia antzokian banatu dira gaur 2024ko Bai Euskarari Sariak. Euskararen erabilera areagotzeko lanean diharduten hiru erakunde saritu dituzte aurten: Kide Aholkularitza, Izarkom eta Ulma taldea. Txinparta bizia euskararentzat lelopean, Bai Euskarari ziurtagiria duten hainbat entitate izan dira gaurko topaketan, baita erakunde publiko zein elkarte askotako kideak ere.

 

Kide Aholkularitzak 2013tik du Bai Euskarari ziurtagiria. Enpresa nahiz norbanakoei aholkularitza juridiko nahiz ekonomikoa eskaintzen die Donostian eta Leitzan bulegoak dituen enpresa honek. Lantalde osoa du euskalduna, eta euskaraz lan egiteko hautua dute egina.

Izarkom Euskal Herriko telekomunikazio kooperatiba da, eta euskara zerbitzu edo lan hizkuntza izateaz gain, proiektuaren izaeraren oinarrietako bat da. 2021ean hasi zuten lanketa Bai Euskarari ziurtagiriarekin eta horretan dihardute egun.

 

Ulma talde kooperatibo industrialak ere aitortza jaso du. Urte asko dira euskara plana duela taldeak, eta 2006az geroztik dute Bai Euskarari ziurtagiria. Bai Euskarari elkarteak azaldu duenez, nazioarteko enpresa talde industriala izanik, beren jardunean, kanpora begira eragiteko euskara zabaltzeko ahalmen handia dute, eta horren alde apustu egin dute.