• ENPRESAK GAUR
  • KL katealegaiaren 4.500 metro koadroko lantegia eraikitzen hasiko dira Arrasaten

KL katealegaiaren 4.500 metro koadroko lantegia eraikitzen hasiko dira Arrasaten

130 lanpostu mantendu eta gutxienez 25 berri sortuko ditu lehen bi urteetan

Eraikin berriaren lehen harria jarri dute gaur | Argazkia: KL Katealegaia
Eraikin berriaren lehen harria jarri dute gaur | Argazkia: KL Katealegaia
2026eko otsailaren 18a - 16:11

KL katealegaiak 4.500 metro koadroko ekoizpen planta berria eraikiko du Arrasaten, San Andres auzoan, Fagor Etxetresna Elektrikoen lursail zaharrean. Instalazio berriak Aretxabaleta eta Bergarako jarduera bateratuko du, eta industria arloko hainbat sektoretan aritzeko prestatuta egongo da, hala nola, mugikortasunean, energian, autogintzan edo elektronikan. Helburua da eredua modernizatzea eta lehiakortasuna nahiz irisgarritasuna indartzea.

 

Lehen harria jartzeko ekitaldian parte hartu dute, besteak beste, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Mikel Torres Ekonomia sailburuak eta Maider Morras Arrasateko alkateak, baita Lanbide, Rural Kutxa Gizarte Ekintza eta Fundación ONCEko ordezkariek ere. Erakundeek nabarmendu dute proiektuak industria garapena eta gizarte konpromisoa uztartzen dituela.

KLko zuzendari Pablo Núñezen hitzetan, lantegi berria “pauso erabakigarria” da eskualdean industria proiektu sendo eta lehiakorra finkatzeko, eta aldi berean, desgaitasuna duten edo bazterketa arriskuan dauden pertsonentzat kalitatezko enplegua sortzeko. Mendozak azpimarratu du Gipuzkoak "balio humano eta solidarioetan oinarritutako ekonomia lehiakorrasustatzeko konpromisoa duela, eta lantegi berriak "ekarpen oso garrantzitsua" egingo diola Debagoienari.

 

Planta berriak gaur egun dauden 130 lanpostuak bermatuko ditu, eta gutxienez 25 postu berri sortzea aurreikusten da lehen bi urteetan. Etorkizunean, 200 langileko plantillara iristeko oinarriak ezarriko dira. Gainera, prozesuen modernizazioa, irisgarritasunaren hobekuntza eta lagundutako enplegu programen indartzea aurreikusten dira, industria jarduera aurreratuak garatzeko espazio egokiekin.